AHTak dakarren «sarraskiaren» berri eman dio ELBk Le Maireri

Frantziako Laborantza ministroak dio bere ustez ere «onura baino kalte gehiago» ekarriko duela tren lasterrak

BERRIA. Jenofa Berhokoirigoin. Ezpeleta

Abiadura handiko trenak (AHT) laborantza arloan egingo duen «sarraskia» aurkeztu zion ELBk Frantziako Laborantza ministro Bruno Le Maireri, atzo, Ezpeletan (Lapurdi). Ministroak Ipar Euskal Herrian egin bisitaz baliatu nahi izan du sindikatuak euskal laborariek dauzkaten hainbat kezkaren berri emateko.

«Ministro gisa ez, baina herritar gisa» mintzo dela zehaztu ondoren, Le Mairek aitortu die bera ere ez dela egitasmoaren beharraz konbentzitua, «onura baino kalte gehiago ekarriko» dituelako. Bestalde, hitzeman die egitasmoak dakarzkien ondorioen berri emango diela Dominique Bussereau Frantziako Garraio ministroari eta Jean Louis Borloo Ekologia ministroari.

Pozik atera zen bileratik ELBko lau kidek osaturiko delegazioa, «oso ongi» pasatu delako eta «entzunak izan garelako», Marie Christine Elizondo Urruñako laborariaren hitzetan.

Ber momentuan, Euskal Herriak bere laborari guztiak behar ditu eta AHTrik ez balderolak ipini eta berrogei bat laborari elkartu ziren herriaren sarreran, hogei bat traktore zituztela ondoan.

AHTaren bide berriak Lapurdin berean hamar bat etxalde desagerraraziko dituela azaldu dio ELBk ministroari. «Etxaldeak suntsitzeaz gain lanbideak, familiak» ere suntsituko dituela ohartaraziz. Kostaldeko laborarien desagertzearekin batera «laborari eta kontsumitzaileen arteko harremana desegiten» dela azaldu diote.

Botako diren etxeak berriro eraikitzeko orain arte laborantzari zuzenduak dauden lurrak hartuko direla salatu du ELBk. Laborariak «bi aldiz desjabetuak» izango direla salatuz.

Egitasmoaren defendatzaile sutsua den Alain Rousset eskualdeko kontseiluko presidentea bilera bukaeran agertu zen, «giro goxoan» iragaiten zen bilera «errespeturik gabe oztopatuz», Elizondoren hitzetan.

Dena den, «segurtamenez eta gogorki» AHTaren bide berriaren aurka borrokan jarraituko duela argi utzi nahi izan du laborarien sindikatuak.

Behi esnearen krisia aipagai

Behi-esne ekoizleek pairatzen duten krisiaren berri ere eman diote. Hau da, esne prezioa apalegia izanki, iaz gehienek diru sartze negatiboarekin bukatu zuten urtea. Ohartarazi diote aurtengo prezioa 2009koa baino %20 apalagoa dela. Hori ikusirik, ekoizleen geroa «dudazkoa» izanki, guztiak «desesperaturik» daudela dio sindikatuak.

Nahiz eta iazko irailean Zuberoako, Nafarroa Behereko eta Lapurdiko behi-esne ekoizleen %80k -baita Frantziakoek ere- hamabost eguneko greba egin krisiari konponbiderik ez zaiola ekarri dio ELBk. Merkatuaren antolaketaz gogoetatzeko sortu taldeak esnetegi eta ekoizleen arteko hitzarmenak garatu nahi dituela azaldurik, hori «segurtamenik gabe» ez dutela onartuko azaldu diote. Hau da, hitzarmenean «bizitzeko behar den prezio minimoa» finkatzea beharrezkotzat jo du sindikatuak. Bestalde, berretsi du esne ekoizpena merkatuaren arabera mugatu behar dela.

Horrez gain, mendietan dauden 120 etxaldeei eta lurrik gabeko 25 artzainei banaturiko diru laguntzak gutxituko direla esplikatu diote. Etxalde eta artzain horien zerrenda eskatu die Le Mairek. Elizondok azaldu duenez, baliteke ondotik «banan-banan» bakoitzari konponbide bat ekartzea Laborantza Ministerioak.

Paueko Laborantza Ganberak Baionan antolatu Baserria Hirian azokan baita Ezpeletako Piperraren AOC sor-markaren hamar urteen kari antolatu festan egon zen atzo Frantziako Laborantza ministroa.

Etiketa(k):