Nafarroa aberatsa izaten jarrai dezala nahi dugu!

     Nafarroan zehar bidaiatzen dugunean lurralde honen oparotasunaz jabetzen gara. Ohianak eta bailarak, mendiak eta zelaiak, belardiak eta gari soroak, mendi lerroak eta muinoak, errekak eta ibaiak, herri txikiak eta gazteluak, pinudiak eta ariztiak, pagadiak eta artadiak, baselizak, arkametsak, ezpela, arroilak, arroak, mendi tontorrak eta basamortuak. Iparraldetik hegoaldera eta ekialdetik mendebaldera ezaugarri ezberdinak dituzten paisaiek liluratzen gaituzte eta kontrasteek leku bakoitzaren edertasuna areagotzen dutela ikusten dugu. Erribera, Aralar, Sakana, Lizarraldea, Tafallaldea, Baldorba, Baztan- Bortziri-Malerreka, Pirinio, Leitza, Erro, Artze, Longida. Lurralde bakoitzaren bereizgarritasunak berezko kultura eta izaera ematen dio eskualde orori. Hizkuntza eta kultura adierazpen anitzak ditugu Nafarroan horren ondorioz. Hauxe dugu hau lurralde honen benetazko aberastasuna. 

    Tamalez azken urte hauetan anitzak izan dira aipatu aberastasuna eta edertasuna kolokan jarri dituzten egitasmoak. Zementuzko pasabideak, tunelak, mendi lerroak inbaditu dituzten ehundaka erraldoi itsusiak, bide asfaltatuak eta higaduraren ondorioz pobretutako zelaiak ugaritu egin direla ikusiko dugu gure zeharkaldietan. Itoizko urtegiak kultur altxorrak ziren baseliza eta herrixkak betirako desagertarazi zituen eta Nafar ubideak landaretza eta faunaren pasabide naturalak ebaki egin ditu lurraldea urratzearekin batera. Tiro poligonoa eta landaketa transjenikoak ere ezer onik ez digute ekartzen ez guri ez paisaiei.

    Argi dago aipatu egitasmoak diseinatu eta ejekutatzen dutenek diruzalekeriak itsutuak daudela eta ez direla aberastasun naturala eta kulturala estimatzeko gai. Garapen eta modernitatearen aitzakipean Zilbetiko harrobia, autopista elektrikoa, Abiadura Handiko Trena eta Olaztiko errauskailua, bataz beste, aurreko egitasmoei gehitu nahi dizkiete. Beraiek bezain itsutuak gaudelakoan daude eta gezurrak besterik ez dizkigute kontatzen egitasmo hauen onuragarritasunaz gu konbentzitzen saiatzeko. Esate baterako hazkunde ekonomikoa ekarriko digutela diote. Baina jakin badakigu hazkunde ekonomiko mugagabea ezinezkoa dela, baliabide naturalak mugatuak direla kontutan hartuz. Gainera, politikari eta enpresari harrapakariek ziria sartzen digute azpiegiturei dagokienez, iruzur ikaragarri baten bitartez . Izan ere egitasmoen kosto ekonomikoa beti gutxietsi egiten dute iritzi publikoak onar ditzan baina jakin badakigu egitasmoak gauzatzerakoan  kosto ekonomikoa izugarri haunditu egiten dela eta azkenean guk geuk ordaindu beharko dugula sortutako zorra gure poltsikoetatik.

    Azken finean, AHT eta azpiegitura handiak gauzatzen dituztenek lehentasuna ematen diote diruari herrien  beharrak albo batera utziz. Gauzak honela, hau guztiaren aurka borrokatzeko jendarte eredu hau irauli behar dugulakoan gaude. Lurraren defentsa ezinbestekotzat jotzen dugu gure eskubide kolektiboak defendatzeko. Euskera, euskalkiak eta kultur aniztasuna aldarrikatzeko. Aske eta lasai bizi ahal izateko. Ildo honetan bat egiten dugu munduko hainbat bazterretan garapen egitasmo eta   baliabide naturalen ustiaketaren aurka erresistitzen ari diren jatorrizko herri eta komunitateekin.

    Horrexegatik egonen gara Iruñean larunbata 26an arestian aipatutako egitasmoan aurka egingo den manifestazioan. Nafarroak aberatsa izaten jarraitu dezala nahi dugulako. Aberatsa, hauxe da abereen hatsa usaintzen jarraitu dezagun Nafarroan!