AHT da delitua: desobedientzia

AHT-ren aurkako hiru lagunen epaiketa eta elkartasun kontzentrazioa egingo dira gaur Gasteizko epaitegian

Gaur astelehenean, abenduaren 11an, eguerdiko 13'30etan, AHTren aurkako hiru lagun epaitu dituzte Gasteizko epaitegian, hain zuzen ere azaroaren 14ean AHTrentzat Lukun hasi dituzten eraikitze obrak salatzeko makinarian kateatzeagatik.
Fiskalak 120 euro eskatu ditu desobedientzia falta-gatik.

Epaiketa hori dela eta, Urbinan egiten ari den AHT EZ Erresistentzia Guneak gogor salatu nahi du Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Sustapen Ministerioak AHTren auzian darabilten jarrera inposatzailea eta errepresiboa.

Hiru pertsona hauek AHTren obrako bi garabitara kateatu ziren, beste 80 lagunek obren zonaldean protesta egiten zuten artean, egitasmo txikitzaile horrekiko ezadostasuna agertu eta obrak publikoki salatzeko. Horregatik, gaur eguerdiko 13'00etan elkartasun kontzentrazioa egingo da Gasteizko Epaitegian, “AHT DA DELITUA: DESOBEDIENTZIA” lemapean.

Urbinako Erresistentzia gunearen hilabete bateko balantze errepresiboa:

Urbinako AHT EZ Erresistentzia Gunea azaroaren 3az geroztik egiten ari da. Erresistentzia guneak hilabete honetan pairatu duen errepresioa 5 atxiloketan, 25 pertsonen aurka zabaldu diren prozesu judizialetan, eta Ertzaintzak nahiz Guardia Zibilak egindako 114 identifikaziotan gauzatu da. Aipagarriak dira halaber Gunearen inguruan eman diren etengabeko patrullak, bizilagunen identifikazioak, kontrolak eta auto miaketak, helikopteroen hegaldiak, zinpeko goardien despliegea, baita hiru bizikletaren lapurreta eta ezezagun batzuek ibilgailu bati eragindako kalteak ere.

Errepresioa ez da bidea, ordea, AHTren gatazka soziala konpontzeko. Horregatik, AHT EZ GUNEtik.desobedientzia eta erresistentzia zibilaren ildotik ekintzak egiten jarraituko dugu AHTren proiektu anti-ekologikoa eta anti-soziala gelditzearen alde.