Superporturik Ez, Kapitalismo berderik ere Ez!

EKINTZA KONTRAINFORMATIBOA DONOSTIAKO ERAKUSTALDI OZEANISTAN:

Pasa den igandean, martxoak 21ean, Donostiako AHTren aurkako taldeak ekintza kontrainformatiboa egin zuen. Donostian egun horretan ospatu den "erakustaldi ozeanista" dela eta, Jaizkibelgo superportuarekin batera Donostiako udalaren nahiz kapitalismo berdearen amarrukeriak salatzeko.
Banatutako esku-orria:

SUPERPORTURIK EZ, KAPITALISMO BERDERIK ERE EZ!

AHTren aurkako Donostiako taldekideok bat egiten dugu Jaizkibelgo Superportuaren bidez itsasertzean gauzatu asmo den atentatuaren aurka zabaltzen ari diren ahotsekin, balio natural handiko zonalde batean inposatu nahian ari zaizkigun eta interes kapitalisten mesedetan baizik ez doan makro-proiektu horren zentzugabekeria salatuaz. Gainera, gatazka sozio-anbientalen gaineko Donostiako udalaren jarrera ezaugarrituaz datozen hipokrisia, zurikeria eta oportunismoaren gain harreta deitu nahi dugu. Egia esan, geure inguruan proiektaturiko egitasmo txikitzaileen harira erakutsi izan duen jarrera, konplizitatezko funtsezko alderdi bat dugu: Jaizkibelgo Superportua, AHT, autobia eta autobideen sarearen etengabeko hedapena, Hondarribiako aireportuaren handitzea, Zubietako erraustegia nahiz makro-kartzela, urbanizatze porrokatua... aurrera eraman nahian dabilen eredu jasangaitz eta txikitzailearen adierazle egokiak dira. Monpasen egin asmo den pasabidea, kasu, ez da politika suntsikor horren “ginda” turistikoa baizik.

Horregatik, Donostiako erakustaldi ozeanista honen burutzeak, jasangarritasunezko irudi faltsu bati eta hiriaren sustapen turistikoari zuzenduriko marketinaren ildoari soilik erantzuten diola uste dugu. Exhibizionismo hutsa besterik ez da, 2016an Donostiaren “kultur hiriburu europarrerako” hautagaitzarekin loturiko azpijoko publizitarioa, hiriaren merkaturatzearen seinale gisa ere uler litekeena. Manipulazio honen beste adibide bat, hiriko zenbait markesinatako “Donostia-Baiona Eurohiria” deiturikoaren iragarkietan aurkitzen dugu: kasu horretan, “Club Vasco de Camping” elkarteak Jaizkibelen buruturiko mendi martxa baten argazkia, non elkartearen J.M. Alquezar lehendakaria itsasoa bizkarrean duela eta Superportuaren eragina argi eta garbi salatuaz ageri baiten, era lotsagarrian“Eurohiria”ren egitasmo metropolitano hori sustatzeko erabiltzen da; eta era lotsagarrian diogu, aipatu “Eurohiri” horren “Liburu Zuria”k proposatzen duen azpiegitura plan beldurgarriaren baitan, Jaizkibelen hain zuzen ere “Bilboko portu berriaren moduko kanpo portu handi bat eraikitzea” xedatzen baita.
Argi dago, hala Jaizkibelen nola AHTaren proiektuan, pairatzen ari garen naturizidio erraldoia “garapen jasangarriaren” bitartez zuritu nahi dutela. Hona ailegaturik, boterearen lengoaia ekologista salatu nahi dugu, euren mesedetan ingurumenaren txikizioak herritargoarengan pizturiko egonezina sosegatu, leheneratu eta hondatzeko modu bat besterik ez baita. Hain zuzen, ekonomiaren indarrak gero eta suntsikorragoak direnean, kapitalismoak darabilen lengoaia are ekologistagoa bilakatzen zaigu.

Hala, ingurumenaren leloa izebergaren punta baino ez dela adierazten dugu: ke beltza eta kutsaturiko itsasoak ikusten ditugu, baina ez auto elektrikoen fabrikazioak ez eta itsasoaren suntsipenaren maila jasangarri bat erabakitzeak dute ezer konpontzen. Arazoen iturburura jo beharra dago, eredu ekonomiko, politiko eta sozialari dagokion auzia baita hauxe. Azken batez, kapitalismoaren kritika erradikal bat eratu beharra dugu, Jaizkibelgo itsasertza bezalako guneak defendatzeko baizik ez bada ere.

Hau guztia dela eta, uste dugu gauza bakarra zaigu premia larriko: txikizioa gelditu eta gizartea beste oinarri batzuetan antolatzea, Natura txikitzean gizakiaren bizi baldintzak txikitzen baitira. Soilik beste era batera bizitzeko borondate eta eraldaketa sozial erradikal batekin da posible basakeria honen etetea, komunitatea ordenamendu sozial nagusitik bereizirik birreraikiaz. Garai gogorrak datoz, eta are gogorragoak izango dira oraintxe bertan lanari ekin eta gogoeta sakon bat bultzatzen ez badugu.

Geure protestak aurrekoari dagokion ekarpena izan asmo du; halaber, zuen iritziak jasotzeko prest gaude.

Donostiako AHTren aurkako taldea.

Etiketa(k):