Batasunak Durangon AHTren aurkako manifestaziora joateko deia egin du

GARA. BILBO

Durangon gaur 17.00etan Abiadura Handiko Trenaren aurkako manifestazioa abiatuko da erakustazokatik, eta Batasunak herritarrei bertan parte hartzeko deia egin die. Proiektua gelditzeko «garaia» dela nabarmendu du.

Modu berean, joan den igandean Itsasondon izandako herri-kontsulta txalotu du talde abertzaleak, bai herritar gehienek proiektuari ezetz esan ziotelako baita «demokraziaren ariketa eredugarria» izan dela uste duelako ere. Batasunaren iritziz, Lakuako eta Madrilgo gobernuek egin ez dutena egin du Itsasondoko Udalak: «Informazioa eman, eztabaida egin eta alde bateko eta besteko argudioak mahai gainean jarri». «PNVri eta PSEri emaitza horiek errespetatzea baino ez zaie gelditzen», nabarmendu du Batasunak.

Bestalde, Jean Louis Carrere Akitania Kontseiluko lehendakariordeak atzo berretsi zuen AHT linea berria eraikitzeren alde dagoela. Berdeek proiektua bertan behera uzteko eskatu dute, eta Carrere eraikitzeko baimena ematearen alde agertu zen. «Baimenaeman orduko, 2015a bitartean, aztertu egin beharko da enpresariak salgaiak trenetatik pasatzearekin engaiatzen diren. Hala ez bada, horretan ikusten ahalko da proiektua bertan behera uzten den edo ez», esan zuen. Hartara, egitasmoa gaur geldituko balitz, hamabost urte barru berriz proiektu bat aztertu beharko litzatekeela esan zuen. «Eta, bitartean Pirinio guztietako haranak kamioiez beteko dira», bukatu zuen.