AHTren aurkako Urbinako erresistentzia gunera joateko deia egin dute Durangon

BERRIA. ERREDAKZIOA

4.000 lagun inguru elkartu dira Durangon, trenaren lanak bertan behera utz ditzaten eskatzeko. «Hain ona eta beharrezkoa bada, zergatik informazioa ezkutatu?». Abiadura handiko trenaren (AHT) inguruan dagoen «informazio eskasia» salatzeko eta AHTrik ez dutela nahi lau haizeetara zabaltzeko manifestazio jendetsua egin zuten atzo arratsaldean Durangon (Bizkaia), Herria ez odolustu! AHTrik ez! lelopean. Antolatzaileen arabera, 3.000-4.000 lagun elkartu ziren. «AHTren aurka Durangon egindako manifestazio handiena, dudarik gabe». Herenegun jakinarazi zuen moduan, Batasunak ere bat egin zuen AHTren aurkako manifestazioarekin.

«Arabako Luku herrixkan hasi dituzte lanak eta Bilbo-Gasteiz ibilbideko hainbat eraikin proiekturen eskaintza publikoa ere egin dute; gure eskualdearen kasuan, Elorrio-Arrasate eta Durango-Abadiño artekoak eskaini dituzte. Baita Eskoriatza eta Legutio arteko bi tarte ere. Baina benetako kalte ekologiko, ekonomiko eta soziala ez dute azaltzen», salatu zuten atzo Durangaldeako AHT Gelditu! Elkarlana plataformako ordezkariek. «Egoera larria da eta erantzun beharrean gaude». Jada egiten ari diren lanen inguruko salaketa egiteaz gain, Urbinan (Araba) sortu duten AHT Ez erresistentzi gunera joateko eta bertatik abiadura handiko trenaren kontrako mezuak zabaltzeko ere eskatu zieten plataformako ordezkariek herritarrei.

INFORMAZIO BANAKETA. Durangaldeako AHT Gelditu! Elkarlana plataformako ordezkariek eztabaidaren bat edo beste izan dute azken aldian Eusko Jaurlaritzako ordezkariekin eta Durangoko Udalarekin. «Izan ere, Durangoko udalbatzari eskatu genion publiko egiteko Jaurlaritzak bertan utzitako eraikin proiektuaren planoak, baina ez dugu erantzunik jaso. Hain ona bada, zergatik ezkutatzen dute informazioa?».

Isiltasun horrekin haserre daude AHTren kontrako plataformako ordezkariak. Atzoko manifestazioa haserre horri kanporatzeko baliatu zuten. «Garapen ereduari buruzko eztabaida sakon eta irekia eskatzen dugu, eta baita proiektu hau berehala gelditzeko ere».

Informazioa eskatu eta ez dutela jasotzen ikusita, plataformako ordezkariek eurek hartu dute euren gain planoak herritarrei erakusteko ardura. «Kostata, baina lortu ditugu plano horiek. Oso argi ikusten da AHTk zer eragin izango duen eskualde honetan, eta ziurrenik horregatik ez dute publiko egin nahi izan». Durangoko auzo guztietan hasiko dira bihar informazioa banatzen, eta datozen egunetan Durangaldeko gainerako herrietan ere banatuko dute informazioa. «Herritarrek azpiegituraren ibilbidea ezagutzeaz gain, lanei ekiteko egingo dituzten desjabetze guztiak ere ikusi ahal izango dituzte».

Plataformako ordezkarien hitzetan, «eredu ekonomikoen ondorioa» da AHT. «Makroproiektu bat da, gure lurraldea garraio fluxurik handienetako bat izango da. Globalizazioaren interesei erantzuten dien proiektu erraldoia da. Eredu hori errotik jasanezina da, garraioen hazkunde esponentziala dakarrelako». Hain zuzen ere, eredu horri aurre egiteko «isiltasuna eta pasibotasuna alboratuta» aurrerantzean AHTren aurka egingo diren deialdiekin bat egiteko eskatu zieten herritarrei. «AHT gelditzeko errezeta badaukagulako: informazioa, mobilizazioa, erabakitzeko ahalmena, desobedientzia zibila eta geldiezina den oihua».