Oreretako INEMen sartu gara xahuketa salatzen

Oreretako INEM bulegoan sartu gara 15 laguneko jende taldea goizeko 10ak inguruan, gobernuak azpiegitura erraldoien eraikuntzan egiten duen diru xahuketak langabezia areagotzen duela salatuz.
Bulegoko jende eta langilearen artean eskuorriak banatu, hormetak kartelak pegatu eta ondoren sarreran eseri eta komunikatua irakurri dugu.
Gero, goizeko 11etan kontzentrazio dago deitua Oreretako INEMen aurrean.

Y vasca=10.000 miloi euro
Jaizkibelgo Superportuade=1.500 miloi
PEIT=50.000 miloi

Komunikatua:

AHTaz ABERASTEN, GEROA HIPOTEKATZEN

Gaur INEM-en bulegora etorri gara Abiadura Handiko Trenaren (AHT) eta gainontzeko azpiegitura handien eraikuntzan gobernuak egiten ari diren xahuketa ekonomiko ikaragarriaz informatzeko eta hori salatzeko. Izan ere, egungo krisi sozial, ekologiko eta ekonomikoa kontuan hartuz, premia sozialen kaltetan azpiegitura erraldoi horietan milaka milioi euro gastatzea klase herrikoien ondoeza ekonomikoa larriagotzera daraman burugabekeria dela uste dugu.

Krisi ekonomiko honen ondorio dramatikoenak langabetuen goranzko kopurua, bizi baldintzen txirotzea eta bazterketa sozial hazkorra direnean, gobernuen gastu eta eskubide sozialak murrizten dituzte, eta aldi berean, baliabide publiko kopuru izugarriak (4859€ EAEko biztanle bakoitzeko) AHT zein beste azpiegitura lan-handietara desbideratzen dituzte, enpresarien patrikak loditzeko: 10.000 milioi euro Euskal Herriko AHTrentzat, 1.500 milioi Jaizkibelgo Superporturako, 250.000 milioi euro Espainako Garraio Azpiegituren Plan Estrategikoarentzako... Zinez, gobernuen AHTri eta azpiegiturei egozten dizkieten balizko bertuteak egia balira (lanpostuen sorrera, kohesio soziala, etab.), Estatu espainiarraren egoerak arras ezberdina izan beharko zukeen eta krisia apenas nabarituko zen hemen. Ez dirudi gauzak horrela direnik ordea.

Jakina, AHT eta azpiegitura handiak zuritu asmoz, egitasmo horiek arazo sozialen eta langabeziaren konponbidea bailiran agertzen dizkigute. Baina errealitatean, azpiegitura horiek ez dira gizartearen gehiengoaren beharrak asetzeko egiten, eta are gutxiago langile klasearentzat. Aitzitik, AHT buruzagi politiko eta ekonomikoen pelotazo itzel bat da, gero eta abiadura azkarragoan kapitalen fluxuak (exekutibo eta buruzagiak alde batetik, turistak bestetik) bermatu nahi dituen garraiobide klasista da. Gezurra da erabat azpiegitura erraldoi horien lekuko langileei onura ekonomikorik ekartzen dienik. Ikus bestela, adibide moduan, Muskizko kasua Bizkaian: bertako biztanleria ez da aberastu eta ez onuradun atera gertu-gertuan duen Bilboko Superportua edota tumore bar bezala itsatsi dioten Petronor errefinategia direla eta.

Finean, AHT dirua azkar pilatzeko aitzakia besterik ez da neurri handi batean. Klase kapitalista eta burokratikoak betidanik lanaren esplotazioari, espekulazioari, korrupzioari eta ingurune naturalaren txikizioari esker aberastu dira, horiek guztiak beraien ekonomiaren hazkunderako baliatuz. Ekonomia kapitalistaten “aurrerapen” desastrosoak porlanean eta hondamendi ekologikoan, insolidaritatean eta herritarrek gure bizibaldintzen gainean dugun kontrolaren galeran hezurmamitzen dira gero, sistema honek pertsonen autonomia errealari lagundu barik, hori ukatu eta beste modu batez bizitzeko aukerak bortizki suntsitzen dituelako.
Hori denagatik, AHT eta azpiegitura lan-handietan egiten ari den xahuketa itzela salatzen dugu, milaka lagun babes sozialik gabe gelditzen ari diren bitartean. Aipatutakoari men egin gabe, egungo eredu ekonomiko eta sozial esplotatzailea, injustua eta suntzitzailea errotik zalantzan jartzeko premia aldarrikatzen dugu.

AHTren Aurkako Asanblada