AHT GELDITU! Elkarlanak Itsasondoarrak zoriondu eta Durangoko ostiraleko manifestaziora deitzen du

Datorren ostiralean denok Durangora herriari hitza eman eta inposizioari aurre egiteko

AHT Gelditu! Elkarlanak Itsasondoko herritarrak zoriondu nahi ditu igandeko herri-kontsultaren emaitzak direla eta. Pozez ikusi dugu Itsasondoko Udalak herritarrei AHTaren aferan prozesu parte-hartzailea zabaldu izana, ekimen eredugarriaren bidez informazioa zabaldu, aldeko zein kontrako iritziak entzun daitezen bermatu eta herritarrei hitza eman dielarik.

Halaber, esan gabe doa Elkarlanean ari garen eragile sozial, sindikal eta politikook gustura hartu dugula herri-kontsultaren emaitza. Berriro ere ikusi ahal izan dugu jendeak informazioa eskura daukanean, eztabaidatzeko aukera eskaintzen zaionean eta ondoren bozkatzeko aukera ere, gehiengoak aurka egiten duela.

Itsasondon bozen %88k Abiadura Handiko Trenaren kontra izateak erakusten du, berriro ere, herritarrek aukera dutenean egitasmo erraldoi honen inguruan iritzia emateko, aurka azaltzen direla. AHTaren aldeko botuak %10ean geratu izanak argi eta garbi frogatzen du inposizioaren tamaina: bozka demokratikoak gora behera, Ibarretxeren gobernuak eta Zapaterorenak aurrera egingo omen dute, “interes orokorraren” mesedetan. Guk, ordea, zera galdetzen diegu agintariei: zein tokitan kokatzen da zehatz-mehatz interes hori? herritarrek antzemateko orokorregia al da?

Gauzak horrela, AHT Gelditu! Elkarlanak exijitu egiten die Eusko Jaurlaritzari eta Estatu Espainoleko Gobernuari AHTerako abiatutako lanak gelditzeko eta benetako prozesu esku-hartzailea zabaltzeko. EAEko garraio sailburuak eta lehendakariak oso argi badute gizartearen gehiengoa AHTaren alde dagoela, erraz dute frogatzea: galde diezaiotela herriari.

Herri mugimendu hau sinetsita dago euskal jendartearen gehiengoa azpiegitura txikitzaile honen aurka dagoela eta horregatik espero dugu beste Udal batzuek ere, Urbinak, Gasteizko hogeiek eta Itsasondok egindakoari jarraipena ematea.

Berriki argitara emandako Atxondo herriarentzako Abiadura Handiko Trenak eragingo lituzkeen kalteen inguruko txostenak erakusten du zein larriak izan daitezkeen eraginak, ingurumenerako ezezik herritarren bizi-kalitaterako ere. Ildo horretan, jakin nahi genuke “Euskal Y” deituriko ibilbidean diren zenbait herriren agintariek halako ikerketarik agindu duten, egitesmo asmorik duten edo ez al dien ezertxo ere axola AHTak ekarriko lituzkeen aldaketa itzelek.

Agintekeriaren ezaugarrietarikoa da informazio gardentasun eza, errepresioa eta kontrol poliziala diren bezalaxe. EAJ-k eta PSOE-k errepresioaren bidea aukeratu dute eta aste gutxitan ia berrehun pertsona identifikatu dituzte, hainbat atxilotu eta poliziaren bidez herriak okupatu. Batez ere Urbinan ari dira halakoak jazotzen eta horren arrazoia erantzun bizi eta baketsu bezain irmoaren aurrean beldur diren seinale. Horregatik AHT Gelditu Elkarlanak abenduaren 6tik 10era AHT EZ Guneak deituta Urbinan izango diren mahai inguru, kontzertu, mendi-martxa, hitzaldi eta abarretan parte hartzera animatzen dugu jendea.

Amaitzen joateko, esan beharra dugu AHTaren kontrako deiadarra gero eta ozenago entzuten dela, lekarzkeen kalteen inguruko kontzientzia handitzen ari den seinale. Mobilizazioetan parte-hartzen ari den jende kopuruak gorantz egin du, protesta herrikoiak zeharo hedatu dira eta azken asteotako Vocento enpresaren El Correo eta El Diario Vascoren gezurkeriak eta krimininalizazio saiakera lotsagarriek ez dute lortu jendartea nahastea. Euskal gizarteak dagoeneko badaki Abiadura Handiko Trenari oposizioa egiten diharduen mugimendua erabat zabala dela, anitza eta hainbat talde ekologista, sindikatu, alderdi politiko eta abar ari garela lanean, aspalditik, serio eta zilegitasun osoz. Halaber, ez dugu zalantzarik gure mobilizazioek eta eragiteko moldeek gizarte osoaren begirunea eta gehiengoaren atxikimendua dutela.

Kriminalizazio saiakera hauei behar bezala erantzuteko, Itsasondoarren igandeko erabakia errespeta dadin exijitzeko eta azken hilabeteko errepresio lotsagarriari erantzuteko, ezin aukera hobea dugu herritarrok ostiraleko Durangoko manifestazioan. Liburu eta Diska Azokatik arratsaldeko 5etan hasiko den manifestaziora joatea izango da erarik egokiena gehiegikeriari eta inposizioari erantzuteko.

AHT Gelditu! Elkarlana (Ekologistak Martxan, LAB, EHNE, Hiru, Eguzki, Segi, Zutik, AHT-ren Aurkako Asanblada, Batasuna, ESK, STEE-EILAS, Aralar, Lurra, Arrasate, Urretxu, Ordizia eta Beasaingo EB)