AHT Gelditu! Elkarlanak Itsasondoko galdeketaren emaitzak txalotu ditu

GARA. DONOSTIA

AHT Gelditu! Elkarlanak Itsasondon egin zen herri galdeketaren emaitzak txalotu ditu, eta jendeak aukera ematen zaionean proiektuari ezezkoa ematen diola gogorarazi du. Alde horretatik, EAJri eta PSOEri proiektua geldiarazteko eta eztabaida abiatzeko eskatu die. Herritarrei, berriz, etzi Durangoko manifestaziorako deia egin die.

AHT Gelditu! Elkarlanak Itsasondoko herritarrak zoriondu zituen atzo, Gipuzkoako herrian igandean egin zen herri galdeketaren emaitzak baloratzeko egin zuen agerraldian. «Pozez ikusi dugu Itsasondoko Udalak herritarrei AHTren aferan parte-hartzean oinarritutako prozesua zabaldu izana, ekimen eredugarriaren bidez informazioa zabaldu, aldeko zein kontrako iritziak entzun daitezen bermatu eta herritarrei hitza eman izana», adierazi zuten elkarlaneko kide Mila Elortzak eta Jon Artetxek; eta Urbinak, Gasteizko hainbat kontzejuk eta Itsasondok irekitako bideari jarraipena emateko eskatu zien udalei.

Era berean, elkarlana osatzen duten eragile sozialek, sindikalek eta politikoek herri kontsultaren emaitza gustura hartu dutela gogorarazi zuten. «Itsason- don bozen %88 AHTren kontra izateak erakusten du berriro ere, herritarrek aukera dutenean egitasmo erraldoi honen inguruan iritzia emateko, aurka azaltzen direla», ekarri zuten gogora.

AHT Gelditu! Elkarlanak beste behin Lakuako eta Madrilgo gobernuei abiatutako lanak gelditzeko eta esku hartzean oinarritutako benetako prozesua zabaltzeko eskatu zien. «EAEko Garraio sailburuak eta lehendakariak oso argi badute gizartearen gehiengoa AHTren alde dagoela, erraz dute frogatzea: galde diezaiotela herriari», proposatu zuten.

Halaber, AHTk «ingurumenerako ez ezik, herritarren bizi kalitaterako ere» izan ditzakeen ondorio larriak ahotan hartu zituzten eta adibide gisa aipatu zuten Atxondori dagokionez egin den txostena. «Ildo honetan jakin nahi genuke ‘Euskal Y’a deituriko ibilbidean diren zenbait herriren agintariek halako ikerketarik agindu duten, egitasmo asmorik duten edo ez al dien ezertxo ere axola AHTk ekarriko lituzkeen aldaketa itzelek».

Elkarlanaren iritziz, AHTren kontrako deiadarra gero eta ozenago entzuten da, «lekarzkeen kalteen inguruko kontzientzia handitzen ari den seinale». Protestok ikusita EAJk eta PSOEk aukeratu duten bidea errepresioarena dela kritikatu zuten eta hainbat pertsona identifikatu eta atxilotu dituztela ekarri zuten gogora. «Batez ere Urbinan ari dira halakoak jazotzen eta, erantzun bizi eta baketsu bezain irmoaren aurrean beldur diren seinale».

Bide beretik jarraitzea beharrezkotzat jo zuten Elortzak eta Artetxek eta etzi Durangon egingo den manifestaziora joateko deia egin zuten beste behin ere. Protesta ekitaldia arratsaldeko bostetan abiatuko da Liburu eta Disko azokatik.