AHTren Aurkako Asanbladak larunbateko Manifestaziora deitu du

AHTren Aurkako Asanbladak herritar guztiei dei egiten die datorren larunbatean Hendaia eta Irun artean “AHTrik EZ! Proiektu txikitzaileak gelditu!” lelopean AHT GELDITU! Elkarlanak eta Iparraldeko Ingurumenaren Defentsarako Elkarteen Batzordeak (CADE) batera antolatu duten manifestazioan partehartzeko, arratsaldeko 4etan Hendaiako tren geltokitik abiatuta. Euskal Herri osoko AHTren aurkako herri-taldeak eta mugimenduak bilduko dituen mobilizazio honek Bidasoaren bi aldeetako jendeak elkartu nahi ditu beraz, AHTren egitasmoak ingurumenari, jendarteari eta ekonomiari eragiten dizkien kalte larriak salatu eta proiektu txikitzaileekiko arbuio soziala indarrarekin kaleratzeko.

Halaber, manifestazio honen karira, larunbata goizean hainbat herrialde desberdinetako AHTren aurkako herri mugimenduen topaketa egingo dela Hendaian: Euskal Herria, Espainia, Frantzia eta Italiako eskualde desberdinetan AHT egitasmoen aurka borrokatzen duten hainbat talde elkartuko gara, elkarren artean borroka esperientziak trukatzeko eta gure ikuspegi eta aldarrikapen amankomunen inguruan eztabaidatu eta adierazpen bateratu bat egiteko. Topaketa hori goizeko 9’30etan hasiko da Hendaiako erdigunean dagoen azoka zaharrean (“Les Halles”), eta Europako hainbat lekutan AHTren aurka sortu diren AHTren aurkako herri taldeen artean harreman estuago batzuen aukera emango du.

Mobilizazio hau, Iparraldeko herritarren artean abiadura handiko tiranoek dakarten arpilaketa eta triskantzaren gaineko kontzientzia nabarmen hedatzen ari den unean egingo da. Egun, denok gara jakitun Euskal Herrian dauden egitasmoak (AHT, Jaizkibelgo Superportua, Hondarribiako aireportuaren luzatzea, autobide/autopista berriak eta berauen haunditzeak…) urrutiko bulegoren batean diseinaturiko interes ekonomiko eta politiko ilunen menpeko direla. Herritarren eskaerei muzin eginez, ingurumen eragin larriei ezikusia eginez eta egoera ekonomiko latzean gauden langile, ikasle eta langabetuen bizkar, dirutza publikoa lotsagabeki xahutzen dute.

Guzti honen gibelean gizatasunik gabeko kapitalismo basatia dago. Hortaz, ezinbestekoa da jendarte eredu berri bateruntz abiatzea: gertutasunean eta eskala txikian oinarrituriko gizartea, ekonomia erlazioak lekuan lekuko beharretan oinarritu, herrietako bizitza eta kultura sustatuko dituena. Eta borroka hortan, pertsonen arteko hartu-eman zuzenetan antolaturiko herri-mugimendu autoorganizatuen aldekoak gara, botereak eskeintzen dituen eztabaida faltsuetan eta tranpetan erori gabe.

Hori denagatik, jende guztiari dei egiten diogu larunbatean AHTren aurkako mobilizazio eta eztabaida egun garrantzitsu honetan partehartzeko, AHT eta desarrollismoaren aurkako borrokari bultzada berri bat emateko.

AHT-REN AURKAKO ASANBLADA

iruzkin 1 for 'AHTren Aurkako Asanbladak larunbateko Manifestaziora deitu du'

1. Irrati kuña, autobusak, elkarlanaren deialdia

Irakurri AHT Gelditu! elkarlanak Hendaiako manifestaziorako egin duen deialdia.
Entzun irrati kuña eta elkarrizketa,
Ikusi zure herri ingurutik autobusik irtetzen den eta
apuntatu zaitez.
Irakurri, Entzun, Ikusi.