AHTren gaineko informazioa zabaltzeko konpromisoa eta ezezkoak, Goierrin

GARA. ORDIZIA
Goierriko AHT Gelditu! Elkarlanaren informazioa zabaltzeko eta herritarren erabakia jasotzeko mozioek erantzun ezberdinak izan dituzte eskualdeko udaletan. Ordiziakoak duen informazioa kaleratzeko konpromisoa hartu du, baina ez du galdeketarik egingo. Beasaingoak ezezkoa eman du, eta Legorretakoak mozioa ere ez du aztertu nahi izan.

Goierriko AHT Gelditu! Elkarlanak mozioak aurkeztu ditu eskualdeko udaletan, «herritarren informaziorako eskubidea eta iritzia emateko nahiz erabakitzeko eskubidea» bermatuak izan daitezela eskatzeko. Izan ere, udalei plataformaren eraikuntza proiektuaren esposizio publikoa egiteko eskatu diete baldintza birekin: lehenengo, bi astetan «ordutegi zabalean» egitea, eta galderak edo zalantzak argituko dituen teknikari baten laguntza izatea. Bi asteko epe horren ostean, proiektua liburutegian uztea planteatu dute, «herritarrek kontsultatu ahal izateko denbora izan dezaten».

Mozio horri erantzunez, Ordiziako Udalak duen informazio guztia erakusteko konpromisoa hartu duela jakinarazi du AHT Gelditu! Elkarlanak. Gainera, Lakuako Garraio eta Herrilan Sailarekin harremanetan jarri eta teknikariaren laguntza eskatzeko konpromisoa ere hartu duela argitu du, «hitzaldiak antolatzeko eta herritarren kezkei erantzuna emateko».

Ordiziako Udalak emandako urrats hori txalotu, eta, bestalde, «tamalgarritzat» jo du «ordiziarrentzako garrantzitsua den informazioa» gutxienez duela lau hilabetez geroztik udaletxean izanda, «mozio bat eztabaidatu arte» zabaltzeko pausorik eman ez izana. Era berean, galdeketa antolatzeari emandako ezezkoa kritikatu du. «Alderdiak markatutako lerro berari jarraitzen diola argi dago, eta herritarron oinarrizko eskubide bat zapaltzen dute», baloratu du herri plataformak.

Beasaingo Udalaren kasuan, mozio osoari «ezezko biribila» eman ziola esan du, eta erakutsi duten jarrera «oso irregularra» izan dela salatu du. Udal horrek zabaldu duen informazio bakarra orain bi urtekoa eta xehetasun gutxikoa izan dela azaldu du, eta, horrez gain, eraikuntza proiektu osoa ikusteko eskatutakoan, proiektua «ez zutela» erantzun dutela beti kritikatu du proiektuaren kontra dagoen herri ekimenak. Alkatearen hitzen sinesgarritasuna ere zalantzan jarri du; «jakinda Itsasondoko Udalak duela urtebetetik daukala proiektua eta Ordiziakoak gutxienez ekainetik». AHT Gelditu! Elkarlanak Udalak egingo ez duen lan hori bere gain hartu eta proiektuaren gaineko informazioa jasoko duela adierazi du.

Bestalde, Legorretan mozioa eztabaidatu nahi ez izateaz gain, erantzun eske joandako bakoitzean ezezkoa esan dietela salatu dute. Gainera, udal idazkariak berak esandakoaren arabera, «ez omen dakite» Plataformaren eraikuntza proiektua baduten ala ez, eta erantzuna «lotsagarria» dela adierazi du.

Hori horrela, «informazioa erabat eskasa» dela eta dagoena «propaganda hutsa» dela esan du AHT Gelditu! Elkarlanak. Ordizia-Itsasondo zatiari eta Beasaingo bi zatiei buruzko xehetasunak ere oso aurreratuta daudela jakin dutela adierazi dute.