HENDAIA-IRUN MANIFESTAZIOA, urtarrilak 23

Manifaren kartelaAHTrik ez! Proiektu txikitzaileak gelditu!

Irrati kuña mp3.

Urtarrilaren 23an, 16:00etan, Hendaiako tren geltokian.

AHT GELDITU! Elkarlanak dei egin nahi ditugu herritarrak, heldu den urtarrilaren 23an Hendaiatik Irunera AHTrik EZ! Proiektu txikitzaileak gelditu! lelopean Ipar Euskal Herriko AHTren bide berriaren aurkako elkarteekin batera antolatu dugun mobilizazioan parte hartzera. Manifestazio hori Hendaiako tren geltokitik abiatuko da, arratsaldeko 4etan, eta AHTren aurkako aldarria Irungo hiri-erdialdera eraman ondoren Bidasoako Santiagoko zubian amaituko da. Deialdi honen harira, Iparraldeko eta hegoaldeko AHTren aurkako herri mugimenduek elkarlanari aspaldi ekin ziotela adierazi nahi dugu. Une honetan, baina, AHTren gaian Estatu espainiarrak eta frantsesak inposatze-egitasmo bera dutela sekula baino nabarmenagoa da, eta ondorioz, bistakoa da gure borrokak eta argudioak guztiz elkar lotuta daudela eta osagarriak direla, eta oposizio bezala batean zein bestean egiten ditugun aurrera pausoek denok indartzen gaituztela. Hala, Lapurdiko eta oro har Ipar Euskal Herriko herri mugimenduarekin elkar lanean urrats bat aitzinera egin nahi dugu, eta horretarako, Hendaiatik Irunera egingo dugun manifestaldia indar erakustaldia izatea nahi dugu.

Mobilizaziorako deialdiarekin honako hau adierazi nahi dugu bestalde:

  • Parte hartze soziala, orain! Norabidez aldatzeko garaiz gaude! Ez dugu onartzen agintarien itxikeria eta jarrera makurra. Berandu baino lehen, benetako eztabaida soziala ireki, sustatu eta zabaldu beharra dago. Makina bat herritarrek, askotariko elkarteek, hainbat udalek, eta gehiengo sindikalak berak ere, behin eta berriz eta ozen egin dute AHTaren aurka. Aldarri eta eskakizun zilegiek, ordea, mespretxua jaso dute ordainetan. AHTarekin bezala, gure egunerokoa eta geroa zeharo baldintzatzen duten egitasmo eta azpiegituren gainean erabakitzeko ahalmena galdetzen dugu. Parte hartze sozialaren beharraz mintzo zaigu diskurtso ofiziala; aitzitik, hemen eta orain, funtsezko gaiei buruz ari garenean, murru gaindiezin batekin egiten dugu topo. Bada garaia eraisteko!
  • Propaganda ez, baizik eta informazioa fidagarria nahi dugu! Egitasmo honen bultzatzaileei zera galdetu nahi diegu: datuekin azal diezagutela zergatik den hain beharrezkoa AHTa, nola erantzungo dien jendarteak dituen benetako premiei, eta zein diren egitasmoak eragingo dituen inpaktuak (ekonomian, gizartean, ingurumenean, nekazaritzan, paisaian, etab.).
  • Eredu sozio-ekonomikoak nora garamatza? Horren porrotak bereziki gogor kolpatzen gaitu garai honetan. Arrazoi gehiagorekin, AHTaren eraikuntzak ekarriko lukeen itzelezko galera ekonomiko eta sozialaren dimentsioaz ohartarazi nahi dugu jendartea. Benetako premia sozialei erantzunik ematen ez zaien bitartean, sekulako dirutza xahutzen ari dira AHTa bezalako azpiegitura erraldoi batean. Krisi testuinguru honetan, justifika al daiteke gure zergetatik finantzatuko den 6.000 milioi eurotik gorako gastua (EAE-rako datua) ekarriko duen azpiegitura bat? Nola egingo diogu aurre tamainako zorpetzeari?
  • Ez dezagun trena gelditzeko trena galdu! Sinetsita gaude herritarren indar eta gaitasunean. AHTa ez dugu behar! Garestia da, jendartearen garraio beharrei ez die erantzun egokirik ematen, eta ingurugiroan atzeraezinezko kalteak eragiten ditu (dagoeneko eraikuntza lanak kalte larriak ari dira eragiten, baina garaiz gaude etortzear direnak saihesteko). AHTa eta antzeko egitasmo erraldoiak bultzatzen dituen eredua (energetikoa, soziala eta ekonomikoa) hondamendi ekologiko globalaren eta aldaketa klimatikoaren inguruko gailurren porrotaren erantzule ere bada. Barneratzen ari gara horrela ezin dugula luzaroan jarraitu, eta berehala erabaki eta neurri egokiak hartu ezean, ingurugiro eta gizarte aldetik orekatuagoa den eredu bateruntz egin ezean alegia, jendarte bezala etorkizunik ez dugula izango.
  • Lapurdin AHTren inguruko eztabaida publikoak egindako ibilbidea gogora ekarri nahi dugu. Urriaren 17an Baionan ikaragarrizko jendetza bildu zen abiadura handiko ibilbide berriaren aurka (12.000 lagun inguru). Iparralden inoiz egin diren mobilizazio jendetsu eta zabalenetakoa izan zen. Hango udal erakundeek aditu independenteei egitasmoaren beharra ikertzeko eskatu diete birritan; aurkeztutako txostenen ondorioek ez dute zalantzarako tarterik uzten, AHTa ez da bideragarria, eta ez da beharrezkoa. Eta egitasmo berberaz ari gara, finean. Horrek Euskal Y-aren bultzatzaileen argudioak bertan behera uzten ditu (salgaien garraiorako ezinbestekoa dela eta Europarekin abiadura handian lotura egiteko balioko duela).

Hori denagatik, AHT GELDITU! Elkarlanak urtarrilaren 23an Hendaiatik Irunera egingo den AHTren aurkako manifestazioan ahalik eta jende gehien biltzeko dei egiten du.

AHT GELDITU! ELKARLANA
2009ko abenduaren 27an.

Manifaren kartela

Etiketa(k):

2 iruzkin for 'HENDAIA-IRUN MANIFESTAZIOA, urtarrilak 23'

1. Entrevista mani Hendaia

Oreretako Zintzilik irratian Manifestazio honen inguruko elkarrizketa:
AHTrik EZ! Paremos la Destrucción

2. Hendaiako manifestaziora autobusak

Hainbat herritik irtengo dira autobusak Hendaiara, ikusi eta apuntatu.