Zuhaitzetan egon arren ez dira adarretatik joaten!

Lurratik 20 metrotik gora aldentzea erabaki zuten gazte batzuek duela hamar egun goitikan lurra bera defendatu ahal izateko. Beraiek ez dira adarretatik joaten diren horietakoak, auzien sustraietara jotzen dutenak baizik. “Erradikalak” alegia. Ehun ta hogei urteko pagoetan zintzilikatu ziren zuhaitzen mozketa salatu eta ekiditeko.

Legorreta eta Itsasondo herriek ezetz borobila esan zioten Abiadura Handiko Trenari bere garaian gauzatu ziren herri galdeketetan. Bi herrien artean dagoen Berostegi auzotik igaroko litzateke AHT zubiondo erraldoi baten gainetik. Egun ipuinetako bailara dirudien honetan mendiak, bertako zuhaitzak, ontto eta perretxikoak, sendabelarrak, larre berdeak, behiak, saldiak eta ardiak oparitzen dizkigu naturak. Eta hori guztia gutxi balitz ezin goxoagoa den ur freskoa ere ekartzen digu Zubin errekak mendiaren sabeletik.

Kortatu eta Olalde baserrikoek aurkakotasuna erakutsi zuten AHT beraien bailaratik igaroko zelaren berri izan zutenean. Ez da harritzekoa. Baserriak bere inguru naturala behar du eta nekez mantendu ahal izango dituzu zure nekazal iharduerak zubiondo itzela bailararen bihotzean eraikitzen badizute. Eta zer esanik ez AHTren zaratak inguruko biztanle eta animaliengan edukiko lukeen eragina!!!

Zuhaitzetako ekintzaileen agiriak zioenez “lur kaltetu hauek nekazaritza eta abeltzaintzatik bizitzeko hautu sendoa egin duen familiari dagozkie eta baserritar hauek AHTren inposaketaren aurrean erakutsi dute jarrera ttinko eta duina Jaularitzaren eta Espainako Gobernuaren ordezkarien xantaia eta presioei aurre eginez. Baserriko kideek bertatik bizi eta zaindu duten ondareez ari gara, eta dauden bezala edo ederrago utzi nahi dute beraien ondorengoek ere goza dezaten.” Horrexegatik guztiagatik zuhaitzei sustraietatik eutsiz, erresistentzia ekintza martxan jarri zuten zenbait lagunek.

Baina protestari muzin eginez ezin aberatsagoa den baso mistoa suntsitzeari ekin zioten egur motzaileek joan den ostegunean Espainako Polizia Autonomikoak “babestutak”. Naturaren hamaika urteko lan motelaren fruitua ziren haritzak, ezkiak, astigarrak, lizarrak, gaztainondoak, altzak, hurritzak eta zumalikarrak ziztu bizian desagerrarazi zituzten motozerrek. Ehun ale baino gehiago bota zuten eta horietako erdiek hirurogei urtetik gorakoak ziren. “Txaleko” enpresak zegokiona baino eremu zabalagoa ustiatu zuen gainera.
Beroketa globalaren aurka Jaularitza hartzen ari den neurriak izango dira akaso?

Berostegitik atera nahi duten tunelaren ondorioz, Zubin errekaren beste aldean dagoen baserri bat urik gabe geratu da dagoeneko. Lanak lur azpiko urak serioski ari dira kaltetzen eta tunelarekin jarraituz gero zerbait antzekoa gerta dakioke Zubin errekari.

Baso mistoek aberastasun erantsia daukate. Zuhaitzen sustraiek lurrari eusten diote erraietatik eta hezetasuna, euria eta edateko ur osasuntsua bermatzen dituzte. (Baita hain gustokoak ditugun ontto eta perretxikoak ere!) Beraien aurka heriotz zigorra ezartzea delito itzela izan beharko zuen. Nori dagokio horren gaineko erantzunkizuna hartzea?

Bizitzaren oinarriak diren ura eta lurra lotsagabeki eta legalki ari dira pikutara bidaltzen agintariak AHTren lanen bitartez..