Itsasondoko herritarrek dute hitza

GARA. ITSASONDO
«AHTren alde zaude, bai ala ez». Galdera horrexeri erantzuteko modua izango dute bihar Itsasondon, Udalak herritarren iritzia jasotzeko martxan jarritako prozeduraren barruko herri-kontsultan. Aurretik, ordea, herritarrak informatzeko ahalegin majoa egin du Itsasondoko Udalak, ezinbesteko baiteritzo «desinformazioaren zurrunbiloan» murgildutako makroproiektuaren berri ematea herriari. Aurretik Urbinako Udalak ireki zuen bidea, eta Gasteizko kontzejuetan ere egina dute herri-kontsulta ondotik. Batean eta bestean proiektuaren kontra agertu da gehiengoa. Itsasondoren txanda da orain.

Jose Manuel Izagirrek 78 urte ditu, Itsasondoko Iraola baserrian jaioa da eta bertan eman du bizitza osoa, «hango bazterretan lanean». AHTren proiektua bere lurretatik pasatuko ote den galdetu eta, «hala esaten dute», erantzun du etsita bezala. «Informaziorik ez didate eman, baina hemen inguruan ibiltzen dira noizean behin planoekin-eta. Zerbait badabiltza». Bere burua lasaitzeko-edo segidan esan du: «Hala ere, gehiena tunela dela esaten dute». Tristura ematen dio tren horrek bere lurrak erdibituko dituela pentsatzeak: «Baina ezin ezer egin, alferrik kontra egitea litzateke», bukatu du.

Ez du hori pentsatzen Olalde baserriko Aitor Esnaolak, garbi baitauka norbaitek proiektua gelditzekotan, gizarteak egin behar duela. Legorretako Olalde baserrikoa da Esnaola, Legorretak eta Itsasondok muga egiten duten tokikoa. Olalde baserrikoek Itsasondoko lurretan daukaten pinudi bat harrapatuko du AHTren proiektuak. Tunelaren hasiera aurreikusten da toki horretan, sarrera-irteera, alegia. Pinudiaren galerak baino triskantza handiagoa eragingo du, hala ere, obratik aterako den zaborra botatzeko pinuditik bertan eta baserritik gertu egin asmo duten zabortegiak.

Ez dago lasai, noski, baina azkenaldi honetan «ilusio pixka bat» baduela aitortu du Esnaolak. «Kontrako jarrera indarra hartzen ari dela dirudi, nahiz eta gizartea, zoritxarrez, nahiko lokartuta dagoen». «Erraza da baserritarra engainatzea, eta engainatu egiten da, bazterrean geldirik egon dadin metro koadroko hainbeste diru emango diotela esanaz», gaineratu du. Horregatik uste du gizarteak oro har egin behar duela indarra makroproiektua gelditzeko.

Zintzo-zintzo zera esan du: «Gure pinudian edo baserri inguruan egingo duten triskantzak ez dit kezka handirik sortzen, nire kezka orokorra da». Bere auzo inguruan bezalaxe Euskal Herriko beste hamaika txokotan «eraikiko duten monstruoak» kezkatzen du batetik. Eta, bestetik, gizartean oro har izango duen eraginak larritzen du: «Diru publikoarekin ordainduko dute gizarte honi erantzungo ez dion proiektu bat. Gainera, hasieratik gezurretan dabiltza».

Berak desjabetuko duten herritar gisa jaso duen informazioaren inguruan galdetuta, AHT Gelditu! plataformaren lana goraipatu du Esnaolak. «Izugarrizko lana egin du. Gure etxera etortzen lehenak eurak izan ziren». Ondotik hamaika ate jo dituzte, Legorretako Udalekoa, Lakuako Gobernukoa eta Gipuzkoako Aldundikoa, besteren artean. «Informazio eskasa eta interesatua jaso dugu horietan. Herritarrak lasaitu nahi dituzte gizarte honek Abiadura Handiko Trena behar duela, dena lurrazpitik doala, ez duela apenas eraginik izango eta halakoak esanez».

Hala ere, erakundeek zuzenean ez diote informaziorik helarazi, eta etxeko atarira noiz gerturatuko zaizkion zain dago. «Azkenaldian sumatu dugu hemen inguruan dabiltzala. Errepidetik hasten dira planoak ateratzen eta ezin diegu ezer esan. Zain nago etxeko atarira noiz etorriko diren, galdera asko dauzkat egiteko. Lehenengo nortzuk diren galdetu behar diet, beren datu guztiak emateko eskatu behar diet. Haiek gure datu guztiak badauzkate, nahiz eta guk ez dizkiogun inori eman», gaineratu du haserre Esnaolak.

Nahiago du, hala ere, haserreari baino indar handiago eman itxaropenari: «Proiektua gelditzeko garaiz baikaude», nabarmendu du. AHTren aurkako plataformaren jarrera «txapela kentzeko modukoa» dela iritzi dio desjabetutako herritar horrek: «Finean, haiek ez dira desjabetuak, baina eragindakoak dira, gizartearen parte direlako. Horixe izan behar da mezua, eragindakoak ez garela bakarrik desjabetuak, gizarte osoa dela eragindakoa».

Informazioa, ezinbestekoa

Ideia berekoa da Itsasondoko Udala. Alegia, AHTk gizarte osoari eragiten diola uste du, eta, horregatik, ezinbesteko deritzo gizartea informatua egoteari. Danel Perez zinegotziak agertu ditu helburu horrekin martxan jarri duten prozeduraren nondik norakoak.

«Iaz Agenda 21en barruan plangintza bat onartu zen, eta hor, besteren artean, herritarrek AHTren proiektuaren inguruan desinformazioa zutela jaso zen. Horregatik erabaki genuen prozedura parte-hartzaile bat martxan jartzea». Desinformazioa izan da, beraz, herri-kontsultarekin itxiko den prozeduraren abiapuntua.

Bi hilabeteko plangintza izan da. Hasiera batean teknikari bat herriko hainbat talderekin bildu zen AHTren inguruan zer zekiten jakite aldera. Emaitza adierazgarria izan da: «Inork ez daki ezer, zerbait entzun dute, baina ez dakite proiektuak nola eragingo dion herriari». Horregatik jardun dute azken bi hilabeteotan herritarrak informatzen, proiektuaren aldeko eta kontrako iritziak mahai gainean jartzen. «Asko kostatu zaigu proiektuaren aldeko iritzia biltzea, inork ez baitzuen etorri nahi», agertu du Perezek. Azkenean, Donostiako EAJko zinegotzi Xabier Ezeizabarrenak jarri zituen mahai gainean proiektuaren aldeko argudioak.

«Itsasondon ezingo da bizi»

Informazioa eta desinformazioa. Hitz horiexek hitzetik hortzera dabiltza AHTren proiektuari dagokionez. Itsasondoko Udalak ere ahalegin handia egin du proiektuaren gaineko informazioa eskuratzeko. Asko kostata duela urtebete inguru eraikuntzarako proiektua lortu zuen, Arloko Lurralde Planean zehazten dena ­orain Lakuako politikariak eta teknikariak beste plan bati buruz ari badira ere­, eta hori da Itsasondon eskuartean daukaten proiektu bakarra, bederatzi ale potolotan bilduta herriaren etorkizuna markatuko duen ibilbidea.

Izan ere, eta azkenean egiten bada, majo eragingo dio AHT proiektuak Itsasondo herriari. Arloko Lurralde Planaren arabera, Itsasondon aurreikusten da “Euskal Y” deritzonaren ibilbidea, batetik, eta Nafarroako sarearekin lotura, bestetik. «â€˜Euskal Y’ren trazadura magal batetik pasatuko da, lur azpitik, eta Nafarroako sarearekin lotura 500-600 metroko zubi batetik, etxebizitzen gainetik 60 bat metroko altueran, proiektuan zehazten denez». Hori eginez gero Itsasondoko etorkizunaz galdetuta Perezen erantzuna irmoa da: «Hori egiten baldin badute, Itsasondon ezingo da bizi».

Behin eraikita dagoenean eragin izugarria izango du Abiadura Handiko Trenak. Baina, egin bitartean ere ez dira makalak izango trabak. «Proiektu horretan zehazten denez, lan horiek egiteko hiru urtetan, 365 egunetan eta egunean hiru errelebotan lan egin beharko dute. Gau eta egun lanean arituko dira, horrek herritarren bizi kalitatearentzat dakarren guztiarekin», argitu du Perezek kezkatuta.

Zinegotzi horren esanetan, «kezka» arnasten da Itsasondon. «Hitzaldiak oso jendetsuak izan dira eta halakoetan gutxitan parte hartzen duen jendea ere gerturatu da. Jakin-mina badago, informatua izateko nahia badago». Bihar gertatuko denaren inguruan ezer aurreratzen ez da ausartzen. «Ez dakit zer esango duen herriak. Guk gure lana egin dugu. Informazioa zabaldu nahi genuen eta horixe egin dugu. Hortik aurrerakoa ez dago gure esku».

«AHTren alde zaude, bai ala ez?» izango da herri-kontsultako galdera, eta udal liburutegian izango da boza emateko tokia. Itsasondoko 525 herritarrek daukate boza eskubidea, eta 9.00etan zabalduko dituzte hautestontziak eta 20.00etan itxi. Orain, Itsasondoko herritarrek dute hitza.

«AHTren aurkako borroka kriminalizatzeko saiakera»

AHT Gelditu! Elkarlaneko kideak prentsaren aurrean agertu ziren atzo eta mezu garbia helarazi zioten gizarteari: «Mobilizatzeko garaia da, herrien txanda da». Hartara, biharko Itsasondoko herri-kontsultan eta datorren abenduaren 8an Durangon izango den manifestazioan parte hartzeko deia egin dute. Elkarlanaren ustez, azken asteotako «zurrunbilo mediatikoari» eta «AHTren aurkako borroka kriminalizazio saiakera guztiei» erantzuteko modurik onena «inposizioaren aurkako herri ekimenak indartzea» da. Gogor kritikatu du, gainera, Lakuako Gobernuaren jarrera. «Ibarretxeren gobernuak bere tresna propagandistiko guztiak martxan jarri ditu, azken hilabeteotan agerian geratu baita AHTren aurkako mugimenduak gora egin duela», esan dute plataformako kideek. -