Zuhaitzetatik kalera, AHTren aurkako desobedientzia hedatuz

Gaurkoarekin, zuhaitzetatik kalera AHTren aurkako desobedientzia hedatzeko dugun asmo tinkoa adierazi nahi dugu, askotan AHTren aurkako adierazpenek lekurik ez dutela badirudi ere, desobedientzia-ekintzek, toki hori eskaini eta aurrera jarraitzeko indarrak ematen baitizkigu. Hori horrela, azpiegitura suntsitzaile, xahutzaile, antiekologiko eta antisozialaren gaitzak jotako herriei ekintza honen lekukoa eskaintzen diegu. Itsasondon hasitako ekintza honen testigantza beste herri batzuetara zabalduko dela argi baitugu. AHTaren eta gizarte kapitalistaren aurkako borrokan guztiok dugu zer egina eta zer esana. Zuhaitzetatik kalera, AHTren aurkako desobedientzia hedatuz!

Gaur Berostegin landatu ditugun zuhaixkak 17 izan dira, hamazazpi baitira Abiadura Handiko Trenaren aurka daramazkigun urteak. Eta hemen horixe islatu nahi izan dugu, ia bi hamarkadatan zabaldu den borrokak fase ezberdinak izan baditu ere, AHTren lanak jada hasita, erresistentzia eta desobedientziaren une gogorrenean murgiltzen hasi baikara. Gainera, urriaren 17an da, hain zuzen ere, Baionan AHTren aurka antolaturiko manifestazioa ere. Bestalde, Gernikako arbolaren sei ezkur ere landatu ditugu, Goierrin AHTren trazatuak kaltetuko lituzkeen sei herri irudikatuz, Legorreta, Itsasondo, Ordizia, Beasain, Ezkio-Itsaso eta Ormaiztegi, nahiz eta jakin herri kaltetuak Goierrin guztiak direla, eta hor dugu Olaberriako hondakindegiaren adibidea.

Zuhaitz-landaketa honekin, halaber, AHTak eta horrelako azpiegitura txikitzaile eta xahutzaileek, gure mendi eta basoetan eragiten dituzten kalteak salatu nahi ditugu, bereziki, oraingoan, basomozketek suntsituko dituzten milaka eta milaka zuhaitz horien desagerpena. Horixe salatzen aritu gara pasa den irailaren 28az geroztik Berostegi auzoko lan-eremuan pagoetara igota eta babesa erakusten egon garen guztiok. Lanak gerarazteaz gain, eraikuntza-goseak gure ingurumenean sortzen dituen kalteen berri eman diogu gizarteari. Hamaika egun iraun dituen erresistentzia- eta desobedientzia-ekintzak, AHTren lanak gelditu eta atzeratzeaz gain, herri honetan eraikuntza-lanei ekiterakoan gertatu ohi den zigorgabetasuna salatzen aritu gara.

Eusko Jaurlaritzak eta Txaleko enpresak Berostegin egin dutenak ez du izenik. Eusko Jaurlaritzak, baserritar kaltetuekiko inongo begirunerik gabe, tramiteak oraindik amaitzeke eta abisurik eman gabe, Txaleko enpresari lanak hasteko agindu diolako; eta enpresa horrek, Eusko Jaurlaritzaren ohiko oniritzi inplizituarekin, eraikuntza-proiektuan ezarritako ingurumen-neurriei jaramonik ez egiteaz gain, kaltetua behar lukeen eremua baino askoz ere zabalera handiagoan zuhaitzak era basatian moztu dituelako.

Era berean, lanak gelditu eta salaketa plazaratzeaz gain, zuhaitzak babesteko asmoz egindako ekintzak elkartasun-oihartzun ugari jaso ditu. Alde batetik, hemen kaltetutako baserritarrek erakutsi duten irmotasuna azpimarratu nahi genuke, beren eskubideak ez zapaltzeko egin dituzten ahaleginekin, bizimodua bera ere kolokan jartzen duen azpiegituraren lanak atzeratzea lortu dute eta Euskal Herriko txoko guztietan egoera berdinean daudenentzat eredu direla uste dugu. Bestetik, Goierriko herrietatik, Abiadura Handiko Trenaren aurka egon eta beren laguntza eta babesa adieraztera etorri diren adin guztietako pertsona horiei eskerrak eman nahi genizkieke, askotan, erresistentzian dihardugunon ongizateaz kezkatuta, janaria ekarri eta konpainia egitera etorri baitzaizkigu.

Azkenik, AHTaren aurkako mugimendua zabala eta anitza izatearekin batera, sendoa ere badela erakutsi duten ekimenak gogorarazi nahi genituzke, besteak beste, Bilbo, Donostia, Portugalete eta Durangon egindako elkartasun-ekintzak eta Euskal Herriko hainbat herritako plazetan burututako adierazpen-ekimenak, desobedientziaekintza hau Itsasondo eta Legorreta arteko auzoan egin bada ere, zuhaitzetara igo diren ekintzaileak leku ezberdinetatik etorritako 25 lagun inguru izan baitira.
Halaber, honako deialdi hauetan parte hartzera dei egin nahi genuke:

  • Urriak 13, asteartea, 12:00etan, Tolosako epaitegien aurrean, kontzentrazioa, Goierriko sei lagunek pasa den urtean, Ordiziako Udalaren kolaborazioa salatzeko Udaletxean kateatu izanagatik egin nahi dieten epaiketa bidegabea salatzeko.
  • Urriak 17, larunbata,17:00etan, Baionako errugbi-zelai ondoan dagoen Lauga aretotik irtengo den AHTren aurkako manifestazioa.

Itsasondon, zuhaitzen defentsarako ekintzaile-taldea
Goierriko AHT Gelditu! Elkarlana

2009ko urriaren 9a