AHTren aurkako Udako Martxaren balantzea

Abadiño eta Atxondoren arteko biaduktoaPrentsa aurrean aurkeztutako balorazioa:

AHTren aurkako Udako Martxaren balantzea
(Gasteiz – Santurtzi, irailaren 5tik 13ra bitarte)

Espainiako Gobernu-Ordezkaritzaren aurrean bildu gara, egoitza honetan Abiadura Handiko Trenaren (AHT) eraikuntza lanak egiteko lurren nahitaezko desjabetzak agintzen direlako.

AHTren aurka egin berri dugun lehenengo udako martxaren balorazio bat egitera gatoz. Joan den astean zehar egin da ekimen hori, Sustapen Ministerioak Gasteiztik Bilbora zuzentzen dituen “Euskal Y”-aren obretan barna. Martxari dagokionean, balantze positiboa egin dezakegu, hastapenean genituen helburu nagusiak lortu ditugulako: batetik, ibilaldiak zeharkatu dituen hiru herrialdeetako AHTren kontrako taldeen artean harremanak estutu ditugulako. Izan ere, herriz herri proiektu txikitzaile honen kontra egiten ari den borrokaren berri zuzenean edukitzeko eta egungo egoera zertan den ezagutzeko aukera eskaini digu, baita aurrera begira asmoak trukatzeko eta ekimen berriak koordinatzeko sarea sortzeko ere.

Halaber, AHTren eraikuntza-lanek eragiten ari diren triskantzak, eta horren alboan beste azpiegitura-lan handiek ere lurrari egindako erasoak bertatik bertara ikusi ditugu. Martxaren aurretik bagenuen txikizio horren gaineko hainbat argazki eta testigantzaren berri; baina bertara inguratu, eta obren erraietara sartu ezean, inork ezin du AHTa euskal lurrean eragiten ari den kalteen larritasuna irudikatu. Zur eta lur geratu ginen, Abadiñoko zatian kasu, obraren zabal eta lur-okupazio itzelak mendiari eragindako kalte izugarrien aurrean. Baita Aramaion ere, munstrokeriazko biaduktoaren eraikuntzak hondatutako eremuan.

Aramaioko biaduktoa

Eraso honen aurrean oposizioa adierazi behar dugu, eta hori izan da martxako egunetan bete dugun beste helburuetako bat. Obren eremura sartu gara, Abadiñon eta Galdakaon; kontzentrazioetara jendea bildu da, Zornotzan PSOEren egoitzaren aurrean, adibidez; eta kalejirak egin dira, Lemoako kaleetan AHT eta porlan fabrika salatuz eginda bezalakoa. Era berean, AHT Ez Ordaindu desobedientzia kanpainarekin bat eginez, EuskoTren eta Renfen bidai-txartela ordaintzeari uko egin diogu zenbait alditan, enpresa horiek AHTren egitasmoan kolaboratzen dutelako.

Abadiño eta Atxondoren arteko biaduktoa

Martxaren hasieratik jazarpen poliziala etengabekoa izan da. Lehenengo egunean, Ertzaintzako helikoptero bat eta Brigada Mugikorreko zazpi “todoterreno” izan genituen atzetik eta ibiltari guztiak identifikatu nahi izan zituzten. Beste bi alditan, AHTren obren eremura sartzeagatik, ibiltari guztiak erretenituak izan ginen. Aipagarria da kontrol horietako batean Guardia Zibileko GAR taldekoak eta Erztaintzako poliziak elkarrekin aritu zirela. Esan gabe doa, AHT proiektuaren zilegitasun soziala hutsa dela agerian jartzen du halako presio polizialak eta martxa publiko batean bildutako jendea uneoro kontrolatzeko jokabideak. Poliziaren presentzia zela eta ez zela, ezinezkoa gertatu zen aurrikusita genuen AHTren aurkako protesta ekintza bat egitea. Udako martxak molestatzen du. AHT eta desarrollismoaren kontrako mugimenduak molestatzen du. Molestatzen segituko dugu, beraz.

Finean, oposizioak eragiten duela jakiteak animatzen gaitu borrokan jarraitzeko eta “Euskal Y”-aren nahiz Nafarroako Korridorearen eta Hendaiara TGV linea berria egiteko egitasmoen aurrean altxatzen den jendearekin koordinatzeko. Azken batean, Estatuek AHTa krisialditik irteteko errezeta bikaina bailitzan agertzen badute ere, halako azpiegitura erraldoiak ordaintzeko zor publikoa areagotzea ez da erremedioa, arazoren parte baizik.

Telefonoa: 634430274

UdakoMartxaren argazki gehiago.

Etiketa(k):