Gasteizen AHTaren zubibide bateko lanak geratu dituzte ingurumen arrazoiengatik

Berria. Erredakzioa. Gasteiz

Arratzua-Ubarrundia eta Legutio arteko AHTaren zatian egiten ari diren zubibide bateko lanak geratzeko agindu du Arabako Foru Aldundiko Ingurumen Departamentuak, ingurumen arrazoiak tarteko. Zubibidearen eraikuntza lanek Zadorra ibaiaren ibilbideko faunan eta floran aurrez ikusi gabeko eragina izaten ari direlako erabaki dute lanak etetea, Aldundiak azaldu duenez. Lanak egiteaz arduratzen ari den Adif erakundeak helegitea jarri dio erabakiari, eta horren inguruan hartuko den erabakiaren zain daude lanekin jarraitzeko. Aldundiak salatu du lanak egiteko zuhaizti bat hartu dutela baimenik gabe. Bestalde, bisoi europarra hazten ari den garaia da, eta Zadorra eta antzeko ibaietan debekatuta dago halako eraikuntza lanak egitea abuztuaren 1a arte.

Etiketa(k):