“Euskal Y”: hausnarketa sakona egiteko unea

Iruneko kontzentrazioan banatutako eskuorria:
Frantziako Gobernuak, Ipar Euskal Herrian, Abiadura Handiko linea berriaren eraikuntza-proiektua gelditzea erabaki du. Horrek, zuzenean “euskal Y”ari eragiteaz gain, Dax-Gasteiz AHTaren errentagarritasun sozio-ekonomiko ezaren inguruko itzal eta galderak areagotu ditu. Erabaki horren bueltan, honakoak azpimarratu beharko genituzke:

  1. Bordele-Irun AHT proiektuaren inguruan egindako peritu-txosten suitzarrak merkantzia-trafikoen aurreikuspen puztuak eta jada badagoen trenbide-sarearen ahalmenari buruzko aurreikuspen baxuak gezurtatu zituen.
  2. Frantziako Kontu Epaitegiaren 2008ko txostenak trenbide-sare konbentzionalak hobetzearen aldeko apustua egin zuen, AHT azpiegitura berriak albo batera utziz, Abiadura Handiko proiektuen errentagarritasun sozio-ekonomikoaren tasa izugarri jaitsi zela eta, eraikuntza-kostuen gorakadagatik (batez beste % 45eko igoera aurreikusitakotik) eta trafiko eta erabiltzaileen beherakadagatik.
  3. Europako Batzordeak 2008an AHTren inguruan egin zuen txostena (Davignon txostena) oso gogorra izan zen “euskal Y”aren diseinuak “batez ere eskualde-arteko bidaiarien garraioa egiteko joera baitu, nazioarteko merkantzia-garraiorako leku gutxi utziz”.

Horrek guztiak AHTren proiektuarekiko aurkakotasun zabala ekarri du. Finantzazio-arazoak nabarmen geratu dira: Frantziako Gobernuak udal eta eskualde-instituzioei Tours-Bordele-Irun AHT proiektuaren 11.000 milioi euroko kostuaren % 25 aurreratzea exijitu zien.

Iparralden proiektua gelditzeak zuzenean eragiten dio hasieratik maila transeuropar gisa saldu ziguten Dax-Gasteiz Abiadura Handiko proiektuari. Hala ere, badirudi Eusko Jaurlaritza eta Sustapen Ministerioarentzat, muturren aurrean izanda ere, administrazio frantsesek onartu duten errealitate sozio-ekonomikoa ikusgaitz izateaz gain, gogoetara bultzaraziko dituen elementua ere ez dela, AHTaren eraikuntza-lanekin jarraitzeko borondate itsua adierazten baitute, ekonomia, gizartea edo ingurumena oinarri izan ditzakeen arrazoi ororen gainetik. Datuak oso esanguratsuak dira: egun, Europan burutzen ari diren AHTko lanen % 64 Estatu espainiarrean kontzentratzen dira; 2020an, Estatuak aurreikusitako planak burutzen badira, Estatu espainiarrak kontinente osoko Abiadura Handiko km guztien erdia pilatuko ditu eta mundu-mailan Abiadura Handiko km gehien izango dituen estatua bihurtuko da. Horrek guztiak gogoeta sakonera bultzatu beharko lituzke bai Sustapen Ministerioa, bai Eusko Jaurlaritza, baina badirudi gogoeta egiteko unea ez dela inoiz iristen.

AHT Gelditu! elkarlana