Ibarretxe Jaunari interpelazioa AHT-ren eraikuntza lanen jarraipena egiteko komunikazio kanalaren aurkezpena dela eta

Ibarretxe jauna:

Beste ezer baino lehen bihoakizu neure barkamen eskaera zeure hitza mozteagatik. Baina, bai zuk eta bai zuk ordezkatzen duzun Gobernuak afera honen inguruan darabilzuen jarrera despotiko eta oskurantista ikusirik, AHT-k kaltetutako herri eta herritarrok ez dugu proiektuaren inguruko geure iritzia azaltzeko beste aukerarik ikusten.

Izan ere, zuk ondotxo dakizun bezala, zure Gobernua entzungor egiten ari zaio AHT-k kaltetutako herri eta herritarrek informazio gardena eskaini eta beharrezko eztabaida sozialari bide eman dakion behin eta berriro egiten ari garen eskaerari.

Ibarretxe jauna, AHT-k kaltetutako herri eta herritarrek AHT berehala gelditzea exijitzen dugu, egitasmoa batere informaziorik gabe, herritarren bizkar eta azpikeriaz burutzen ari delako, eraikuntza lanei hasiera emateko moduak erakusten duen bezala.

Ibarretxe jauna, behin eta berriro mintzo zara demokraziaz, behin eta berriro diozu herri eta herritarrek erabakietan aktiboki parte hartu behar dutela, edozein gatazka konpontzeko gakoa elkarrizketan eta herritarren hitzaren errespetuan datzala…

Aitzitik, Ibarretxe jauna, AHT-k kaltetutako herri eta herritarrei ez zaigu geure iritzia eman ahal izateko inolako aukerarik eman, nahiz eta zentzu horretan kontaezinezko eskaerak egin ditugun. Ez zaigu zuek gainditutzat jotzen duzuen ustezko eztabaida publiko horretan parte hartzeko aukerarik eman. Halako moldez non, zuek egin nahi izan ez duzuen hori guk egin behar izan dugun: herritarrei informazio gardena eman eta hitza eskaini proiektuaren inguruan bere iritzia eman ahal izan dezan. Hala egin dute honezkero Urbinan eta Gasteizko 18 kontzejutan, hala egingo dugu Itsasondon eta Aramaion, eta ziur, proiektuaren kudeaketa burutzen ari diren instituzioen jarrera antidemokratikoa eta itxikeria ikusirik, hala egingo dutela beste hainbat eta hainbat herritan ere.

Ibarretxe jauna, baldintza hauetan ez da zilegi AHT-ren inguruko ustezko informazio kanal baten bidez proiektuaren izaera antidemokratikoa eta zuk ordezkatzen duzun Gobernuaren prepotentzia ezkutatzen saiatzea. Ez da zilegi demagogia eta egintza kontsumatuen politikarekin aurrera egitea. Ez Ibarretxe jauna. Baldintza hauetan, horren eztabaidatua den proiektuaren eraikuntza lanak berehala gelditu eta zuk errespetatu nahi omen duzun herriaren ahotsa entzutea besterik ez da zilegi.

Danel Etexeberria, Itsasondoko Udaleko zinegotzia