Ibarretxeren «inposaketa jarrera» salatu du AHT Gelditu! Elkarlanak

GARA. BILBO
AHT Gelditu! Elkarlanak hitza hartu nahi zuen proiektuaren gaineko informazio kanala aurkezteko Ibarretxe egiten ari zen ekitaldian. Beste behin, lanak geldiarazteko eta parte hartzeko prozesua abian jartzeko eskatu nahi zioten horrela. Baina ez zuten horretarako aukerarik izan, eraikinetik kanporatu baitzituzten. Bertan hirurehun lagun batu ziren protestan.

«Eusko Jaurlaritza, manipulatzailea» leloarekin hartu zuten Juan Jose Ibarretxe Bilboko Euskalduna Jauregira iritsi zenean. Bertan, proiektuaren gaineko informazio kanala aurkeztu zuen lehendakariak atzo. Ekitaldia salatzeko AHT Gelditu! Elkarlanak elkarretaratzera deitua zuen, eta hirurehun lagunek lehendakariaren AHTrekiko «jarrera antidemokratikoa eta inposatzailea» kritikatu zuten. Mobilizazioak isilarazten saiatzeko «makinaria propagandistiko eta mediatiko» guztiak martxan jartzen ari dela adierazi zuten.

Bien bitartean, AHT Gelditu! Elkarlaneko hainbat lagun Euskalduna Jauregira sartu ziren eta ekitaldia hasi eta Lakuako Herri lan eta Garraio sailburuak, Nuria Lopez de Gereñuk, hitza hartu zuenean lau lagun altxatu ziren eta «Inposaketarik ez» oihukatu zuten. Berehalakoan kanporatu zituzten.

Ibarretxek hitza hartu zuenean, berriz, beste hainbat lagun zutitu ziren lehendakariari zuzentzeko asmoz. «Segituan etorri ziren zinpeko beriraleak, eta arrastaka kanporatu gintuzten», salatu zuen Itsasondoko zinegotzi Danel Etxeberriak. Haren esanetan, helburu bakarra lehendakariari zuzentzea eta proiektua geldiarazteko eta parte-hartzean oinarritutako prozesu bat abiarazteko eskatzea zen.

Behin kanpoan adierazi zuenez, Lakua entzungor egiten ari zaie AHTk kaltetutako herri eta herritarrek informazio gardena eskaini eta beharrezko eztabaida sozialari bide eman dakion behin eta berriz egiten ari diren eskaerei. «AHTk kaltetutako herri eta herritarrek AHT berehala gelditzea exijitzen dugu, egitasmoa batere informazio gabe, herritarren bizkar eta azpikeriaz egiten ari delako, eraikuntza lanei hasiera emateko moduak erakusten duen moduan», adierazi zuen.

Era berean, Etxeberriak, zera esan zion lehendakariari: «Ibarretxe jauna, AHTk kaltetutako herri eta herritarrei ez zaigu gure iritzia eman ahal izateko inolako aukerarik eman, nahiz eta, alde horretatik, kontaezinezko eskaerak egin ditugun».

Hori dela-eta, herritarren iritzi jasotze aldera egin dituzten eta egingo dituzten herri galdeketak gogorarazi zituen Etxeberriak, eta bereziki aipatu zuen igandean Itsasondon egingo dena. «Ibarretxe jauna, baldintza hauetan ez da zilegi AHTren inguruko ustezko informazio kanal baten bidez proiektuaren izaera antidemokratikoa eta zuk ordezkatzen duzun Gobernuaren prepotentzia ezkutatzen saiatzea», azaldu zuen, eta zera gehitu zuen: «Ez da zilegi demagogia eta egintza kontsumatuen politikarekin aurrera egitea».