Gasteizko manifestazioa: amaiera ekitaldirako idazkia

Gaur, berriz ere kalera atera gara frogatzeko milaka eta milaka herritar gaudela AHT-ren proiektu txikitzailearen kontra eta bere atzean ezkutatzen den eredu kapitalista neoliberalari stop esateko. Gaur berriz ere Gasteizko kaleetan sektore kaltetu desberdinak mobilizatu gara administrazio arduradunei exigitzeko gehiengo sozial eta sindikalaren aurkakotasuna aintzat hartu dezaten. Denok argi dugulako proiektu honek zer nolako ondorio ekologiko, sozial eta ekonomiko larriak ekarriko digun gauzatzen bada.

Bestalde, azken egun hauetan burutu ditugun mobilizazio desberdinak - 18 herri kaltetuetan, Elorrio, Eskoriatza, Urretxu eta Errenteria-Oreretako eskualdeko manifestazioak, Luku-ko obren inguruko ekimenak eta baita ere gaurko mobilizazio erraldoiak- erakusten du egunetik egunera AHT-ren aurkako mugimendua antolatzen eta indartzen ari dela. Eta aurrera begira hau dela bidea, hots, antolaketa, mobilizazioa eta borroka, AHT proiektua gelditzeko.

Era berean, Ibarretxe eta Zapateroren nagusikeria eta inposaketaren aurrean, Urbina eta Gasteizko Kontzeju kaltetuek egin duten ariketa demokratikoak agerian uzten ari da gizartearen gehiengoa, aukera eman ezkero, AHT-ren kontrako jarrera hartzen ari dela. Horregatik, AHT Gelditu! Elkarlanetik, Itsasondon eta Aramaion aurrikusten den bezala, beste herri kaltetuak animatu nahi ditugu hurrengo hilabeteetan herri kontsultak antolatzera Gasteiz eta Madrileko Gobernuen hipokresia eta portaera antidemokratikoa agerian uzteko.

Ibarretxe Jauna:

  • kontrol poliziala eta errepresioa ez dira bideak herritarren haserreari aurre egiteko!.
  • Utzi hipokresia eta hitz politak alde batetara!.
  • Behingoz entzun hemengo jende uholdearen oihua!.
  • Gelditu berehala obrak!
  • Eta bitartekoak ipini itzazu informazio gardena zabaltzeko, eztabaida partehartzailea burutzeko eta herriari hitza eman ondoren erabakia errespetatzeko.

Hirukoa osatzen duzuen PNV, EA eta Ezker Batuako alderdiak eta PSOE-ko Gobernua:

  • Inposaketaren bidearekin amaitu!.
  • Bertan behera utz itzazue obrak burutzeko 2007ko aurrekontuetan aurrikusitako diru partidak!.

Gaurko manifestazioaren leloak (“Orain da Garaia! ¡Paremos el TAV!”) klarki adierazten du oraindik denboraz gabiltzala AHT gelditzeko. Gure eskuetan dago jendartea aktibatzea eta Administrazioa behartzea AHT-ren auzian demokrazia eta zentzuzko bidea aplikatzeko. Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroan eta baita ere Iparraldean. Gaurko manifestazio erraldoi hau ariketa kolektibo garrantzitsu bat izan da AHT-ren inguruko gatazka zentzuzko bidetik eramatea exigitzeko. Berandu izan baino lehen, Ibarretxe eta Zapateroren Gobernuei exigitzen diegu alderdi interesak eta gutxi batzuren negozio egarria alboratu dezatela herriari hitza emateko eta esandakoa errespetatzeko. Bitartean gaur egin dugun bezala, aurrera begira aurrez aurre edukiko gaituzue, kalean, mobilizazioetan, lanean, proiektu xahutzaile hau gelditu arte!. Hurrengo zita datorren igandean, hilak 26, Ordizia-Itsasondon.

Animo eta Aurrera!