Hiru lagun atxilotu dituzte AHTren obretako garabietan kateatzeagatik [Berria]

Abiadura handiko trenaren aurka protesta egiteko, atzo goizean obrako bi garabitan kateatu ziren hiru lagun atxilotu zituen Ertzaintzak, Lukun (Araba). Gainera, obraren eremuan elkarretaratzea egin zuten beste hogei bat lagun identifikatu zituzten ertzainek.

BERRIA. erredakzioa. Gasteiz

Eusko Jaurlaritzaren Herrizaingo Sailaren arabera, 07:30 aldera protesta horretan parte hartzen ari ziren 18 lagun identifikatu zituzten, eta garabietara lotuta zeuden hiru herritar atxilotu. Lanak eragoztea eta hertsatze delitua leporatzen diete hirurei. 44 urteko M.A.F., 30 urteko P.P.M., eta 22 urteko M.S.Z. dira atxilotuak.

AHT Ez Gunearen web orrian jasotzen denez, Luku herrian abiatu diren AHTren obretako bi garabitara kateatu ziren lagunek azpiegitura erraldoiaren eraikitze lanak salatzea zuten helburu, eta zehazki Lukun hasi diren AHTren eraikitze eta lurraren suntsitze lanak salatu nahi zituzten. AHT Ez Guneak adierazi duenez, atxilotuei beste dozena bat lagunek obraren eremuan lagundu zieten, eta beste laurogei bat kanpoan geratu ziren, pankarta batekin. «Lanak ordu eta erdi geldirik egon dira Ertzaintza heldu arte», azaldu dute.

Gainera, AHT Ez Guneak salatu duenez, Urbina herrian AHTren kontra pankartak jartzen ari ziren herritarrak ere identifikatu zituen Ertzaintzak atzo eguerdian.

BATASUNAREN DEIA. Beste alde batetik, AHTren kontra larunbatean Gasteizen antolatutako nazio manifestazioan parte hartzeko deia egin die herritarrei Batasuneko mahaikide Joseba Permachek, «inposizioa eta nagusikeria gelditzeko».