«Garraioari buruzko benetako hausnarketa egin behar dugu»

Victor PACHON | CADE Kolektiboko arduraduna

Hirurogei bat elkarte ekologistak osatzen dute CADE. 1992an AHTren egitasmoarekin egin zuten bezala, egungo proiektuaren aurka ere borroka abiatu dute. Bilkura publikoko biltzar guztietan iritzia helarazteko parte hartzen dute. Borroka kalean eramatea da euren lehentasuna eta horretarako, arazoaren 17an biltzar nagusi alternatiboa eginen dute.

GARA.

AHT lineari buruzko eztabaida aurrera doan heinean, argi geratu da proiektua bultzatzen duten eragile gehienek linea berri bat eraikitzearen aldeko apustua egiten dutela. Baionako Merkataritza eta Industria Ganberaren, Akitania eskualdeko kontseilu sozial eta ekonomikoaren eta Eskualdeko kontseiluaren adie- razpenak ildo horretan kokatu dira. CADE kolektiboko elkarte ekologistek, aldiz, proiektua abiatu denetik kontrako jarrera izan dute.Eurek egindako azterketen arabera, egungo lineek tren kopurua emendatzea ekar dezakete. Linea berria eraikitzeko RFFk aurreratu diten datuak zalantzan jartzen dituzte, eta azterketa gehiago egiteko eskatu dute. Horien emaitza ondoko abenduaren 5ean aurkeztuko dute Akizen. Victor Pachonek, izan ere, beraien jarrera argitzeko azalpenak eman dizkio GARAri.

­Eztabaida abiatu zenetik, dagoen trenbidearen alde azaldu zarete. Alta, proiektuaren bultzatzaileek diotenez, bidaiarientzako lekuko trenak emendatuko direla-eta, salgaientzako eta AHTrentzako bigarren linea egitea ezinbestekoa da.­

Gaur egun, bidaiarien hamabost tren pasatzen dira linea horretatik. Orotara, 550 pertsonak hartzen dute trena egunero. 2004an tren kopurua emendatu zuten Akitania osoan, baina ez Lapurdin. Arrazoi nagusi bat zegoen horretarako: trenak hirigune barreiatu batetik pasatzen dira. Bidarteko, Biarrizko edo Angeluko geltokiak hirigunetik urruti daude. Gauza bera gertatzen da BABeko autobus lineekin, gehienak defizitarioak baitira. Agintari politikoek ez dute kontuan hartu duela hogei urte hiriek garapen handia izan zutela. Eta, geltoki inguruetan askotan ez da etxebizitza bat bera ere eraiki. Horregatik diogu, Eskualdeko Kontseiluak aipatzen dituen berrogeita hamar bidaiarien tren berri horiek ez direla 2020an izanen. Indarra egin behar dela, horretan ados gaude, eta baditugu proposamenak horretarako. Baina ikusiz lurraldea nola antolatua den, 50 asko dela iruditzen zaigu. Hala eta guztiz ere, kopuru hori jarriko balute ere, egungo lineatik inolako arazorik gabe pasatzen ahalko dira. Egun linea horretatik 53 tren pasatzen dira; alta, 132 pasatzeko ahalmena dauka.Beraz, badago zer garatua.

­­Salgaiak ere badaude...

Horri dagokionez ere kontraesanak daude datuetan. Proiektuaren aurretik landutako ikerketan 2020. urtean egunero 21 milioi tona garraiatuko zirela aipatzen zen. Ondotik, 13 milioi esan zuten, eta azkenik 14,7 milioi. Datu horietan argi da inkoherentzia handia dagoela. Duela urte batzuk Beckerek garraioari buruz landuriko txostenean 10,4 milioi tona aipatzen ziren. 21 milioi tona horiek justifikatzeko Europan sartuko diren hamahiru herrialde berriak aipatzen dituzte. Baina nola neur dezakete izango den garapen ekonomikoa? Gaur egun dakigun gauza bakarra da 1,8 milioi tona pasatzen direla egunero. Eta SNCFk berak dituen datuen arabera, zirkulazioa behera ari da egiten. Garraiatzen diren salgai gehienak autoetako piezak dira, baina auto lantegi gehienak Europako ekialdean daude.

­­RFFren datuak aipatzen dituzula-eta, haiek esandakoaren arabera, 17.000 kamioi izango dira hogei urte barru, eta 4.000 tren pasatzea espero dute...­

Egun 8.000 pasatzen dira egunero eta kamioi pareta baten aurrean gaudela diote. Bihar, euren hipotesiak hala badira behintzat, proiektu hau egin arren arazoa areagotu egingo da. Beraz, etorkizunean 2x4 autobidea egitera behartuta izango dira. Arazo horren gainetik, garraioaren inguruan benetako hausnarketa egin behar dela uste dugu. Kamioi garraioaren garapena gelditu egin behar da. Planeta bakarra dugu, beraz, zentzurik ez duten garraiobideak kendu behar dira. Horretarako hondakinak hurbil tratatu behar dira eta lekuko laborantza sostengatu behar da. Deus egiten ez bada, dagoen gabezia bat lagundu baizik ez dugu egiten. Salgaien garraioari lortu ezineko helburuak ematen bazaizkio, salgaien tren garraioa suntsitu baizik ez da eginen.

­­Zer erran nahi duzu horrekin?­

RFFk trenetan garraiatzen den salgai kopurua hamar aldiz emendatu nahi du. Gure irudiko, hipotesi hoberenetan salgai kopurua bost aldiz biderka daiteke, ez gehiago. Orotara, 10 milioi tona pasatzeko ahala ematen du horrek, hots, berrogei tren gehiago. Horiek egungo lineatik pasatzen ahal dira inolako arazorik gabe. Gainera, zama handiagoa eraman dezaketen trenak jartzen badira, salgai gehiago garraia daiteke. Garraioa beste era batera pentsatu behar da. Hala eginez, Lapurdin hamar hektarea baino gehiagoko zulo handi bat egiteak ez du inolako zentzurik izango. Guk planteatzen duguna kontuan hartzen bada, salgaien garraioak etorkizuna izango du, bestenaz porrot eginen du.

­­Eztabaida hor dago. Zertarako balio du?­

Aitzakia da. Zer nahi gisaz aurretik guztia erabakia da. Hiru agertoki aurkeztu dituzte. Baina hasieratik, ez dute 2. agertokia aipatzen, egungo bidearen berritzea bideraezina dela diote, eta aldiz, linea berria proposatzen duen 3. agertokiak ditu alde on guztiak. Eta hori esateko lau hilabeteko eztabaida bat proposatzen digute.

­­Alta, bilkura publiko horietan parte hartzen duzue...­

Bilkuretara borrokatzera joan gara. Halere, gure ustez, benetako borroka kalean eraman behar dugu, eta horretarako finkatu dugun lehenengo hitzor- dua azaroaren 17koa da. Hautetsi, herritar eta sindikatuak gonbidatu ditugu. Deus egiten ez badugu, nahi dutena egiteko parada guztia ematen diegu, eta bost urte barru trenaren ibilbidea aurkeztuko dutelarik, herritar, hautetsi eta beste eragile guztiek ezingo dute esan ez zekitela deus. Horrek, nahi ala ez, eragina izango du. 1992an bazuten aitzakia bat, gu bezala azken minutuan ukan baitzuten proiektuaren berri. Oraingoan ezingo dute erran ez zekitela.

­­Halere, proiektua bera Europan erabakitzen da...­

Bai... Baserri inguruetan korsikarrek Europako diru-laguntzak eskuratzeko behi-esneak asmatzen dituztelarik mafia bat dela esaten da. Baina linea berri horrekin gertatzen dena oraindik mafiosoagoa da, salgaientzako trenak asmatzen dituztelako Europako laguntzak izateko. Gainera, Estatuak berak ditu asmatzen. Beraien arazoa salgaien garraiatzea balitz, ez lukete 9 hektarearen beharra izango tren linea eraikitzeko. Baina hori egin ahal izateko AHTak gehitzen dituzte. Lehen helburua AHTrentzat linea berria egitea dela. Salgaia aitzakia bat baizik ez da. Horrek Paris, Bilbo eta Madril lotuko ditu epe laburrean. -