«Obrek iraun artean eta gero ere jarraituko du borrokak»

Berria. Mikel Peruarena Ansa Donostia

Amaitzear dago AHTren aurkako kanpaldia; asteotan, zer segida eman aztertzen ari dira

Tren lasterraren kontra AHTren Aurkako Asanblada Zaldibian (Gipuzkoa) egiten ari den kanpaldia bi egun luzatuko dute, berez gaur arteko egitaraua baino ez bazuen ere. «Obrek iraun artean eta gero ere jarraituko du borrokak», esan dute Asanbladako kideek, «AHTren kontrako borroka ez delako bakarrik azpiegitura horren kontrakoa, baita trenak dakarren gizarte ereduaren kontrakoa ere».

Aurten Zaldibian egin den kanpaldia hamahirugarrena da eta, aurreko urteetan bezala, hamar bat eguneko iraupena izan du. Gaur arte hainbat ekitaldi antolatuak zeuden kanpaldiaren egitarauaren barruan, baina Asanbladako kideek azaldu dute aurten ekimen mugagabea egin nahi zutela, 2006an Urbinan (Araba) egin bezala. «Duela hiru hilabete, kanpaldia prestatzen ari ginenean, Urbinan eta Ordizian (Gipuzkoa) hasi ziren lanak, baina geroztik leku askotan hasi dira obrak: Basaurin, Abadiñon (Bizkaia)...», diote Asanbladako kideek. Kanpaldi mugagabea -«erresistentzia-gunea»- Zaldibian bertan egiteko asmoa zuten hasieran, baina tren lasterraren lanak leku ugaritan hasi direla ikusirik, ekimena bi egunez luzatzea erabaki dute, oraingoz, eta datorren astean erabakiko dute abuztuan zer eta non egingo duten. Asanbladako kideek lanak hasi diren leku gehienetara zabaldu nahi dute AHTren aurkako borroka.

Orain arte kanpaldiak eman duenarekin gustura daude parte-hartzaileak. 100 lagunetik gora elkartu dira Zaldibian, beren oihal dendekin, eta egun jakinetan 200 lagun baino gehiago batu dira. Batik bat Euskal Herriko jendea bildu da, baina Kataluniatik, Espainiatik eta Italiatik ere etorri dira zenbait lagun Zaldibiara. Trentino eta Valsusa (Italia) herrietan eraikitzen ari diren tren lasterraren kontrako lagunen ekarpena jaso dute egunotan. Zehazki, tren lasterrak ur baliabideetan sor ditzakeen kalteei buruz aritu ziren solasean atzo. Haiekin batera Kimetz Etxeberriak hitz egin zuen, eta AHTk Udalatxen eta Aralarren eragin ditzakeen ondorioak azaldu zituen.

«Kanpaldiarekin izkina guztietako jendea elkartzea lortzen dugu, beste leku batzuetan egiten diren borrokak ezagutzea eta elkarri indarra ematea», esan dute Asanbladako kideek. Kanpaldiak iraun duen hamaika egunetan ekintza ugari egin dituzte: inguruak ezagutzeko mendi eta bizikleta ibilaldiak, hitzaldiak, tailerrak... Asanbladako kideek nabarmendu dute kanpaldia autogestioaren eta asanbladen bidez antolatu dela, eta oso pozik daude emaitzarekin. Bestalde, aurten ahalegin berezia egin dute informazioa zabaltzeko. Prentsa bulegoa sortu dutela eta egindako lanarekin «oso gustura» daudela adierazi dute. «Kanpaldiari buruzko informazioa ez da ondo zabaldu beste urte batzuetan», diotenez. Garrantzitsua da lan hori, informazio gehiago duen jendeak kontrako jarrera handiagoa duela uste baitute.

Lurren desjabetzeak

Legorretara (Gipuzkoa) egin zuten irteera ostegunean, Kortatu eta Olalde baserrietara. Baserri horietako lurjabeek «presio handiak jaso badituzte ere, ez dituzte beren lurrak saldu nahi izan», Asanbladako kideen esanetan, «eta ez dute baimenik eman zundatze lanetarako». Itsasondo aldetik hasitako lanak Ordiziatik egiten ari direnak baino motelago doaz horren ondorioz. Baina desjabetzeko prozedura aurrera doa eta, Asanbladako kideen esanetan, litekeena da datorren irailaren 4rako lurrak desjabetzea eta lanak hastea.

Etiketa(k):