Denok Urbinara. AHT EZ gunera joateko Deialdia

Ez da pasatuko!!Deialdi honen bitartez Abiadura Handiko Trenaren aurkako Asanbladak Urbinan eratu den erresistentzia gunera etortzeko gonbidapena luzatu nahi dizuegu. AHTren lanen aurkako erresistentziara deitzearekin batera, desjabetze bortitzak, informazio eza, bizi moduen suntsiketa eta autobiek eta abiadura handiak eragindako landa eremuen isolatzearen aurkako erresistentziara ere deitzen dugu.

Urbinak oso ongi islatzen du AHTak Euskal Herrirako suposatuko lukeena. Urbinatarrei beraiek nahi ez eta behar ez duten azpiegitura bat inposatu nahi diete. Horrexegatik eta obrak hemen hasiko liratekeelako, helburu argi bat dauka erresistentziarako deialdi honek: AHTri Urbinatik igarotzen galerazten badiogu, Euskal Herri osotik pasatzea eragotziko diogu aldi berean.

Norberaren partehartzearen arabera eraikiko dugun espazio autonomoan parte hartzera deitu nahi dizuegu. Eremu honetan guk geuk hartuko ditugu dagozkigun erabakiak, ez egunerokoan bezala, gure bizitzari dagozkion erabakiak hartzeko aukera ukatzen digutelarik. Espazio honetan sarea egingo dugu, era kolektiboan antolatuko gara eta Lakuako leihorik gabeko bulegoetatik Urbinako lurraldera eramango dugu erabakigunea, lanen oinetara, errealitatera. Urbinako erresistentzia gune honen sorrerarekin ekintza zuzenari eta herriaren erantzunari bidea irekiko diegu. Gune fisikoaz gain zirrarazkoa eta ideologikoa ere izan nahi du eta AHTren aurka jadanik existitzen diren borrokak astindu, bultzatu eta inarrosi nahi ditu. Beraz, gutako bakoitzak auzoz auzo, herriz herri eta hiriz hiri antolatzen duenak eraikiko du Urbinako erresistentzia gunea. Ilusioa eta aurre egiteko ahalmena daukagun kontzientzia suspertu nahi dugu. Herri boterea nagusituko da kanpaldi iraunkor honetan.

Klase menperatzaileek kapitalismo industrialaren inperioa sendotzeko erabiltzen duten tresnarik inportanteenetarikotzat jotzen dugu AHTa bera. Hau dela eta, garapenkeria, injustizia, jendartearen ezberdintasunak, esplotazioa, prekarietatea, eta oinarrizko eskubideen urraketa era batean edo bestean pairatzen dutenei, eta azken batez, pertsonak, komunitateak, herriak eta naturaz gaineko diruaren nagusitasuna sufritzen duten guztiei luzatu nahi diegu deialdi hau.

ERRESISTENTZI GUNEKO TELEFONOA: 699 34 91 41