'Euskal Y'-aren obra hobeto egiteko eztabaida zabalduko dutela iragarri du Lopez de Gereñuk

Obrari buruz erabakiak hartzeko gai den bakarra Eusko Legebiltzarra dela ohartarazi du, ez herria. Euskal Y-aren obra «hobeto egiteko» komunikazio prozesua zabalduko duela iragarri du Eusko Jaurlaritzaren Garraio eta Herri Lan sailburu Nuria Lopez de Gereñuk. Haren esanetan, «euskal trenbide sare berria eraikitzen den bitartean eztabaida eta komunikazio soziala bizirik nahi ditu Eusko Jaurlaritzak eta une bakoitzean eztabaidak proiektuaren garapenaren parean joan beharko du».

BERRIA. Estitxu Ugarte. Gasteiz

Aipatu eztabaida garatzeko hainbat urrats egingo dituztela azaldu zuen atzo Lopez de Gereñuk Eusko Legebiltzarrean eginiko agerraldian. Alegia, obra garatzen den bitartean herritarrekin harremanetan egoteko komunikazio kanal interaktiboa martxan jarriko dute, eragile sozialekin, hedabideekin eta arduradun instituzionalekin bilerak izango dituzte, Euskal Y-ari buruzko jardunaldiak antolatzen ari dira, eta azkenik, kaltetutako udalei eta herri horietako biztanleei informazioa helarazteko lan egitarau bat prestatuko dute.

Eusko Jaurlaritzak diseinaturiko komunikazio prozesuak Euskal Y-aren azpiegitura gizartean txertatzen lagundu dezakeela iritzi dio sailburuak.

Haatik, Lopez de Gereñuk argi eta garbi azaldu zuenez, Eusko Jaurlaritzak ez du azpiegituraren beharrari eta ibilbideari buruzko eztabaidari ekiteko asmorik, eta inola ere ez du obra geldituko. Izan ere, haren esanetan, demokratikoki onartu zuen Eusko Legebiltzarrak aspaldi Euskal Y-a egokia zela, eta ondorioz eztabaida hori itxita dago. Egitasmoaren inguruan behar bezalako informazio prozesua garatu dela adierazi zuen, eta alegazioak aurkezteko epe zabala egon zela.

ERABAKITZEKO ESPARRUAK. Arabako 18 herritan iragan igandean eginiko galdeketaren harira, Ezker Abertzalearen (EAB) legebiltzarkide Julian Martinezek eginiko galdera bati erantzunez, sailburuak esan zuen Euskal Y-ari buruz erabakiak hartzeko dagoen legezko esparru bakarra Eusko Legebiltzarra dela. «Herri galdeketak eta gizarte eztabaida ezin dira bilakatu azpiegituraren kontra daudenen tresna», esan zuen Eusko Jaurlaritzaren Garraio eta Herri Lan sailburuak. Halaber, azken hilabeteotan galdeketak antolatu dituzten herriei leporatu zien legitimitatea instituzioetatik kanpo kokatu nahi izatea.

Dena dela, EABren legebiltzarkideak eztabaida soziala egon dela ukatu zuen, eta gizarte eragileen zein kaltetuen iritziei entzungor eginez aritzea leporatu zion sailburuari. Aldiz, PSE-EEren legebiltzarkide Oskar Rodriguezek bat egin zuen Lopez de Gereñuren adierazpenarekin. Haren esanetan, herritar batzuen kontrako iritzia islatzea da galdeketek duten balio bakarra. EAren eta EAJren ordezkariek esan zuten euskal gizartearen gehiengoak babesten duela Euskal Y-a.

«Herri galdeketak eta gizarte eztabaida ezin dira bilakatu azpiegituraren kontra daudenen tresna»

Nuria Lopez de Gereñu

Eusko Jaurlaritzako garraio sailburua