ORAIN DA GARAIA AHT GELDITZEKO!

AHT GELDITU! Elkarlanak obrak hasi direla salatu eta erantzuteko mobilizazioak deitu ditu

AHT GELDITZEA BADAGO, PAREMOS EL TAV!!!AHT GELDITU! Elkarlanak salaketa larria egiten du “Euskal Y”-aren lanak hasi dituztelako, eta gertakizun larri honen aurrean, gizarte osoari dei egiten dio kalte ekologiko eta sozial larriak eragingo lituzkeen proiektu txikitzaile hori berehala geldiaraz dezaten exijitzeko egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko.

Herriaren erantzunak indartsua izan behar du: AHT Euskal Herrian egitasmorik gaitzetsi eta kritikatuena da, eta obrak hastea onartezina da.

Gainera, Jaurlaritzak eta Espainiako gobernuak ezarri duten erabateko ilunkeria salatzen dugu, Sustapen Ministerioak AHTren eraikuntza lan horiek inolako informaziorik eman gabe eta Eibar-Gasteiz autopistarentzat desjabetutako lurretan hasi baititu, Arabako Luku herrixkaren ondoan.

Orain da garaia indarrez erantzuteko eta herriz herri eta eskualdez eskualde AHTren aurkako mobilizazioak zabaltzeko eta sendotzeko. Obrak gelditzeko ez da berandu eta AHTren inposaketari Urbinan, Gasteizko 20 kontzejutan eta laister Itsasondon ere egingo den herri galdeketek duten zilegitasuna kontrajarri behar diogu. Halaber, AHTren kontrako oposizioa etorkizunari begira egindako apostu bat bezala dakusagu, herriari bere erabaki propioak hartzeko ahalmena emateko eta erakundeetatik ezartzen ari den garraio eta gizarte eredu suntsitzailea eztabaidagai jarri eta eraldaketa sakon bati ekiteko.

Horregatik guztiagatik, AHT GELDITU! Elkarlanean biltzen garen hainbat gizarte mugimendu eta erakundek datozen egunetan AHTren obren hastapenari ahalik eta erantzun zabalena emateko antolatu diren mobilizazioetan parte hartzeko dei egiten dugu:

Azaroak 3 ostirala:
KONTZENTRAZIO LOKALAK

Azaroak 4 larunbata:
OBRETARA MARTXA
Urbinatik, arratsaldeko 5etan.
Bestalde, Urbinan abian jarriko den AHT EZ GUNEAn parte hartzeko dei egiten dugu. Desobedientzia zibilaren bidetik ekintzak jorratuko ditu horrek.

Azaroak 10-12 asteburua:
MANIFESTAZIO DESZENTRALIZATUAK:

Elorrio,Eskoriatza,Goierri,Orereta-Errenteria eta Tafalla.

Azaroak 18 larunbata:
EUSKAL HERRI OSOKO MANIFESTAZIOA GASTEIZEN
, 5etan “Iparralde” Gizarte Etxetik.