AHT kautelaz gelditzeko eskatu du Tren Sozialaren Sareak Legebiltzarrean bertan

Proiektua aurkeztu denetik, orain ia 20 urte, AHTren aurkakoak lehendabiziko aldiz izan dira erakundean. «Atzerapenez bada ere, mila esker». Euskal Y-aren egitasmoa iragarri zenetik ia hogei urte igaro badira ere, lehenbizikoz aukera izan du Euskal Herriko Tren Sozialaren Sareak Eusko Legebiltzarrean agerraldia egiteko, eta, gutxienez, abiadura handiko trenaren aurka duen iritzia plazaratzeko. Sarearen ordezkari Iñaki Barcenak gonbita eskertu zuen, baina era berean azken urteotan pairaturiko zokoratzea salatu zuen.

BERRIA. Estitxu ugarte. Gasteiz

Hogei bat sindikatuk, talde ekologistak, alderdi politikok eta norbanakok osatzen dute Tren Sozialaren Sarea, eta horien guztien izenean hitz egin zuten atzo goizean Iñaki Barcenak eta Helen Groomek Eusko Legebiltzarren Garraio eta Herri Lan Batzordean. Asmoa legebiltzarkideen eta alderdi politikoen legitimitatea zalantzan jartzea zela ukatu zuen Barcenak hasiera-hasieratik. Helburua abiadura handiko trenaren inguruan gizartean dagoen «asaldura eta kezka» plazaratzea zela esan zuen, eta azpiegituraren kontrako argudioak behar bezala azaltzea.

Izan ere, Barcenak esan zuenez, ez da egon garraio ereduaren eta beharren inguruko eztabaidarik, eta horrek ikamika garrantzitsua eragin du AHTren inguruan. «Euskal gizartean benetako eztabaida serioari eusten ez badiogu hainbat udalerritan sekulako gatazka sortuko da. Ez da mehatxua, bistakoa den errealitatea baizik. Irtenbideak bilatu ezean, gatazka mahai gainean izango dugu obrak hasi bezain pronto», esan zuen Barcenak.

Kritikaz haratago, Tren Sozialaren Sarearen ordezkariek proposamen zehatzak eraman zituzten atzo Eusko Legebiltzarraren Garraio eta Herri Lan Batzordera. Batetik, instituzioen eta gizarte eragileen arteko eztabaida mahaia eratzea proposatu zuten. Horretan aztertu beharko lirateke egungo garraioaren eta tren sarearen egoera, zer-nolako alternatiba berriak dauden intermodalitatea eta sarbide egokiak bermatzeko, eta gizarte eragileek garraioaren eta trenbide sarearen inguruan dituzten proposamenak.

Bestetik, AHTren egitasmoa kautelaz gelditzea proposatu zuen Groomek. «Eztabaida sozial zabala bideratzea nahi dugu, garraioaren benetako beharrak ongi aztertzeko». Ondoren, euskal gizarteak egitasmoari buruz duen iritzia jasotzeko behar diren mekanismoak jartzea eta erabakiak kontuan hartzea galdegin zuen Groomek. Ildo horretan, gainera, Tren Sozialaren Aldeko Sarearen ordezkariak nabarmendu zuen herriz herri antolatzen ari diren AHTren inguruko herri kontsultak babesten dituztela.

GARRAIOA EUSKAL HERRIAN. Tren Sozialaren Aldeko Sareak azken urteotan garraioaren egoerari buruz landu duen ikerketa eta hausnarketak oinarritzat hartu dituzte aipatu proposamenak egiteko. Garraioa Euskal Herrian: egoera eta etorkizunerako proposamenak txostenean biltzen dira Eusko Jaurlaritzaren egitasmoari egiten zaizkion kritika nagusiak: oinarritu eta kontrastatu gabeko egitasmoa dela, informazio partziala ematen ari dela, tokiko ekonomia ez duela garatzen eta abar

alderdien erantzunak

EAJ

«Ez dugu atzera joko»

EAJren legebiltzarkide Juan Antonio Arrieta-Araunabeñak ukatu zuen eztabaida falta dagoela, eta AHT egin egingo dela nabarmendu zuen. «Eztabaida izan da eta izango da. Herritarrek egitasmoaren inguruan duten ezagutzari buruz, inkestek diote herritar gehienek AHTren obrak lehenbailehen hastea nahi dutela. Eztabaidatzeko prestutasun osoa dugu, ibilbidea hobetzeko arazorik ez dugu, baina ez dugu atzera joko, erabakia demokratikoki hartu genuen orain dela hamabost urte» .

PSE-EE

«AHT atzeraezina da»

PSE-EEko ordezkari Oscar Rodriguezek azpimarratu zuen egitasmoa gelditzeko arrazoirik ez dagoela une honetan. «Egitasmoaz luze pentsatu dugu, hamazazpi urte izan ditugu eztabaidatzeko garraioaren ereduaren inguruan, eta orain ez dago egitasmoa gelditzeko arrazoirik, AHT atzeraezina den azpiegitura da. Nolanahi ere, ahaleginak egin daitezke oinarrizko akatsak egonez gero, horiek zuzentzeko. Halaber, instituzioen eta gizarte eragileen arteko eztabaida mahaia proposamen egokia dela uste dugu».

PP

«Oso egitasmo ona da»

PPren legebiltzarkide Laura Garridoren esanetan, abiadura handiko trenaren egitasmoa ezinbestekoa da Euskal Autonomia Erkidegoaren garapenerako. «AHTren proiektua oso garrantzitsua da, oso ona batez ere EAEko garapen sozioekonomikoan sekulako eragin positiboa izango baitu, eta ildo horretan oinarrizko proiektua dela uste dugu. Gainera, gure erkidegoa egituratzeko oso baliagarria izango da. Egoniko eztabaida nahikoa izan da, baina saiatu behar da ahalik eta kalte gutxien eragiten».

EAB

«AHT ez da bidea»

Ezker Abertzalearen ordezkari Julian Martinezek Tren Sozialaren Sarearen hausnarketak eta proposamenak bere egin zituen. «Tren Sozialaren Aldeko Sareak argi eta garbi adierazi duen moduan, abiadura handiko trenak ez ditu etorkizuneko garraioaren arazoak konponduko. Bestetik, Sarearen atzean ez daude lau katu, gizartearen zati handi bat ordezkatzen du Sareak, eta horien iritziak eztabaidatu eta kontuan hartu behar dira. Beste ikuspegi eta beste irtenbide batzuk daudela onartu behar da».

EA

«Eztabaida nahi dugu»

Nekane Alzelai EAren legebiltzarkideak aitortu zuen eztabaida handia dagoela azpiegituraren inguruan, eta Tren Sozialaren Sarearen proposamenak aintzat hartuko dituztela hitz eman zuen. «Gure alderdian, gizartean bezala, eztabaida handia dago AHTren inguruan, kontrako eta aldeko iritziak ditugu. Guk eztabaida hori nahi dugu, benetan parte-hartzailea den eztabaida nahi dugu, baina ez soilik trenaren inguruan, baizik eta garraioaren ereduari buruzko eztabaida zabal eta sakona».