AHTk ekarriko dituen ondoriak salatzeko helburuz ibilaldi batek Sakana zeharkatu du

GARA

Abiadura Handiko Trenaren proiektuak kalapitak sortu ditu euskal gizartean eta azpiegitura horren aurkako oposizioa handiagotzen ari da. Larunbatean, AHT Gelditu! Elkarlanak Sakanan izan zuen hitzordua, bertan, azpiegituraren aurkako bigarren ibilaldia egin zuten.

Uharte-Arakil, Arruazu, Arbizu, Lakuntza, Lizarragabengoa eta Etxarri-Aranatz artean egindako ibilbideak 80 pertsona inguru bildu zituen. Antolatzaileen esanetan gainera, AHTren makroproiektuak lurraldearekiko eta gizartearekiko dakartzan ondorio «larriak» izango dira, eta azpiegitura honek bai maila sozialean, bai ekonomikoan duen «iraunkortasun eza» salatu zituzten ibilbidean zehar.

Sakanako eskualdeak azaroan egin zuen lehen ibilaldia, Izurdiaga eta Uharte Arakil bitarte eta AHT Gelditu! Elkarlanak azaldutakoaren arabera, bigarren ibilaldi honekin gizartearen parte hartzea bultzatzea bilatzen zuten. Ildo horretan gainera, makroproiektuak Sakanako eskualdean ekarriko dituen ondorien berri ematearekin batera, bailarako biztanleriaren oposizioa handiagotzen ari dela ondorioztatu du.

Hitzordu gehiago

Bi ibilaldien arrakastaren ostean, AHT Gelditu! Elkarlanak hirugarren gonbidapena egin nahi izan dio biztanleriari eta Etxarri Aranatz eta Altsasu bitarte arituko den ibilaldi berri bat aurkeztu du. Hitzordua heldu den hilean izanen da. Honela, martxa honekin, AHTren kalteen inguruko sentsibilizazio kanpainari amaiera emango zaiola adierazi dute antolatzaileek.

Etiketa(k):