«Euskal Y»a gelditzea «guztien esku» dagoela nabarmendu dute Legutianon

Antolatzaileak oso pozik azaldu ziren atzo Abiadura Handiko Trenaren aurka Legutianon izan zen mobilizazioarekin. Plazak gainezka egin zuen Euskal Herri osotik iritsitako mila pertsonatik gora biltzean. Manifestazioaren ondorengo ekitaldian, Madrilgo eta Lakuako Gobernuek «inposatu» nahi duten proiektu «txikitzailea» gelditzea «guztien esku» dagoela nabarmendu zuten Urbinako Kontzejuko presidente Josu Ormaetxeak eta AHT Gelditu! Elkarlanak.

GARA. LEGUTIANO

Legutianon sekula egin duten manifestaziorik jendetsuena izan zen atzokoa. Lakuako Gobernuari eta Sustapen Ministerio espainolari Abiadura Handiko Trenaren (AHT) egitasmoa geldiarazteko balio izan zuen manifestazioak, baita proiektu «txikitzaile» horren inguruko informazioa emateko eta eztabaida eta guztiek parte-hartzea izango duten erabaki prozesu bat abian jarri behar dela aldarrikatzeko ere.

Mila pertsona baino gehiago bildu ziren eguerdian herriko enparantzan, “Herriari entzun, AHT gelditu” lelopean egin zen mobilizazioan parte hartzeko. Herriko kaleetan barrena murgildu bezain laster, «Ez, ez, ez, AHTrik ez» edo «Txikizioa gelditu!» oihuak entzun eta “Ama lurra defenda dezagun” nahiz “AHT stop. Auto-organizazioa” gisako pankartak ikus zitezkeen. Ordu laurden baino ez zuen iraun eta hasierako hitzorduko tokira itzuli ziren berriro.

Ondorengo minutuetan egin zuten ekitaldian, “Vecinos de Urbina. Respetad la voluntad popular. AHT gelditu” irakur zitekeen pankarta izan zen agertoki gainean. Urbinako Kontzejuko presidente Josu Ormaetxeak hartu zuen bertsolarien lekukoa. Legutianorainoko bidean, manifestari gehienek «inposatu» nahi den makroproiektuak «txikituko» lituzkeen herriak eta nekazaritza eremuak ikusi izan dituztela jakinarazi zuen.

Agintariek «nahi dutena» egiten dutela ikusirik, herriak «hitza hartzea» erabaki duela nabarmendu zuen. Alde horretatik, lanean jarraitzeko mezua helarazi zuen Ormaetxeak. Izan ere, jakina da «Euskal Y»aren atzean daudenek ez dutela «beren negozioa alde batera utziko, gutxi axola baitzaie herriaren borondatea eta Euskal Herriaren etorkizuna».

«Alarma-egoera»

Urbinako alkatearen hitzaldia txalotu eta «Herriak bizirik, AHTrik ez» oihukatu ondoren, AHT Gelditu! Elkarlanak hartu zuen hitza, azken haren ildo beretik. Auzi hau «alarma-egoeran» dagoela nabarmendu zuen, Madrilgo Gobernuak AHTren eraikuntza lanak egiteko lehiaketara atera dituen lau zati berrien kontratuak direla-eta, zein horien aurretik Arratzu-Ubarrundia eta Legutiano artean agindutako lanak hasteko «arrisku larria» dela-eta.

Dena dela, mezu «argia» igorri zuen. «Euskal Y»a gelditzea AHT Gelditu osatzen duten herritar, sindikatu, talde ekologista, AHTren Aurkako Asanblada, herrietako talde, gizarte mugimendu eta alderdi politikoen esku dagoela, hain zuzen.

Urbinako herritarrek hartu duen jarrera «eredugarria» eta Itsasondoko Udalak herritarrak informazioa jaso, eztabaidatu eta eraikitzeko hartu duen konpromisoa txalotu zuen. Era berean, ez direla azkenak izango gaineratu zuen. Atzoko manifestazioarekin, AHT gelditzeko bidean urrats «txiki» baina era berean «garrantzitsua» egin zela nabarmendu zuen. AHT Gelditu! Elkarlanaren aburuz, «zentzugabekeria» horren aurrean, «mobilizazioa eta borroka bide bakarra» dira. Are gehiago, lanak hasteko «alarma-egoeran» egonda, enpresa eraikitzaileen negozio «egarriari» eta Administrazioen «nagusikeriari eta inposizioari aski dela esateko»ordua iritsi dela eman zuen aditzera.

Horregatik, fase «erabakigarri» honetan makroproiektua salatzen jarraitzera animatu zituen manifestariak, hau da, «indarrak biltzera eta nagusikeriari aurre egitera». Izan ere, adierazi zuenez, etorkizunari begira, justizia soziala, oreka ekologikoa eta herritarren «benetako» erabakitze eskubidea bermatuko dituen eredu «arras desberdin baten aldeko borrokan AHT gelditzea giltzarri baita».