AHTa gelditzeko Manifestazioa

AHT GELDITZEKO MANIFESTAZIOA EGINGO DA_

URRIAREN 8an LEGUTION*

HERRIARI ENTZUN! AHT GELDITU

Abiadura Handiko Trenaren (AHT) aurkako AHT GELDITU! Elkarlanak manifestaziorako deia egin du urriaren 8an Legution, Eusko Jaurlaritzari eta Espainiako Sustapen Ministerioari “Euskal Y”-aren egitasmoa gelditzea exijitzeko eta gizartean desadostasun ikaragarria sortzen duen makroproiektu honi buruz jendartean informazio, eztabaida eta erabaki prozesu parte-hartzaile bat abian jarri behar dela aldarrikatzeko. Geroz eta gehiago gara Euskal Herri osoan zehar ondorio latzak eragingo lituzkeen proiektu inposatzaile honen aurka gaudenak, eta ez da harritzekoa, “Euskal Y”-az gain Nafarroako AHTren korridorea eta Iparraldean ere herritarren kontrako erantzun indartsua sortzen ari den AHTren linea berria ezarri nahi baitute.

Alabaina, AHT GELDITU! Elkarlanak salaketa larria egin nahi du gobernuek beraien prepotentziari eutsi eta eztabaida sozialari inolako aukerarik eman gabe AHT proiektua inpunitate osoarekin aurrera daramatelako. Izan ere, gatazka honek bizi duen alarma-egoera azpimarratu behar dugu, Espainiako gobernuak AHTren eraikuntza lanak egiteko orain lehiaketara atera dituen 354 milioi euroko kontratuengatik ezezik, baita horien aurretik Arrazua-Ubarrundia eta Legutio artean agindutako lanak datorren hilean hasteko arrisku larriarengatik ere. Hori dela eta, Legutioko enparantzatik goizeko 12:00etan aterako den manifestazioan parte hartzeko deialdia egiten dugu, HERRIARI ENTZUN! AHT GELDITU. RESPETAD LA DECISION POPULAR: TAV NO lemapean, azpiegitura honen inguruan gizartean dagoen gaitzespen zabala erakusteko eta herritarren erabaki-eskubidea defendatzeko.

Pasa den ekainean Urbinako kontzejuak AHTri buruz egindako herri-galdeketak borroka honi ematen dion legitimitatearen indarra kontrajarri behar diogu AHTren inposaketari. Urbinako herriak auzi honetan erakutsi duen jarrera eredugarria da: batetik, herritarrek erabakitzeko nahia ozenki aditzera emateagatik eta, bestetik, herriak azpiegitura honen kontra oposizio irmoa agertzeagatik. Gauzak horrela, Espainiako Sustapen ministro Magdalena Alvarez berak onartu du herritarren partetik erresistentzia topatu eta desjabetze-prozesuan arazoak izaten ari direla. Behar-beharrezkoa da, beraz, gure inguru sozial eta naturalean ondorio larriak eragingo lituzkeen proiektu txikitzaile honen inposaketarekin behingoz amaitzea, eta erabakietan herri eta auzo kaltetuen parte-hartze zuzena sustatzea. Jendartearen bizi-baldintzetan bortizki eragiten duten arazoen aurrean herritarrek eztabaidatu eta erabakitzeko aukera izan behar dute.

Eta horrekin batera, euskal gizarteak, oso osorik, azpiegitura polemiko honen eztabaida bere egin behar du, AHTren auzian geroari begira nahi dugun gizarte ereduari dagozkion gako ugari baitaude. Horregatik kaleratu ginen milaka pertsona joan den ekainean, Donostian, AHT gelditzeko eskatzera: AHT gelditzea egungo gizarte esplotatzaile eta xahutzailea zalantzan jartzen duten gizarteko sektore guztien premiazko eta ezinbesteko zeregina delako, etorkizunari begira juztizia soziala, oreka ekologikoa eta herritarren benetako erabakitze eskubidea bermatuko dituen gizarte eredu arras ezberdin baten aldeko borrokan giltzarri bihurtuz.

Azkenik, Garraio Sailak iragarri duen ustezko kanpaina “informatibo” berriaren harira, halako kanpainak makillaje demagogiko eta gezurti baten azpian AHTk ingurugiroari, nekazaritzari, ekonomiari, lurraldearen orekari, eta ondorioz gizarte osoari eragingo lizkiekeen kalte larriak estaltzen dituzten kanpaina propagandistiko hutsak direla salatu nahi dugu. Aipagarria da, batipat, gezur izugarria dela AHTren alde kamioien zirkulazioa murriztuko lukeela esanez gehienetan errepikatzen den sasi-argudioa: egiazki, AHTren proiektuarekin batera errepide bidezko garraioaren emendatze beldurgarria aurrikusten da azpiegitura-plan guztietan, instituzioen politikaren izaera desarrollista eta txikitzailea berretsita.

Hau guztia dela eta, AHT GELDITU! osatzen dugun sindikatuek, talde ekologistek, AHTren Aurkako Asanbladak, herrietako taldeek, gizarte mugimenduek eta alderdi politikoek, datorren urriaren 8an Legution egingo den manifestazioan ahalik eta jende gehien biltzeko dei egiten dugu, AHTren inposaketak gizartearen Ezezko biribila jaso dezan eta proiektu txikitzaile hori gelditzeko herritarrok daukagun erabaki sendoaren froga eman dezagun.

Halaber, AHT GELDITU!-k egun berean bertan bazkal ostean Legutioko Kultur-Etxean Batzar Orokorra egingo duela jakinarazi nahi du, informazio eta mobilizazio dinamika berriak bultzatzeko helburuarekin. Batzar honek izango duen garrantzia azpimarratu nahi dugu gainera, AHTren kontrako mugimendua zabaldu eta “Euskal Y”-aren inposaketa gelditzeko borroka sendotzeko.
Honenbestez, zuen partaidetza espero dugu eta deialdi hau zuen inguruan zabaltzea eskatzen dizuegu. Informazio gehiago nahi izanez gero, edota modu aktiboan koordinatu nahi baduzue, harremanetan jar zaitezte:

AHT GELDITU! ELKARLANA Tlfno: 657705677