Gure etorkizunaren alde, AHT gelditu!

Gaur Abenduak 7 ehundaka pertsona bildu gara "Gure etorkizunaren alde, AHT gelditu!" lemapean Durangon. Durangoko AHT gelditu! Elkarlanak deitutako deialdia izan da.

Komunikatua:

Orain dala urtebete baino gehiago hasi ziren AHTren lanak Araban. Gipuzkoan urtarrilean hasiko dabez, eta Bizkaian seguruena be bai. Eta ezin gara lokartu, erantzun egin behar dogu!

Eusko Jaurlaritzak inposaketaren bidea baino ez dau erabili prozesu osoan. Bere betebeharra zan beste ezertan hasi aurretik herriari informazinoa emotea, baina ez dabe egin. Dana ezkutatzen dabiz eta ez jakie interesatzen proiektuari buruzko eztabaidarik sortzea, badakielako ez daukiela inolako arrazoirik. Askotan gonbidatu izan dabez herri askotara eztabaida publikoetan parte hartzen, eta inoz ez dira agertu. Argi eta garbi dakie gero eta gehiago garala AHTren aurkakoak, baina gu isilarazoten, gu existituko ez bagina moduan jokatzen jarraitzen dabe, manipulazinoaren eta guzurraren bidetik.

Azken hilabetean Eusko Jaurlaritza burruka mediatiko basatia egiten dabil gure aurka. Eta horretan gogotsu laguntzen deutse Euskal Telebistak, El Correok eta beste komunikabide batzuk. Intoxikaziñoa baino ez darabile guri erantzuteko. Ez daukie argudiorik guri kontran egiteko, ez daukie arrazoirik, eta badakie; eta horregaitik dabiz guzurretan, ezin dabelako besterik egin. Lotsagarria da Gereñu berbetan entzutea, lotsagarriak dira botatzen dauazan guzurrak, baina holan jokatzen dabe bildur diralako. Herriaren bildur dira, badakielako irabazi egingo dogula, badakielako trena geratuko dogula eta negozio barik itxiko doguzala!

Intoxikaziño kanpaina horrek helburu argia dauka: eztabaida desbideratzea, trenaz berba egin beharrean beste zeozertaz berba egitea eta gu guztiok kriminalizatzea. Eta intoxikazino horren aurrean, guk egin geinken gauzarik eraginkorrena informazinoa emotea da. Gure inguruko herritarrei munstro honek eragingo leukezan kalteen barri emoten jarraitu behar dogu, argi geratu dalako jenteak gero eta informazino gehiago eukin, kontrako jarrera zabalagoa dala. Euren guzurren aurrean, euren manipulazinoaren aurrean, guk, informazinoa! Jarraitu egin behar dogu kalera urtetan eta herritarrei informazinoa emoten, jarraitu egin behar dogu gure inguruan trenaz berba egiten eta dakigun guztia kontatzen. Eta hori, gutako bakotxaren lana da: gure eguneroko bizimoduan, etxean, kalean, lantokian edo ikasgelan AHTren gaia atara behar dogu eta ingurukoekaz AHTri buruz berba egin behar dogu, jente guztia informatuta egon daiten.

Bide horretatik, Anoetan eta Elorrion, herritarrek lan handia egin dabe informazinoa emoten eta herri galdeketa antolatzen. Trabak ipini deutsiez alde guztietatik, baina traba horreek gainditzen jakin dabe eta azkenean herriaren eritzia, herriaren berba, entzun egin da. Agintari politikoek egin ez dabena egin dabe: demokrazia praktikan jarri. Eta ganera, herri biek ezetz esan deutsie AHTri. Zorionak! Baina zoritxarrez, hori ez da nahikoa izango. Eusko Jaurlaritzak ez dau kontuan hartuko herritarrek esandakoa, eta beraz, garaipen garrantzitsu horrek animatuta, lanean jarraitu beharko dogu.

Durangon be, herriari informazinoa emoteko eta galdetzeko eskatu geuntson Udalari mozino baten bidez. Horren aurrean, EAJk, PSOEk eta PPk demokrazia zelan ulertzen daben argitu euskuen eta ezetz esan eutsen gure eskariari. Ezetz guri eta baietz Durangon beste hondakindegi erraldoi bat egiteari, baietz kutsadura elektromagnetikoaren eta akustikoaren ondorioz gure osasuna arriskuan ipintzeari eta baietz esan eutsen Durangoko Andalatorre baserria botatzeari. Ezetz herriari eta baietz negozioari!

Baina guk ez dogu etsiko! Datorren asteburuan be, manifestazino nazionala egongo da Arrasaten arratsaldeko bostetan. Eta garrantzitsua da bertan alkartzea eta AHTri ezetz esatea! Baina ez daigun ahaztu: zoritxarrez, manifestazino bategaz ez dogu hau geratuko, eta horregaitik, Arrasatera joatea bezain garrantzitsua da egunero-egunero, bakotxak bere herrian honen aurka lan egitea. Danon laguntza behar da! Danon buruak eta besoak behar doguz trena zelan geratu pentsatzeko eta trena geratzeko! Burruka honetan gabizenok ez dogu behar gizartearen babesa; gizartearen inplikazinoa behar dogu! Ez dogu behar besteok gu babestea; besteok gu izatea behar dogu!

AHTk ez dauz bakarrik gure mendiak eta baserriak izorratuko, AHTk gure bizimodua eta gizarte-eredua txarrera aldatuko dauz. Lehendik txarto dagoana gehiago kakaztuko dau. Nahikoa da PNVren eta bere inguruko txikitzaileen aurrean burua makurtzeaz! Nahikoa da euren inposaketa onartzeaz zereginik egongo ez bazan moduan! Indarra eta gogoa badaukaguz! Arrazoia alde daukagu! Eta argi eukin behar dogu, orain eta hemen Trena geratzen ez badogu, etorkizunean beste proiektu txikitzaile batzuk etorriko jakuzala, beraz, geroa gure esku dago!

GURE ETORKIZUNAREN ALDE!
GURE SEME-ALABEN ETORKIZUNAREN ALDE!
AHT GELDITU!

Etiketa(k):