Prentsaurrea Zaldibian Donostiako ekintza eta akanpada baloratuz

Prentsaurrea Zaldibian
Abiadura Handiko Trenaren aurkako XIII. Akanpada uztailaren 24an hasi genuen Zaldibian eta prentsaurreko honen bidez horren inguruko balorazioa egin nahi dugu. Bertan egitarau zabala eraman dugu aurrera: hitzaldiak, eztabaidak, protesta ekintzak, festak, eta abar. Hoien artean kokatzen da igandeko ekintza.

HIRIA GELDITU ETA PENTSATU

Oso itxura bitxia izan zuen Donostiak igande arratsaldean pertsona batzuek trafikoa moztu genuenean Abiadura Handiko Trenak eta honek dakarren gizarte eredua salatzeko. Ez zaigu iruditzen bizitzak normaltasun osoz jarraitu dezakenik batere normalak ez diren lanak abian jarri dituztenean hainbat euskal herrietan. AHTk ekarriko lituzkeen kalteen eta bizimodu eraldaketaren larritasunaz jabetzeko aukera eman nahi izan genuen ekintza honen bitartez.

AHTren obrak Luku-Urbinan, Ordizian, Eskoriatzan, Aramaion, Abadiñon eta Basaurin hasi dira lur mugimendu izugarriekin, zuhaitz eta landare triskantzarekin eta mendi zulaketekin. Ehundaka hektarea baso eta baserri lur aberatsak eta lur azpiko urak suntsitu nahi dituzte tunel eta biaduktoen bitartez eta hau oso larritzat jotzen dugu lurra eta ura bizitzaren oinarriak bait dira. Bizitzaren oinarriekin bukatu nahi dute. Beste hainbat lur hektarea hondakindegiekin lurperatu nahi dituzte eta ehundaka mendi desagertarazi harrobien bitartez, azpiegitura hau eraikitzeko behar duten hormigoia lortzeko.

AHTak dakarren energia eta diru xahutzea, baliabideen agortzearekin lotuta dagoen krisi orokor batean gauden honetan ere erokeria da argiki.

Honek guztiak zer pentsa eman beharko liguke, eta hori izan zen hain zuzen asmoa igandean Donostian hormigoizko bidoietara kateatutako sei lagunek hiru ordu luzez trafikoa moztu zutenean.

Toki guztietan barreiatzen duten hormigoiaren hiru lagin baino ez genituen ekarri Donostia erdira. Beraien hormigoia jende eta herrien gainetik igarotzen da ibilgailuen mugikortasun eroa areagotuz. Geureak ordea pertsonei kalean lasaiago ibiltzeko, pentsatzeko, elkartzeko eta eztabaidatzeko aukera eman zien.

Sei pertsona autobus bitara igo ziren pankarta birekin: “TXIKIZIOA GELDITU, MAKINAK KANPORA”, ”VUESTRO PROGRESO, NUESTRA DESTRUCCIÓN”. Asfaltoan lagun batzuk “AHT EZ, NO TAV” margotu zuten. Inguruan eta Donostiko beste auzoetan pankarta gehiago desplegatu eta zintzilikatu zituzten, hauen artean bat hondartzara begira, eta milaka eskuorri banatu zituzten. Ondorioz ehundaka lagun bildu ziren ekintzaren inguruan eta milakak izan zuten Abiadura Handiko Trenaren gaia izpide.

Ekintzaileen inguruan (gehienak emakumeak) leloak ohiukatuz animatzera joandakoak eta ikustera hurbildu zirenekin jende mordoa bildu zen. Tentsio une batzuk eman ziren eta ertzainak bizpahiru aldiz kargatu zuen jende guztia bultzatuz edo kolpatuz, gazte zein nagusi. Hauen artean gutxienez bik zauri arinak jasan zituzten.
Ertzaintzak hamabi lagun atxilotu zituen. Autobus baten gainean zeuden nesketariko bat era bortitzean jeitsi zuen. Bidoi batetara kateatua zegoen mutil bat buruan kolpatu zuten. Behin komisaldegiko ziegan emakume bi esposatuak euki zituzten bi ordu inguru. Gauean hotza pasatu zuten eta ezin izan zuten ondo lo egin poliziak etengabe molestatzen zituelako. 

Azpimarratu nahi dugu desobedientzia oinarri zuen ekintza zuzen, publiko eta kolektibo honetan jende kopuru handia inplikatu zela. AHTren aurkako mugimendua sendotzeko balio izan duela uste dugu eta bide honetatik jarraitzera deia egiten diogu AHT onartu nahi ez duen guztiari. Inoiz baino beharrezkoagoa bait da AHTa gelditzeko eta berarekin batera metropoli artifizial eta parasito bultzatzen duten beste azpiegitura erraldoiei aurre egiteko.

AHTren Aurkako Akanpada.

Prentsaurrea Zaldibian

Prentsaurrearen audio (ia)osoa (mp3 formatuan, 6,5 Mb).

Erraz entzuteko audioa (nabigatzailea flash plugina eduki behar du).  

Etiketa(k):