Jendarte Eredua Aldatu. Azpiegitura-Lan Handiak Gelditu!

GIPUZKOA DESBERDIN BATEN ALDE, JENDARTE EREDUA ALDATU:
AZPIEGITURA-LAN HANDIAK GELDITU!

Manifestaziorako deia egiten dugu, otsailaren 4an, larunbatean, Donostian, arratsaldeko 17’30etan Bulebarretik abiatuta.

Asken astean ekimen ugari: Prentsaurreak, Elkarretaratzea, Mahai-inguruak, Kontzentrazioa, Hitzaldia eta Antzerkia.

      Urteak dira hainbat talde proiektu eta azpiegitura-lan erasokorren oposizioan gabiltzala; herritarron ongizatearen alde, ingurumenarekiko errespetuaren alde, eta jendarte ereduari buruzko hausnarketan lanean.
Ekimen honen bidez herritarrei dei egiten diegu ingurumenean, ekonomian eta gizarte arloan kalte larriak eragiten dituzten era askotako azpiegitura-lan handien aurka agertzeko: AHT, Erraustegia, Jaizkibelgo Superportua, Oiartzun-Lezo-Gaintxurizketako plataforma logistikoa, Donostialdeko metroa, Hondarribiako aireportuaren handitzea, Zubietako makro-espetxea, Mutrikuko portua, autobideak eta goi-tentsio lineak, besteak beste.

      Jakina denez, Gipuzkoako lurraldeak, hain txikia izanik, industria-garapen handia izan du, eta urteetan zehar azpiegitura  askoren eraikitzea jasan du. Azpiegitura pilatze horrek zera ekarri du, lurraldea neurrigabe hiritartzea eta metropolizatzea, ingurumen naturala izugarri hondatzea, nekazal zonaldeen eta nekazaritza lurren galera, ingurumenaren gero eta artifizializazio handiagoa, kutsadura atmosferikoa eta akustikoa, aldaketa klimatikoan eragin handia, eta orohar, bizimoduan aldaketa handiak eta oso eragin kaltegarriak sortu ditu herritarrongan.

      Azpiegitura-lan handietan sekulako inbertsioak  egin, dirutza handia xahutu eta izugarrizko zulo ekonomikoa egin dute. Horretaz gain, azpiegiturei emandako lehentasunak enpresen interes jakin batzuei mesede egitearren hainbat gizarte-premiari erantzuteko ezinbestekoak diren baliabideak ahitu eta ekonomia, osasun, hezkuntza, kultura eta jendarte arloko beste iharduerek behar dituzten aurrekontuak zurrupatu dituzte. Prozesu hauek oso ondorio sozial larriak izan dituzte jada, eta  ondorio horiek are larriagoak izango dira etorkizunean, norabidea aldatzen ez badugu, gainean daukagun krisialdi sakona kontuan hartuta. Krisia ez da finantzieroa bakarrik, zaintzaren krisia eta krisi ekologikoa ere bada.

      Egoera honen aurrean, azpiegitura-lan handiak eta proiektu txikitzaileak gelditzeko borrokari eustea berebiziko garrantzia ematen diogu, lurraren defentsari eta garapen ereduaren aldaketari lotuta. Ezinbesteko deritzogu halako kaltea eragiten duten makro-proiektuak geldiarazteko eta egungo garapen-eredua aldatzeko indarra egitea. Argi dago aurkakotasun zabala sortu duten azpiegitura polemiko horiek ez direla herritarrei banaka kalte egiten dieten gertakariak, bere osotasunean hartuta zalantzan jarri behar den  garapen eredu baten parte baizik.

AHTaren Aurkako Asanblada - AHT Gelditu! Elkarlana - Errausketaren Aurkako Herri Plataformen Koordinakundea - Jaizkibelgo Superportuaren Aurkako Taldea - PTPren Aurkako Oiartzungo Taldea - Mutriku Natur Taldea – EHNE – Gipuzkoa Zero Zabor