Geldi dezagun AHT

Berria. Iritzia Arrazoi asko ditugu abiadura handiko trena gelditzeko. Ezin dugu proiektu inposatu bat onartu, Euskal Herriko herritarrek ezin izan baitute horri buruzko iritzia eman. Are gehiago: arbuiatu egin dute herri kontsulten bidez iritzia eman dutenean. Ezin dugu onartu, ezta ere, indar autonomistek Espainiarekiko eta Frantziarekiko lotura inposa diezaguten beharrezkoak ez diren azpiegituren bidez. Izan ere, Euskal Herriko giza talde aberatsen interes ekonomikoei ez ezik, interes autonomistei eta Espainiak eta Frantziak Euskal Herria mendean edukitzeko duten interesei erantzuten die proiektu horrek. Zapatero, Ibarretxe, Sanz eta abar egunero mintzatzen zaizkigu demokraziaz; ahaztu egiten zaie, baina, demokratikoki jardutea; ahaztu egiten zaie demokrazia hutsean geratzen dela herriaren borondatea errespetatu ezean, eta hitz hutsa bihurtzen dela. Gutxi axola zaie merkatari horiei eta euren lagunei proiektu horrek Euskal Herriari, gure ama lurrari, gure mendi eta haranei, gure nekazaritzari eta abarri ekarriko dizkien kalteak. Era berean, ez dugu etsitzen neoliberalismorik basatiena sinbolizatzen duen proiektua onartzera, euskal herritar askoren bizi-baldintzak kolokan jarriko dituena. Gero eta jende gehiagok uste du ezegonkortasunean oinarritutako gizarte berri bat ari dela nagusitzen. Gizarte eta lan eskubideak gutxitzen ari dira azken hamarkadetan, batez ere Maastrichteko itunaz geroztik; gero eta urrunago gaude ongizate eredutik, eta gero eta gertuago ezegonkortasunetik; hala, inolako segurtasunik gabe bizi da jende asko eta asko. Izan ere, gero eta zailagoa da etxe bat erostea; ez dugu lan duina lortzeko segurantzarik, ez eta pobrezia mailatik gorako diru sarrerarik ere soldata, pentsio edo laguntzen bidez, edota gizarte zerbitzu publikorik. Eta ezegonkortze prozesu hau guztia legezko ari da bihurtzen, lurzoruaren eta berdintasunaren inguruko legeen, lan erreformen, zerga erreformen, zuzentze planen eta abarren bidez. Gainera, Euskal Herrian gero eta aberastasun handiagoa sortzen ari garen unean ari da gertatzen prozesu hori. Ibarretxek eta Sanzek diote hori. Eta egia da, euskal herritar guztiak duin bizitzeko beste aberastasun sortzen dugu. Ibarretxek eta Sanzek ez digute esaten, baina, aberastasun hori gero eta okerrago banatzen dela, eta gero eta jende gutxiagoren artean. 804 eurotik beherako soldatarekin bizi dira 900.000 lagun Euskal Herrian (Euskal Herrirako pobrezia atalasea, OCDEren arabera), 100.000tik gora lagunek ezin dute etxerik erosi, eta milaka eta milaka pertsona gizarte zerbitzuei dagozkien lanak egitera behartuta daude, halakorik ez dagoelako edo pribatizatu egiten dituztelako. Aurrekontuak lirateke joera hori zuzentzeko tresnak, baina horiek ez dira erabiltzen aberastasuna banatzeko. Alderantziz: zerga bilketari dagokionez, iruzur, salbuespen eta arintzeak onartzen dira; eta gastuei dagokienez, berriz, dirutzak xahutzen eraikuntza sektorean. Horixe da abiadura handiko trenaren kasua ere, dirutza beharko baita. Proiektu horrek langileen gizarte eta bizi baldintzak kolokan jarriko ditu batetik -ekoizpena lekualdatzeak areagotu egingo du azpikontratatzeko eta behin-behineko lanpostuak sortzeko tokiko joera, ekoizpen sektoreak zerbitzu eta logistika jarduerak bihurtuko...-, azpiegitura horiek diru publikoarekin ordainduta murriztu egingo ditu gizarte eskubideak. Administrazioen gardentasun eza dela eta, zaila da makroproiektu hori zenbat kostako den jakitea. Herri mugimenduak 6.000 milioi euro kostako dela pentsatzen du (diru hori nahikoa litzateke hutsik dauden etxeekin gizarte alokairuko etxebizitzak egiteko, eta milaka eta milaka euskal herritarrek etxebizitza lortzeko duten arazoa konponduko luke). Jakin badakigu, dagoeneko, 2007rako Jaurlaritzak 253 milioi euro erabiliko dituela proiektu horretarako. Diru sail horrekin 4.000tik gora etxe huts berritu, eta alokairuan jar daitezke, edo haurtzaindegietan dagoen leku falta konpondu, edo gure aitona-amona askoren pentsioak 804 eurora igo... Garbi dago: garrantzitsuena zer den erabakitzea da koska. AHT, edo etxebizitza, osasun zerbitzuak, soldata duina edo kalitatezko gizarte zerbitzuak edukitzeko eskubidea. Argi eta garbi dago erakundeen erantzuna: nahiago dute abiadura handiko trena, batzuen patrikak beteko dituena, herritarren bizi-baldintzek okerrera egingo badute ere. Horrelako azpiegitura batek duen energia gastua batu behar zaio horri. Izan ere, azpiegitura eraikitzeko erabili beharreko energiari hori mantentzeko beharko dena gehitu behar zaio. Horregatik nahi dituzte zentral termikoak ezarri, jendea horien kontra badago ere; Boroako zentrala dugu adibide, eta energia nuklearraren beharra ere ari dira aldarrikatzen. Ikuspegi horretatik ere, herritarren bizimoduak okerrera egitea ekarriko du AHTk, energia eredu kutsatzaile eta arriskutsua inposatuko baitiete. Arrazoi horiengatik guztiengatik, gelditu egin behar dugu AHT. Herritarren bizi-baldintzak gogortzen dituen neoliberalismo basatiaren sinbolo delako -gizarte gastuak murriztea, energia alferrik xahutzea, azpikontratatzeko eta behin-behineko lanpostuak sortzeko tokiko joera areagotzen duten lekualdatzeak, ekoizpen eredua aldatzea eta abar ekarriko ditu-, Espainiaren eta Frantziaren nagusitasuna inposatzen duelako... Arrazoi horiengatik guztiengatik eta beste askorengatik, megaproiektu hori gelditzeko antolatzeko eta borrokatzeko garaia da. Gure aldarrikapenak egiteko ordua da, herri borondatea errespeta dezaten. Beraz, hitzordu garrantzitsua dugu azaroaren 18an, Gasteizen. 17:00etan Iparralde zentro zibikoan ozen oihukatu: AHT Gelditu! Herri borondatea errespetatu! (Erredakzioan itzulia) Garrantzitsuena zer den erabakitzea da koska. AHT, edo etxebizitza, osasun zerbitzuak, soldata duina edo kalitatezko gizarte zerbitzuak edukitzeko eskubidea. Argi eta garbi dago erakundeen erantzuna: nahiago dute abiadura handiko trena, batzuen patrikak beteko dituena, herritarren bizi-baldintzek okerrera egingo badute ere. Unai Goñi, Aitor Balda eta Igor Uriarte. Elkartzeneko kideak

Etiqueta(s):