EAEko Garraio Sailaren aurrekontuaren erdia AHT ordaintzeko bideratuko da

Aurrekontuen hazkundean eragin handia du finean Espainiako Gobernuak ordainduko duen partidak. Gipuzkoako Euskal Y-aren zatiak Garraio eta Herri Lan Sailaren aurrekontuaren erdia baino gehiago eramango du, hain zuzen %51,4. Izan ere, 2007. urtean, 253,2 miloi euro inbertituko ditu Eusko Jaurlaritzak obra egiteko eta beste 28,2 miloi informazio eta komunikazio prozesua sustatzeko, Lurranek bulegoa laguntzeko, eta eraikuntza proiektuak idazteko.

BERRIA. Estitxu ugarte. Gasteiz

Nolanahi ere, 253,2 milioiko inbertsioa ez da erreala, Espainiako Gobernuarekin sinatutako akordioaren arabera, Kupotik deskontatuko baitzaio Euskal Autonomia Erkidegoari zenbateko hori eta, ondorioz, Eusko Jaurlaritzaren kutxara itzuliko da inbertitutako dirutza. Gainera, Euskal Y-aren lanaren inbertsioak eragin nabarmena izan dute Eusko Jaurlaritzaren eta Garraio eta Herri Lan sailaren aurrekontuek 2007. urtean izango duten hazkundean. Alegia, azpiegituraren lanak kontuan hartu gabe aurrekontu orokorraren igoera %11,3koa izango litzateke, eta ez %14koa. Garraio eta Herri Lan sailak, berriz, aurtengo aurrekontuetan baino %18 gehiago izango du 2007rako, neurri handi batean azpiegitura berriaren inbertsioari esker.

TRENBIDEAK ETA METROA. Bestetik, Garraio eta Herri Lan sailburu Nuria Lopez de Gereñuk atzo arratsaldean Eusko Legebiltzarrean azaldu zuenez, egungo trenbide sarea modernizatzeko inbertsio garrantzitsua egingo dute. Hala, 108,1 milioi gastatuko dituzte Euskal Trenbide Sarea elkarte publikoaren bitartez burdinbide eta instalazioak berritzeko, eta kasu batzuetan trenbidea bikoizteko eta lurperatzeko. Beste erakunde publiko batzuekin tranbiak jartzeko eta trenbide pasaguneak kentzeko hitzarmenak abiatuko dituzte.

Bilboko metroa da aurkeztutako hirugarren partida nagusia. Izan ere, 47,2 miloi gastatzea aurreikusi du Jaurlaritzak metroko Galdakako adarraren proiektua egiteko, Getxon Maidaganen trenbidea lurperatzeko eta Ibarbengoan geltokia eraikitzeko (I.linean), eta Sestao- Kabiezes eta Ariz-Basauri bideguneetan (II. linean).

Bestetik, adierazgarria da Garraio eta Herri Lan Sailak portuak mantentzeko eta horietan inbertsio berriak egiteko zuzendutako zenbatekoa; 35,2 miloi hain zuzen. Mantentze lanaz gainera itsas salbamendurako aurrekontuaren hazkundea azpimarratu zuen Lopez de Gereñuk, batez ere, Gurutze Gorriarekin duten hitzarmenean oinarrituta dago igoera. Bestetik profesionalen prestakuntza garatuko dute Itsas Arduralaritza Eskolaren bidez, eta kirol nabigazioko jarduerak garatuko dituzte.

Datuaz gainera, Lopez de Gereñu sailburuak azpimarratu zuenez, ingurumena eta alde ekonomikoak zein sozialak kontuan izango dituen garraio iraunkorraren ereduari begira egina daude aurrekontuak.