Akitaniak AHTren afera abenduan aztertuko du

Abenduaren 18tik 20ra Akitania eskualdeko Kontseiluak batzar orokorra egingo du. Bertan erabakia hartu eta ondotik bere iritzia emango du egiturak, AHT linea berriaren egitasmoari begira. Hogei urte barru Biriatutik egunero 16.000 kamioi pasatuko omen dira, eta, beraz, beharrezkotzat jo du proiektua.

GARA. BAIONA

Akitania eskualdeko Kontseiluak 1992. urteaz geroztik AHT proiektua abiatzearen aldeko jarrera izan du; beraz, egun RFFk (Frantziako tren linen kudeatzailea) duen linea berriaren egitasmoarekin bat egingo duela azaldu zion Jean-Louis Carrere egiturako lehendakariordeak GARAri.

Halere, abenduaren 18tik 20ra bitartean iraganen den batzar orokorra aitzin ez duela egitura gisa iritzia emanen nabarmendu zuen.

«Batzar orokor horretan kontseiluaren aurrekontua aztertuko dugu, eta bilera baliatuko dugu gaia eztabaidatu eta gure posizioa azaltzeko ere», erran zuen lehendakariordeak.

Baina, garraioaren egoera aztertzeko orduan Carrerek garraio arduradun gisa bere iritzia eman nahi izan zuen. 2013an bai Bordelen bai Baionan bi saturazio gune aurreikusten direla-eta, bere ustez, horri begira aukera onena linea berria eraikitzearena dela adierazi zuen.

«Ez nago dagoen linea zabaltzearen aurka, baina, linea berriarekin merkantzia trenak, bezeroen garraioa eta AHT trenen pasatzea hobekiago kudeatuko genuke», argitu zuen Carrerek.

Horrenbestez, egungo arazo nagusia, hau da, merkantzien garraiatzea aipatu zuen Carrerek. Hogei urte barru Biriatutik ibiltzen den kamioi kopurua bi aldiz bidertuko zela gogorarazi zuen. RFFk, izan ere, linea berriaren proiektuari esker merkantzien %20 trenez pasaraziko duela espero du, hau da, 4.000 kamioiren zama.

«Jakinez gaur egun 8.000 bat kamioi ibiltzen direla, kopurua 16.000ra igoko da hogei urte barru. RFFren proiektuarekin, egunero 12.000 bat kamioira pasatuko litzateke», argitu zuen lehendakariordeak.

Kopuru hori ahal bezainbat txikitzeko Akitaniaren beste proiektuen artean itsas garraioaren garapena zegoela gaineratu zuen. «Itsas garraioa handituz kamioi kopurua 10.000ra jautsiko zen. Asko da, baina 2x3ko autobide batek onar dezake», gaineratu zuen.

Hitzetatik ekintzetara

AHT egitasmoarekin bat egiten badu ere, gaiaren aipamena baliatu zuen Jean-Louis Carrerek egungo tren lineekin Gobernu frantsesak erakusten duen «arduragabekeria» salatzeko.

Akitaniak urtero tren lineak berritzeko 1.510 milioi euro xahutzen dituela gogorarazi zuen. Gobernuak, aldiz, deus ez duela egiten erran zuen. «Badakite gauzak horrela jarraitzen badute Baiona-Garazi lineak, esaterako, itxi egingo direla», nabarmendu zuen.

Gobernuak duela gutxi berritze lan horiek egin ahal izateko bozkaturiko 700 milioiko diru-laguntza aipatzerakoan, «hitzetatik ekintzetara pasatzeko» ordua dela adierazi zuen Carrerek. «Hitzetan sekulako dirutza jarriko duela esaten dute aldi oro, baina azkenean ez dute deus ematen. Gobernua ekintzetara pasatzera behartuko dugu lanak gure gain hartzearekin laguntza ekartzeko eskatuta. Espero dugu departamenduetakokontseilu orokorrek ere horrenbeste egitea», esan zuen, amaitzeko, Jean-Louis Carrerek.