Ia aho batez arbuiatu dute AHT Gasteiz aldeko hemezortzi herritako biztanleek

Benetako eztabaida egin arte obra bertan behera uzteko exijitu du Gasteizko Kontzejuen Elkarteak. Hautestontziek hitz egin dute: boto txartelen %90 Abiadura Handiko Trenaren (AHT) kontra, %4 AHTren alde eta %6 baliogabe. Hori da igandean Gasteiz aldeko 18 herritan kontzejuek deitutako galdeketaren emaitza. 1.500 herritar ingururen iritzia da, eta herri galdeketaren antolatzaileek adierazi dutenez, herritar horiei eta gainerako Gasteizko herritarrei zor zaien errespetua medio Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak AHTren obrak gelditu behar dituzte, «benetako informazioa eta eztabaida prozesua zabaldu bitartean, gutxienez».

BERRIA. Estitxu Ugarte. Gasteiz

Gainera, Gasteizko Kontzejuen Elkarteko (ACOVI) kide Aitor Ortiz de Zaratek adierazi duenez, AHTk zuzenean kalte egingo dien 18 herri horietan izandako emaitzarekin bat egitea erabaki dute Gasteizko udalerrian dauden herri txiki guztiek; 63k, orotara. «AHTk zuzenean kalte egingo dien herriak ez badira ere, elkartasunezko keinua egin nahi izan dute eta kalteturiko herrien iritziarekin bat egitea erabaki dute kontzejuko akordioaren bitartez», azpimarratu du Ortiz de Zaratek.

Atzo goizean aurkeztu zituzten emaitzak ACOVI elkarteko lehendakari Miren Fernandez de Landak, Mendiolako kontzejuko lehendakari Jose Mari Lopez de Arbinak, Martiodako kontzejuko lehendakari Aitor Ortiz de Zaratek eta Ines Landak. Emaitzak ikusita egitasmoa bertan behera uztea galdegin zuen Fernandez de Landak. «Egitasmoa oraindik ez gauzatzea exijitzen dugu, herri honen historian inbertsiorik handiena eskatuko duen egitasmoaren inguruan behar bezalako informazioa eta eztabaida egin arte». ACOVIko lehendakariaren hitzak dira. Ildo horretan, Euskal Herriko erakundeen, gizarte eragileen eta herritarren artean eztabaidatzeko aukera zabaldu behar dela nabarmendu zuen Fernandez de Landak. «AHTri buruz behar bezalako informazioa zabaldu beharra dago, abantailak eta eragozpenak azaldu behar dira, eta eztabaida prozesua amaituta galdeketa antolatu behar da». Eskaerak Eusko Jaurlaritzaren Garraio eta Herri Lan Sailari, Espainiako Sustapen Ministerioari, Arabako Foru Aldundiari eta Gasteizko Udalari helaraziko dizkie kontzejuen elkarteak.

Nolanahi ere, orain arte erakunde horiek guztiak herritarren eta kontzejuen aurrean erakutsitako jarrera gogor salatu zituen Fernandez de Landak. Izan ere, azaldu zuenez, elkarteak hilabete asko daramatza AHTk Gasteiz aldeko herrietan eragingo dituen kalteak ezagutu nahian, eta ezinezkoa izan da informazio zehatza lortzea. «Egitasmoaren inguruan zehaztasun falta nabaria da, baina, hala ere, hainbat herritan lur mugimenduak egiten hasi dira, inolako informaziorik eman gabe».

LOTSAGABEKERIA. Gainera, ACOVIko lehendakariak atzo salatu zuenez, Eusko Jaurlaritzaren Garraio eta Herri Lan Sailak, Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak muzin egin diote azken bi asteotan elkarteak antolaturiko mahai-inguruetan parte hartzeari. «Jarrera hori onartezina da. Lotsagabekeria eta errespetu falta ikaragarria erakutsi dute. Kontuan izan beharko lukete Arabako 63 herritako administrazio publikoak biltzen dituela ACOVIk, eta kontzejuak direla, hain zuzen ere, demokrazia parte-hartzailearen eredurik onena, herriak zuzenean parte hartzen baitu erabaki guztietan».

ACOVIren irudiko, erakundeen jarrera AHTren proiektua Madrildik inposatutakoa dela kontuan hartuta soilik uler daiteke. «Antza, lotsa ematen die espekulatzaileek eta interes ekonomikoek babesturiko proiektuaren babesle gisa agertzea».

Bestetik, Eguzki talde ekologistak igandean deitutako herri galdeketaren emaitza goraipatu, eta herritarrei haien iritzia emateko aukera zabaldu izana nabarmendu zuen atzo. Ekologisten irudiko, herri galdeketak erakundeen eta herriaren interesen arteko haustura islatu du, «erakundeek herritarren gehiengoaren alde egin beharrean kontra egin baitute».

«AHT gelditzeko exijitzen dugu, behar bezalako eztabaida egin arte»

«Lotsagabekeria eta errespetu falta ikaragarria erakutsi diete erakundeek 63 herritako kontzejuei»

Miren Fernandez de Landa

ACOVI-KO LEHENDAKARIA