Ekologistek egungo trenbidea gehiago balia daitekeela nabarmendu dute

RFF egiturak kaleratu duen txosten osoa irakurtzeko denborarik izan ez bazuen ere, CADE ingurumen elkarteen kolektiboko ordezkari Victor Pachonek, berriz ere, linea berria eraiki edo trenbidea zabaldu aurretik egun dagoena hobeto baliatu behar dutela esan zuen atzo. Horrenbestez, linea berria eraikiko balitz Ipar Euskal Herria geltokirik gabe geratzeko arriskua legokeela esan zuen. CADE kolektiboak irailean hasiko den eztabaidan parte hartuko du.

Gara. BAIONA

RFF (Réseau Ferret de France) egiturak AHTri buruzko eztabaida publikoa hasi ahal izateko Bordele eta Hendaia arteko trenbideari buruzko txostena kaleratu zuen asteazkenean. Bertan, AHTren egitasmoarentzat bi proposamen egiten zituen: dagoen bidea zabaltzea edota bide berria egitea.

Proposamen horiei begira, hirurogei bat ekologista elkarte biltzen dituen CADE kolektiboak txosten horretan aurretik azaldutakoa errepikatu baizik ez zela egiten nabarmendu zuen, eta dagoen trenbidea baliatzearen alde azaldu zen berriz ere. «Egungo trenbideak gaitasun handia dauka, eta gaur egun ez dago inondik ere baliatua», azaldu zuen Victor Pachonek. Betiere, eztabaida publikoaren aldeko frantses Batzor- deak bultzaturiko eztabaidan parte hartuko zutela argitu, eta orain arte egindako aldarrikapenak egiten jarraituko zutela esan zuen.

«Gure ustez, bi puntu nagusi daude: merkantzien garraioa indartzea, eta egungo trenbidearen erabilpena azkartzea», esan zuen Pachonek. Hori egiten ez bada, arrisku nagusi bat nabarmendu zuen CADEko arduradunak: «Lapurdi geltokirik gabe geratzea». Horrenbestez, RFFk azalduriko argudio nagusia salatu zuen. Egiturak, izan ere, egungo trenbidea ondoko urteetan «saturatua» izateko arriskua dagoela dio, eta horretarako bide berria egitea proposatzen du.

25 tren besterik ez

Pachonek esan horien aurka egin zuen, eta trenbideak egunero 132 tren izan ahal dituela esan zuen. «Horietarik hogeita bost baizik ez dira ibiltzen gaur egun. Hamabostek bidaiariak garraiatzen dituzte, eta hamarrek merkantziak. Obrak egin gabe ere tren kopurua handitu daiteke», argitu zuen. Baina, aurreko proiektuetan bezala, bide garraioari lehentasuna ematen zitzaiola nabarmendu zuen. «Merkantziak trenetan garraiatzearen alde gaude gu. Eta, horrenbestez, etorkizunean finkatuko den trenbide proiektu horretan merkantzien garraiatze lehiakorra izatea nahi dugu. Argi da ideia hori ez dagoela RFFren asmoetan, eta merkantzia desagerrarazi nahi dute», nabarmendu zuen CADEko arduradunak.

Merkantzien tren garraioa garatu ahal izateko bideetan dabiltzan kamioiei gehiago ordainarazi behar zaiela jarraitu zuen esaten. «Ez gaude tren bidea berritzearen aurka, baina, halere, bide berria egin aurretik, dagoena behar bezala baliatu beharko lukete», burutu zuen esaten.

«Topografia ikusiz ezin da Landetan bezala abiadura handiko linea jarri»

A.B. BAIONA

AHT bideari buruzko eztabaida publikoa abuztuaren 31n hasi behar dela-eta, RFFk oinarrizko txostena kaleratu behar zuen ekainean. Baina, lehen txosten horretan ingurumen eragina ez zuenez sakonki aztertzen, berriz lantzeko eskatu zioten. Eztabaida Publikoaren aldeko Batzordeak zera jakinarazi zuen: «Kutsaduraren aurkako borroka, arrabotsa edo paisaian eragina, eta, lekuko ardo egile edo beste mota bereko jardueretan proiektuaren eragina sakonago aztertzeko eskatu genion».

RFFk txostena kaleratu du, beraz, eta, Ipar Euskal Herriari dagokionez, gunearen topografia kontuan harturik «abiadura 220 km/ordura mugatua duen linea mistoa baizik» ezin daitekeela eraiki azaltzen du.

«Topografia ikusiz ezin da Landetan bezala abiadura handiko linea jarri. Gainera, «Euskal Y”an trenaren abiadura 220 km/ordura mugatuko dute, beraz, baldintza berera finkatzea erabaki dugu», esaten du egiturak txostenean. Trenbideari dagokionez, bi proposamen dituzte: egungo linea lau bidetara zabaltzea, edo merkantziak eta bidaiariak bilduko dituen linea misto berria eraikitzea. Bi aukeretan Ipar Euskal Herrian dauden ingurumen oztopoak nabarmentzen dira.

Lapurdi kostaldeko biztanleria kontzentrazio handia aipatzen da, baita lur eremu babestuen presentzia handia ere. Bigarren proposamenarentzako biaduktu eta tunelen eraikitzea derrigorrezkoa izango dela esaten dute, eta kilometro bakoitzeko 7 edo 9 hektarea lur baliatu beharko dituztela esaten dute.