erantzun iruzkin honi

Lau ekintzaile meategietan itxi dira, AHTko lanak gelditzeko asmoz

Obrak eta leherketak gelditu ezean lurpean sartu direnak «arrisku bizian» daudela ohartarazi dute mugimenduko kideek. Agintariek ez dute argitu lanak gelditu dituzten. Ertzaintza ekintzaileen bila dabil.

Berria. Estitxu Elduaien. Itsasondo.

Itsasondon (Gipuzkoa) meategietakoren batean itxita, lur azpian, eta porlanezko bidoiei lotuta. Hala zeuden bart AHTaren kontrako lau ekintzaile. Atzo goizean sartu ziren, abiadura handiko treneko lanak gelditzeko helburuarekin, eta haien kideak egun osoan ibili ziren agintariei obrak gelditzeko eskatuz. Lerro hauek idazterakoan, Ertzaintza lurpean sartutako ekintzaileen bila ari zen meategien eremuan.

Lanak gelditu ezean meategietan lur-jausiak eta hondoratzeak gerta daitezkeela eta lurpean dauden lau ekintzaileak «arrisku bizian» daudela nabarmendu dute AHTaren kontrakoak. Hala adierazi zieten atzo agintari bati eta besteari, baina inork ez zien aurrerapenik eman. Ez zieten zehaztu lanak geldituko dituzten ala ez, ez eta leherketak bertan behera utziko dituzten ere.

Goizeko 11:00etan eman zuten ekintzaren berri AHTaren kontrako mugimenduko kideek. Haitzuloetako Aurkariak sinadurapean, euren lau kide meategietako batean sartu zirela jakinarazi zuten, AHTko lanak gelditzeko. Kanpoan gelditu zirenak Mariaratzeko (Beasain) obretara joango zirela aurreratu zuten.

Mariaratzeko obretara

Esan eta egin. AHTaren kontrako mugimenduko hogei bat kide Mariaratzeko lanen gunera joan ziren eguerdian, Urdaspal Alberdi Uria meategietako ingeniaria buru zutela. Lanen eremura iritsitakoan, obren arduradunarekin hitz egitea galdegin zuten, baina han ez zegoela esan zien harrerako zinpeko zaindariak, eta berak helaraziko ziola me-zua.

Lau lagun lur azpian itxita zeudela, eta euren arriskua kontuan hartuta, lanak gelditzeko eskatzen zutela jakinarazi zieten ekintzaileek harrerakoari. Obren arduradunaren erantzunaren zain gelditu ziren gero.

Ordu eta erdiren ondoren iritsi zen erantzuna, telefonoz: egoeraren erantzukizun guztia meategietan sartu zirenena zela eta, hortaz, lanak ez dituztela geldituko adierazi zien obra arduradunak. Leherketak geldituko dituzten ala ez zieten zehaztu. Ordurako Ertzaintza ere bertaratua zen, eta agenteek ere antzeko erantzuna eman zieten AHTaren kontrako mugimenduko kideei: erantzukizuna lurpean sartu zirenena zela eta ez zirela haien bila hasiko. Hori esanda, obren eremutik alde egiteko agindu zieten .

Itsasondora itzuli ziren, orduan, AHTaren kontrako mugimenduko kideak, eta beste bide bati ekin zioten: Euskal Trenbideen Sarera jo zuten. «Egoeraren larritasuna behin eta berriz azpimarratu diegu, baina ez digute jaramonik egin», azaldu zuen kide batek. Berriro ere erantzukizuna ekintzaileena zela esan zieten, eta lanak ez zituztela geldituko berretsi. Telefono dei ugari egin zituzten, baina ez zuten aurrerapen gehiagorik jaso.

Auzitara jotzea erabaki zuten orduan. Tolosako epaitegian gertatzen ari zenaren inguruan salaketa jartzen saiatu ziren, eta hara joan ziren arratsaldean. «Lau pertsona arrisku larrian egon arren lanak gelditzeko asmorik inork ez duela agertu egiaztatu nahi dugu epailearen aurrean». Baina Tolosako epaitegia itxita zegoen arratsaldean, eta guardiako epailerik ere ez zuten topatu. Gaur 10:00etan berriz joatekoak dira.

Elkarretaratzea

Lanak eta leherketak gelditu zituzten ala ez jakin gabe, eta euren kideen egoeraz kezkatuta, elkarretaratzea egin zuten 19:00etan Itsasondon.

Ertzainez inguratuta egin zuten kontzentrazioa. Izan ere, ordurako hasita zeuden meategien gunea miatzen. «Ertzainen presentzia nabarmena da meategien gunean, eta zenbait jende identifikatzen ere ibili dira inguruetan». AHTaren kontrako mugimenduko kideek hala deskribatu zuten Itsasondo inguruetako egoera ilunabarrean. Euren kideen berririk gabe amaitu zituzten atzoko mobilizazioak.

Mobilizazioak antolatu dituzte egunotarako

Itsasondoko meategietako itxialdiaren harira, hainbat protesta ekintza antolatu dituzte AHTren aurkako ekintzaileek.

TOLOSAN (GIPUZKOA): Gaur, epaitegian. Obrak gelditzeko eskatzeko, salaketa jarriko dute epaitegian, 10:00etan. Bertaratzeko deia egin dute.

GOIERRIN (GIPUZKOA): Egunero, elkarretaratzeak. Elkarretaratzeak egingo dituzte 19:00etan Itsasondoko plazan. Bihar, mobilizazioak. Goierriko herrietan hainbat ekintza egingo dituzte. Igandean, manifestazioa. Ordizian manifestazioa egingo dute, 17:00etan.

IRUÑEAN (NAFARROA): Bihar, elkarretaratzea. Iruñerriko AHT Gelditu Elkarlanak elkarretaratzea egingo du Itsasondoko ekintza babestu eta lanak gelditzeko eskatuz. 19:00etan izango da protesta, Carlos III kalean, Nafarroako Diputazioaren egoitzaren aitzinean.

Salaketa egiteko telefono zenbakiak

Meategietan dauden ekintzaileen egoeraren erantzule ETS Euskal Trenbideen Sarea eta Eusko Jaurlaritza egin dituzte AHTaren kontrako mugimenduko kideek, eta haiei deitzeko eskatu diete herritarrei: ETS: 946 572 600. Eusko Jaurlaritza: 012

226.000

Itsasondoko AHTko lanetan erabiliko den lehergaia, kilotan. Espainiako Gobernuaren ordezkaritzak aurreikusi duenez, Itsasondo eta Ordizia arteko AHTko lanak egiteko, 226.000 kilo lehergai erabiliko dituzte, egunero 6.000 kilo lehergai.

Desobedientzia zibileko mugimendua

AHTari desobedientzia zibilaren bitartez aurre egiteko Mugitu ! Mugimendua martxan da ekainaren 10az geroztik. Euren burua aurkezteko lehen ekimena egun horretan egin zuten: Donostiako Ogasunaren bulegoetan elkarretaratzea egin zuten, AHTaren lanen «xahuketak» salatzeko.

Lurrak hondoratu eta erortzeko arriskua dagoela dio ikerketa batek

Meategien egoera txarrak langileak eta AHTaren erabiltzaileak arriskuan jartzen dituela ohartarazi dute

Lurrak hondoratzeko eta erortzeko arrisku «handia» dago AHTaren Itsasondo eta Ordizia arteko eremuan (Gipuzkoa), eta, hortaz, «arduragabekeria handia» da han abiadura handiko treneko lanak egitea. Hala ondorioztatu du Urdaspal Alberdi Uria meategietako ingeniariak egindako ikerketa batek. Itsasondoko arbel meategiak daude bertan, eta meategi horien egoera txarrak egungo obrak eta geroko balizko trenbidearen erabiltzaileak arriskuan jartzen dituela dio txostenak, eta, ondorioz, AHTaren lanak bertan behera uzteko eskatzen du.

1940 eta 1970eko hamarkadetan ustiatu ziren Itsasondoko arbel meategi gehienak, baina batzuetan 1980ko hamarkada amaierara arte segitu zuten lanean. Ordutik utzita egon dira, eta egoera «lazgarrian» daudela ikusi du Alberdik. Landaretzak eta urak hartua daude asko, lur-jausiak non-nahi daude, eta burdinazko habe asko janda daude. Ondorioz, grabitazio suntsiketak izateko arriskua dagoela dio.

AHTko lanen eraikitze proiektua egin duen enpresak arrisku horren berri bazuela salatu du, gainera, meategietako ingeniariak, eta lanak egiten hasi aurretik egindako ikerketetan gabezia handiak egon direla adierazi du. Hori argudiatzeko, AHTaren Itsasondo eta Ordizia arteko eremuaren eraikitze proiektuaren inguruko txostenak aurkeztu ditu, baita Gipuzkoako Foru Aldundiaren dokumentazioa ere:

Inbentarioa

AHTko lanen eraikitze proiektua egin zuen enpresak, UTE IDOM-Geoconsultek, Itsasondoko meategien inguruko inbentarioa egin zuen proiektuaren hasieran, meategiek lanetan izan lezaketen eragina aztertzeko. Inbentario horrek jasotzen du ezin izan zirela meategietara sartu eta, ondorioz, ezin izan zituztela meategien nondik norakoak behar bezala aztertu.

Horrez gain, meategien inguruan Eusko Jaurlaritzak dituen planoak ere aztertu zituztela jasotzen du inbentarioak, baina plano horiek meategiak itxi zituztenean zuten benetako egoera ez dutela jasotzen zehazten du.

Informazio falta hori onartu arren, inbentarioaren azken ondorioak jasotzen du meategien egoerak AHTaren ibilbideari ez diola eragingo dirudiela.

Ikerketa geoteknikoa

Eraikitze proiektua egin aurretik, meategietako materialen ezaugarri geoteknikoak egiteko txosten bat ere egin zuen UTE IDOM-Geoconsultek. Horretarako, 2004ko maiatzean 11 zundaketa egitea adostu zen, baina bi bakarrik egin zituzten. Handik hilabetera, Eusko Jaurlaritzak 37 zundaketa egiteko eskatu zuen, baina bakarra egin zen.

Eraikitze proiektuaren ikerketa geoteknikoak onartzen du ez zirela egin eremuaren materialen nondik norakoak aztertzeko behar adina zundaketa eta ez dagoela nahikoa informazio.

Edafologia txostena

Gipuzkoako Diputazioaren geomorfologia eta edafologia txostenak lurraldearen ezaugarri fisikoaren nondik norakoak jasotzen ditu. Dokumentu horrek lurraldearen ezaugarri mekanikoak jasotzen ditu, eta lur eremu bakoitzean eraikitzeko egon daitezkeen arazoak biltzen ditu.

Itsasondoko meategien eremuari dagokionez, diputazioaren geomorfologia eta edafologia txostenak argi jasotzen du lur eremu horretan grabitazio suntsiketa izateko arriskua dagoela, eta han lanak egiteak edo eraikitzeak izan ditzakeen ondorioez ohartarazten du.

Etiketa(k):

Erantzun

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
  • Baimendutako HTML markak: <p> <sup> <blockquote> <img> <h1> <h2> <h3> <a> <em> <strong> <cite> <code> <ul> <ol> <li> <dl> <dt> <dd> <br /> <object> <param> <embed> <i> <span>
  • Lineak eta paragrafoak automatikoki egiten dira.

Formatu aukerei buruz informazio gehiago

CAPTCHA
Galdera hau pertsona bat zarela egiaztatzeko da, eta automatikoki sartzen duten Spam-a gelditzeko
  _   _                   ___    _  __
| \ | | / _ \ | |/ /
| \| | ___ _ __ | (_) | | ' /
| . ` | / __| | '_ \ > _ < | <
| |\ | | (__ | | | | | (_) | | . \
|_| \_| \___| |_| |_| \___/ |_|\_\

Enter the code depicted in ASCII art style.