erantzun iruzkin honi

Gizarte zerbitzuetarako aurrekontua AHTrako izatea gaitzetsi dute

Tren lasterreko obretan diru publikoa «xahutzean», dagoeneko euskal gizartea «hipotekatzen» ari direla salatu dute Bilbon. Milaka lagunek hartu dute parte Elkarlanak antolatutako manifestazio nazionalean

BERRIA. Maite Asensio. Bilbo

AHT abiadura handiko trena euskal gizartea «hipotekatzen» ari dela salatu zuten atzo ehunka lagunek, AHT Gelditu Elkarlanak Bilbon deitutako manifestazio nazionalean. Hain justu, hipoteka horren ondorioak ageriko egiten hasiak direla nabarmendu zuten, besteak beste, Gasteizko, Iruñeko eta Madrilgo gobernuek osasungintzan, hezkuntzan eta lan eta gizarte eskubideen arloan eginiko murrizketen bidez. Hori dela eta, tren lasterraren aurkako borrokak bere horretan jarraitu behar duela aldarrikatu zuten: «AHTa geldi daiteke, eta, gainera, gelditu behar dugu».

Manifestazioa Jesusen Bihotza plazatik atera behar zen unean euria hasi zen, eta ordu laurdeneko atzerapenaz abiatu zen martxa. AHTaren hipotekak itotzen gaitu. Txikiziorako diru gehiagorik ez lelopean, Bilboko erdiguneko kaleak ibili zituzten 2.000 lagunek baino gehiagok, tren lasterraren aurkako eta bestelako gizarte eredu baten aldeko aldarriak entzunaraziz.

AHTa eraikitzeko lanetan «dirutza xahutzen» ari direla gaitzetsi zuten Iñaki Antiguedadek eta Cristina Saezek Areatzan, martxa amaitutakoan: «Aurrekontu publikoak ezin dira eraikitzaileek, politikari ustelek eta hormigoi trafikatzaileek eskua sartzeko kutxa izan». Krisi egoeran, gainera, «lotsagarritzat» jo zuten obrak garestitu izana, AHTaren Gipuzkoako zatiaren aurrekontua %20 hazi dela adierazi berri baitu Eusko Jaurlaritzak. «Hau kasualitatea, obra publikoekin berdina gertatzen da beti».

Horren «faktura», aldiz, herritarrak ordaintzen ari direla erantsi zuten Elkarlaneko kideek. «Aurrekontu publikoa AHTko lanetara bidaltzeari» egotzi zioten, besteak beste, abeltzaintza eta nekazaritzarako gero eta lursail gutxiago egotea, osasun etxeak larunbatetan ixtea, pentsioak izoztea eta ekipamendu sozialak murriztea. «AHTa herri oso baten hilobia izango da, halako astakeriak baimentzen baditugu eta berau gelditzeko kalera irteten ez bagara. Baina, era berean, haien hilobi politikoa izan daiteke, gehiengo sozialak eskatzen badie lurraldearen desordena gera dezaten», azaldu zuten. Ildo horretan, udako jaiak AHTaren aurkako mezua gizarteratzeko baliatu beharra nabarmendu zuten.

Hiru gazte, Madrilen epaituak

Tren lasterraren aurkako borrokan dihardutenak «kriminalizatzea» leporatu zioten beste behin Jaurlaritzari. Oraingoan, ordea, «jauzi errepresiboa» egin izana deitoratu zuten. Izan ere, Elkarlaneko kideek azaldu zutenez, Bilboko hiru gazte epaituko dituzte Espainiako Auzitegi Nazionalean. Ustez Bilboko tranbian pintaketa batzuk egiteagatik, «terrorismo» delitua egotzi diete; hiru urteko espetxe zigorra eskatu du fiskalak, baita bederatzi urteko inhabilitazio osoa eta lau mila euroko isuna ere.

AHTak biluzik utzi dituela salatu dute

Abiadura handiko trena egiteko obrek baliabiderik gabe utzi dituela salatu zuten atzo Bilboko Ogasunaren egoitzaren aurrean. Horretarako, ekintzaileak biluztu egin ziren, eta kupel batzuekin estali. Elkarlanak antolatutako manifestazioa bertatik igaro zenean, parte-hartzaileen txalo zaparrada jaso zuten.

4.790
EAEko biztanle bakoitzari AHTa kostatuko zaiona eurotan. 4.790 euro ordaindu beharko ditu Araba, Bizkai eta Gipuzkoako biztanle bakoitzak tren lasterreko lanetarako. Horren berri emateko, diru billeteetan datua eta azalpena idaztea proposatu du Elkarlanak.

35
AHTarekin, 100 kilometroren prezioa eurotan. Erabiltzaileei ere garesti aterako zaie AHTa. 100 kilometroko 35 euro inguruko prezioa izango du txartelak, Elkarlanaren arabera. Egun, ibilbide bera 9 euro ordaintzen da, eta hamar minutu gehiago baino ez dira behar.

Iruñean hilaren 26rako manifestaziora deitu dute

Datorren larunbatean, hilak 26, manifestazioa egingo da Iruñean, «proiektu txikitzaile-espekulatiboen» aurkako Nafarroako plataformek deituta. Talde horietako ordezkariek, beste hainbat gizarte eragilerekin batera, agerraldi bat egin zuten atzo eguerdian Iruñean, San Jose plazan, manifestaziorako deia egiteko. Protesta Golem zinema aretoetatik abiatuko da, eta Gazteluko plazan amaitu. «Helburua, egitasmo hauen guztien basakeria eta irrazionaltasuna salatzeaz gain, proiektu hauek posible egiten dituzten instituzioen arduradunek bultzatzen duten eredu ekonomiko eta soziala salatu eta beste eredu baten beharra aldarrikatzea izanen da», ohartarazi zuten atzoko agerraldian. Nafarroan hamahiru plataformak dihardute egun «egitasmo txikitzaileen aurka». Batzuk egiteko dauden egitasmoak dira, beste batzuk bukatuta eta martxan daudenak. Manifestaziorako deia egin dutenen artean daude Arga Bizirik, Larra-Belagua elkartea, AHT Gelditu! Elkarlana, Itoizko urtegiak kaltetutako auzokideen taldea eta Erriberako zentralen aurkako plataforma, besteak beste.

Iñaki Barcena. EHUko irakasle eta ikerlaria


Gobernuek hazkunde ekonomikoari ematen diote lehentasuna, eta, ondoren, modernizazio ekologikoari. Hala uste du Barcenak, Jaurlaritzaren ingurumen politika aztertu ondotik.

«Karbonorik gabeko ekonomiarantz abiatzeko egoera pribilegiatuan gaude»

M. Asensio. Bilbo

Krisiak bidegurutzean jarri gaituela uste du Iñaki Barcena EHUko irakasle eta ikertzaileak, politika ekologikoagoak egiteko aukera eskaini duelakoan. Ondorio horretara heldu da Eusko Jaurlaritzak azken 30 urteotan egindako ingurumen politikak aztertu ostean. EHUko Zientzia Politikako Saileko Alberto de la Peña eta Joseba Fernandez lankideekin egin du ikerketa.

Duela 30 urteko abiapuntua oso gune industrializatua izaki, zein balantze egin duzue Araba, Bizkai eta Gipuzkoan eginiko ingurumen politikaz?

Oso herri kutsatua zen, eredu industrialaren ondorio negatiboak oso presente zeudelako gure ibaietan, kostaldean, hirietan, airean... Frankismoa bukatzean, 1977an, Espainiako Gobernuak kutsadura atmosferiko altuko eremu izendatu zuen Bilbo aldea; duela urte batzuk, Jaurlaritzak kendu egin zion izendapena. Balantze atmosferiko hori egin daiteke: egia da 30 urteotan uraren edo airearen kalitatea hobetu dela. Baina horiek alderdi nabarmenenak dira; gure ekosistemekiko harremanean guztiz garrantzitsuak diren beste adierazle batzuetara joz gero, hala nola energia gastura, kontsumora, lurraren artifizialtzera edo hondakinen produkziora, konturatuko gara alderdi horiek ez doazela hobera. Gauzak aldatu dira, eta orain askoz errepide gehiago ditugu, superportuak, aireportuak, AHTa...

Kutsadura industriala garbitzeko egitasmoak kontraesanean al daude azpiegitura handiekin?

Kutsaduraren aurkako egitasmoen bidez aurpegia garbitu dugula esan daiteke; orain gorputz osoa garbitu behar dugu. Ingurumen politikek hainbat alor jorratu dituzte, baina inoiz ez garraio, industria edo energia politika. Horiek beste sail batzuei dagozkie, eta lehentasun handiagoa dute, hazkunde ekonomikorako premiazkoak direlako; beraz, ez dute ingurumen aldagaia txertatu. Ingurumen politikak beste politiketan txertatu behar dira zeharkakotasunez, gure kontsumo eta produkzio eredua aldatu behar dugu, ikuspegi iraunkor baterantz. Baina garraio, industria eta energia politiketan ez da iraunkortasun planteamendurik agertzen.

Ingurumen politika bigarren mailakoa da orain ere?

Bai, zoritxarrez ez da lehen lerrokoa. Jaurlaritzaren aurrekontuei begiratuz gero, ingurumenerako emandakoak ez du egun %1a ere gainditzen.

EAJk, EEk, EAk eta PSE-EEk izan dute ingurumen politiken ardura. Desberdintasunik izan al da?

Ez dut uste desberdintasun ideologikorik egon denik. Gobernuek jarraitzen duten ildoa Europako Batasunak ezarritakoa da: hazkunde ekonomikoa gehi modernizazio ekologikoa. Horrek esan nahi du hazkunde ekonomikoa dela lehentasuna, barne produktu gordina handitzea, eta gero, ahalik eta desmaterializazio handiena, hots, gastu energetiko gutxiago eta eraginkortasun gehiago, zarama produkzio gutxiago... Baina alderdi material horiek ez dira bide onetik joan. 25 urtean hazkundea besterik ez dugu izan, eta politikariek bateragarriak zirela esan arren, errealitateak adierazi digu ez dela hala: hazkunde ekonomikoak ez du modernizazio ekologiko positiborik ekarri.

Krisi ekonomikoa ontzat jo izan du mugimendu ekologistak, kontsumo eredua alda zitekeelakoan.

Bai. Egun, bi aukera ditugu. Alde batetik, ingurumen politika ekologikoagoak abia ditzakegu, material gutxiago baliatuz ongizate politikak martxan ipiniz. Bestalde, kontrakoa ere gerta daiteke: natura, ingurumena eta ekosistemak mespretxatuz, hazkunde ekonomikoaren itzulera bilatzen jarraitu. Deshazkunde politikak ezinbestean datoz; Espainiako Sustapen ministroak berak esan du AHT guztiak ezin direla martxan jarri, azpiegitura guztiak ez direla onuragarriak.

Baina argudio ekonomikoengatik esan du hori.

Baina ekonomia eta ekologia, berez, gauza bera dira: etxearen administrazioa, bizi garen tokia zaintzea. Arazoa da ekonomia merkatuaren dinamikan sartu dela, eta bertan, ongizatea mantentzeko, gero eta produktu eta kontsumo gehiago sortu behar dela uste dutela. Baina baliabideak mugatuak diren aldetik, pentsatu behar dugu dena ezinezkoa dela, azkarrago joatearren ez garela hobeto biziko. Beraz, nik uste dut krisi ekonomikoak irtenbide ekologiko bat ekar dezakeela, ekonomia desberdin bat. Mezu baikorra eman nahi nuke: EAEn karbono edo petroliorik gabeko ekonomia baterantz abiatzeko, egoera teknologiko, ekonomiko eta sozial oso pribilegiatuan gaude, baliabideak baditugulako. Kontua da hori martxan ipintzeko ausardia dugun ala ez.

Etiketa(k):

Erantzun

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
  • Baimendutako HTML markak: <p> <sup> <blockquote> <img> <h1> <h2> <h3> <a> <em> <strong> <cite> <code> <ul> <ol> <li> <dl> <dt> <dd> <br /> <object> <param> <embed> <i> <span>
  • Lineak eta paragrafoak automatikoki egiten dira.

Formatu aukerei buruz informazio gehiago

CAPTCHA
Galdera hau pertsona bat zarela egiaztatzeko da, eta automatikoki sartzen duten Spam-a gelditzeko
              _   _           _     
| | | | | |
__ _ __| | | | _ __ | |__
/ _` | / _` | | | | '_ \ | '_ \
| (_| | | (_| | | | | | | | | | | |
\__,_| \__,_| |_| |_| |_| |_| |_|

Enter the code depicted in ASCII art style.