erantzun iruzkin honi

AHTko lanak ez atzeratzeko eskatu du Eusko Legebiltzarrak

EAJk, PSE-EEk eta PPk babestu dute proposamena, eta inbertsioei eustea galdegin diote Blancori

Berria. Ainara Arratibel.

AHT abiadura handiko treneko lanak ez geratzeko eta ez atzeratzeko eskatu dio Eusko Legebiltzarrak Espainiako Gobernuari. Hala, lan horien epeak zehaztea eta egitekoak ziren inbertsioak egitea galdegin diote Jose Blanco Sustapen ministroari.

Inbertsioen murrizketen ondorioz, Sustapen Ministerioaren trenbide eta errepideetako lanak gutxienez urtebete atzeratuko direla iragarri zuen herenegun Blancok. Horren inguruan eztabaida izan zen atzo Legebiltzarrean, eta Sustapen Ministerioari lanak ez atzeratzeko egindako eskaria onartu zuten EAJk, PSE-EEk eta PPk. Aralarrek aurka bozkatu zuen, eta EAk, EBk eta UPDk ez zituzten onartu eskariaren puntu guztiak.

Blancok egindako iragarpenaren inguruan argibideak eskatu zizkion Jaurlaritzari EAJko legebiltzarkide Juan Antonio Arieta-Araunabeñak. «Ez dute argibiderik eskatu, ezta protestarik egin ere. Badirudi ez zaiela inporta lanak geratzea. Zer gertatuko da lanak egiten ari diren enpresetako beharginekin?». Sustapen Ministerioak AHTaren beste ibilbide batzuei lehentasuna eman nahi izatea ere salatu zuen Arieta-Araunabeñak.

PSE-EEko legebiltzarkide Txarli Prietoren ustez, «agerikoa eta zentzukoa» da lanak aurreikustea. Baina Jaurlaritzak AHTaren alde egindako apustua gogorarazi zuen. «Ibarretxeren gobernuak etenda eduki zituen proiektu batzuk -Gipuzkoako zatia eta Gasteizen bidea lurperatzeko egitasmoa, adibidez- berriz ere martxan jarri ditu Jaurlaritza honek. Hori da Jaurlaritza honen eta aurrekoaren arteko aldea».

Blancok lanak zenbat atzeratuko diren zehaztu ez izana salatu zuen, berriz, Esther Martinez PPkoak. «Inprobisatzen ari dira halako neurriekin». Halaber, arduraz jokatzeko eskatu zion PSE-EEri. «Agintzeko gaitasuna erakutsi behar du, eta ondo aukeratu zeri eman lehentasuna».

Dani Maeztu Aralarrekoaren irudiko, krisiak agerian utzi du AHTak ez duela inolako onurarik. «Ekonomiarentzat hain estrategikoa bada, zergatik geratu nahi dute? Guk beti esan izan dugu AHTa eraiki beharrean gaur egun martxan dagoen trenbide sarea hobetu behar dela». Onartutako proposamenaren helburua Bilbo eta Santander arteko zatia indartzea dela ere gaineratu zuen Maeztuk. «Badirudi EAJri ahaztu egin zaiola urte askoan beraiek kudeatu dutela Euskotren ».

Eztabaida testuinguruan kokatzeko eskatu zuen Mikel Arana EBkoak. «Ekarriko dituen lanpostuen galerengatik izango ez balitz, Blancoren iragarpena ona litzateke. Ingurumenaren zein ekonomiaren ikuspegitik ikaragarrizko kostua duten azpiegituren inguruan hausnarketa egitea ekarriko luke».

«Harrigarria» iruditu zitzaion Jesus Mari Larrazabali PSE-EEk ekimena babestea. «Blancorena bezalako neurriekin AHTaren proiektua bera jar daiteke zalantzan».

Egoera ekonomikoa «dramatikoa» dela adierazi zuen UPDko Gorka Maneirok. «Lekuan lekuko interesetatik harago, Sustapen Ministerioak lehentasunak zeintzuk diren zehaztu behar du, eta gastua neurtu».

Arriola, baikor

Eusko Jaurlaritzako Garraio sailburu Iñaki Arriolaren arabera, Euskal Y-a «lehentasunezko proiektu estrategikoa» da Sustapen Ministerioarentzat. Hori dela eta, baikor da tren lasterraren lanen etorkizunarekin. «Oraindik ez ditut datu zehatzak, baina iruditzen zait murrizketek uste baino gutxiago eragingo diotela. Jaurlaritzaren aldetik, AHTarentzat aurreikusitako inbertsio erritmoei eutsiko diegu etorkizunean ere».

Arriolak azaldu duenez, Sustapen Ministerioa oraindik aztertzen ari da non egingo dituen murrizketak. «Obra guztiak ez dira berdinak, eta ez da lan erraza eta atsegina halako neurriak hartzeko. Baina arduraz jokatzeko garaia da. Nik nahi dudan bakarra Blancok hartzen dituen neurrietan asmatzea da. Hori onuragarria izango da guztiontzat».

Gipuzkoako ahaldun nagusi Markel Olanoren arabera, «onartezina» da AHTko lanak geratzea. «Inbertsio publikoen erritmoa berrazter daiteke, baina ezin dira lanak geratu. Gure etorkizunerako ezinbesteko proiektua da abiadura handiko trena».

Etiketa(k):

Erantzun

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
  • Baimendutako HTML markak: <p> <sup> <blockquote> <img> <h1> <h2> <h3> <a> <em> <strong> <cite> <code> <ul> <ol> <li> <dl> <dt> <dd> <br /> <object> <param> <embed> <i> <span>
  • Lineak eta paragrafoak automatikoki egiten dira.

Formatu aukerei buruz informazio gehiago

CAPTCHA
Galdera hau pertsona bat zarela egiaztatzeko da, eta automatikoki sartzen duten Spam-a gelditzeko
      _   _            __          __  ______ 
| | | | \ \ / / | ____|
__| | | | __ ___ \ \ /\ / / | |__
/ _` | | |/ / / __| \ \/ \/ / | __|
| (_| | | < | (__ \ /\ / | |____
\__,_| |_|\_\ \___| \/ \/ |______|

Enter the code depicted in ASCII art style.