erantzun iruzkin honi

Engoitik AHT xedea gauzatzeko garaia dela dio Roussetek

Herritarren gehiengoa AHTaren alde dela ondorioztatu du, Akitaniako bozetako emaitzetan oinarrituta

Berria. Aitor Renteria. Baiona

Joan den martxoko eskualdeko hauteskundeen ondoren, AHT abiadura handiko tren xedea gauzatzeko tenorea dela dio Alain Rousset Akitaniako presidenteak. Pauen (Biarno, Frantzia) egin zituen adierazpenak, Pau-Canfrac tren egitasmoari buruzko topaketetan. Eskualdeko hauteskundeak egin ziren egun berean, Lapurdiko zortzi herritan eta Landetako (Frantzia) bertze batean AHTari buruzko herri galdeketak egin ziren. Galdeketa horiek ez egiteko izan ziren presioak alde batera utzirik, PS alderdia garaile atera dela nabarmendu du Roussetek: «Erreferendumaren emaitzen ondorioz, behin betiko itxi da AHTaren eztabaida eta, engoitik, xede hori gauzatzean jarri behar dira arreta eta indarrak».

Herri galdeketei erreferendum balioa aitortu die Roussetek. Zortzi herrietan galdeketa iragartzearekin batera, AHTaren aurkako taldeek erreferenduma antolatzea eskatu zioten bai Kontseilu Nagusiari, bai Akitaniari. Ez zuten ihardespenik ukan, eta herri galdeketak bultzatu zituzten. Roussetek PSk lortutako emaitzei eman die garrantzia. Gogoratu du AHTaren eztabaida hauteskunde kanpainaren muinean egon dela eta hautesleen gehiengo zabalak konfiantza egin diola. Horretan oinarrituz, biztanle gehienak AHT xedearen aldekoak direla ondorioztatu du.

Egitasmoari buruzko eztabaida orokorra gainditurik, arreta ibilbidean eta bereziki, AHTak trabeskatzen dituen herrietan ezarri behar dela adierazi du.

Eragina barneratu

AHTak bidaia denborak laurdenera, herenera edo erdira murriztuko dituela nabarmendu du Roussetek. Hirigintza alorrean eragin handia ukanen duela azpimarratu du: «Herriei hurbileko laguntza eman behar diegu AHTak ukanen duen eragina barneratzeko». Bidaia denborak apaltzean, jendearen mugikortasuna handituko dela uste du Roussetek, bereziki Marseillako (Frantzia) adibidea gogoratuz. Eskualde horretan lurraren eta etxeen prezioek gora egin dute nabarmen.

«Ibilbidea gizakien ikuspegitik aztertu behar dugu, herrian integratuz, natura babestuz, ahalik eta kalte gutxien eraginez, etxebizitzak babestuz eta harrabotsen kontrako neurriak plantan ezarriz». Frantziak iragarri metodologiarekin bat egin du Roussetek. Herritarrei iritzia eskatu ez zaien arren, onartutzat eman du xedea, eta kalteak gutxitzera mugatu du eztabaida. Frantziako trenbide sarea kudeatzen duen RFFk urte bukaeran emanen du jakitera ibilbidea, 500 metroko zabaleran.

Etiketa(k):

Erantzun

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
  • Baimendutako HTML markak: <p> <sup> <blockquote> <img> <h1> <h2> <h3> <a> <em> <strong> <cite> <code> <ul> <ol> <li> <dl> <dt> <dd> <br /> <object> <param> <embed> <i> <span>
  • Lineak eta paragrafoak automatikoki egiten dira.

Formatu aukerei buruz informazio gehiago

CAPTCHA
Galdera hau pertsona bat zarela egiaztatzeko da, eta automatikoki sartzen duten Spam-a gelditzeko
  ______   _____                   ______
|____ | |_ _| |___ /
/ / | | __ _ _ _ / /
/ / | | / _` | | | | | / /
/ / _| |_ | (_| | | |_| | / /__
/_/ |_____| \__,_| \__, | /_____|
__/ |
|___/
Enter the code depicted in ASCII art style.