erantzun iruzkin honi

AHTaren bi itunak sinatzea onartu du Nafarroako Parlamentuak

Sanzen gobernuak hainbat kritika jaso baditu ere, NaBai ez beste alderdi guztiek aldeko botoa eman dute

AHTaren bi hitzarmenak sinatzeko baimena eman dio Nafarroako Parlamentuak Miguel Sanzen gobernuari. Zehazki, bi bozketa egin ziren atzo arratsaldean egindako bilkuran, eta biak atera ziren aurrera, UPN, PSN, IUN eta CDNren aldeko botoekin. NaBai izan zen aurka bozkatu zuen bakarra. Aldeko 34 boto eta aurkako 12 boto izan ziren bi bozketetan.

BERRIA. Lierni Alkorta.

Atzo onartu, eta gaur sinatuko dituzte bi hitzarmenak. Abiadura handiko trenak (AHT), Zaragoza (Aragoi, Espainia) eta Iruñea lotuko ditu, eta hitzarmenek Nafarroako zatiari eragingo diote, hau da, Castejon eta Iruñea arteko trenbide sareari. Eta hiru izango dira sinatze ekitaldian parte hartuko duten aldeak: Espainiako Gobernua, Nafarroako Gobernua eta Adif Espainiako Trenbide Azpiegituretarako erakunde publikoa. Lehen hitzarmena lankidetza ituna izango da. Bigarrena, aldiz, zati horretako ekintza zehatzak agintzeko lankidetza hitzarmena da, lehen hitzarmena garatu eta lanak gauzatzen dituena.

«Gaiaren garrantziagatik une berezia da gaurkoa [atzokoa] niretzat», adierazi zuen Miguel Sanz Nafarroako presidenteak. Areago, gaur sinatuko dutena da «hitzarmenik onena, momenturik onenean, eta azpiegiturarik onenarentzat», Sanzen irudiko. Izan ere, haren arabera, Nafarroak jarritako baldintza guztiak «zehatz-mehatz» betetzen ditu, eta proposatutako «premisa guztiak» biltzen ditu. Hala nola lanen finantzaketarako itun ekonomikoa erabiltzea, lanak 2015. urtea baino lehen amaitzea eta Nafarroarentzat kostua -interesetan utziko duena- gehienez 60 milioi eurokoa izatea. Hala ere, Sanz seguru dago kostua ez dela 60 milioi eurotara iritsiko eta «gehienez» 45 milioi eurokoa izango dela. Orotara, 675 milioi euroko kostua izango du Castejon- Iruñea arteko zatiak. Horietatik 387 milioi aurreratuko ditu Nafarroako Gobernuak, eta 2013an hasiko da Espainiako Gobernua diru hori Nafarroako Gobernuari itzultzen, kupotik kenduz. Eusko Jaurlaritzak sinatutako hitzarmenaren eredua jarraitu dute.

«Onurak»

PSNk ere proiektuarentzat hitz onak izan zituen. AHTak Nafarroari «onura argiak» ekarriko dizkiola uste du PSNko eledun Roberto Jimenezek, esaterako, «erosotasunak herritarrentzat». Hala ere, «abiadura handiko trenbide sarean salgaien garraioa sartzea ezinbestekoa da» Jimenezentzat. Izan ere, haren hitzetan, orain arte, Nafarroak «modernitatearen tren asko» galdu ditu. «Espainiaren elkartasuna» ere azpimarratu nahi izan zuen PSNko eledunak: «Espainia eta espainiarrak solidarioak izan dira gurekin».

Jose Andres Burguete CDNko eledunak ere AHTaren «onurak» azpimarratu zituen bilkuran, nahiz eta tartean «bete gabeko hainbat promesa» egon. «Proiektu honek Nafarroari etorkizuneko trena hartzea ahalbidetuko dio, CDNk beti defendatu duen trena». CDNren arabera, enpresengan, herritarren bizi-kalitatean, lurraldeen arteko «orekan» eta Nafarroaren garapen sozialean eta ekonomikoan «eragin positiboak» izango ditu.

IUN ere antzera mintzatu zen. Hala ere, Ana Figueras IUNko eledunak nabarmendu nahi izan zuen hitzarmena duela bost urte sinatu balitz, ziurrenik, «baldintzak hobeak» izango zirela. Edonola ere, AHTa «azpiegitura egokia» dela uste du. Hitzarmenean «ebatzi gabeko» gaiak badaudela deritzo, ordea, «iparraldearekin eta hegoaldearekin izango dituen loturak, esaterako». Hala, Nafarroako AHTa ezin da Castejon eta Iruñea artekoa soilik izan IUNren hitzetan.

Aurka egin duten bakarrak

NaBai izan zen atzoko bozketan aurkako botoa eman zuen alderdi politiko bakarra. Hitzarmena «txarra da, eta argi eta garbi hobe daiteke», Koldo Amezketa NaBaiko bozeramailearen arabera. «Gabezia argiak ditu hitzarmenak, eta Nafarroako herritarren poltsikoentzat kostu handia izango du gainera». Hala, NaBairen ezezkoa argudiatzeko hau esan zuen: «Hitzarmenari ari gatzaizkio ezezkoa ematen, ez etorkizuneko trenbideari ».

Castejon eta Iruñea arteko zatiari data jarri bazaio ere, Zaragoza eta Castejon lotuko dituen zatiarentzat data mugarik ez dagoela salatu zuen NaBaiko eledunak. «Gauza bera gertatzen da Euskal Y-aren loturarekin ere». Kezka agertu zuen, trenbidea ez ote den Iruñean amaituko, gainerako loturak osatu gabe.

Etiketa(k):

Erantzun

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
  • Baimendutako HTML markak: <p> <sup> <blockquote> <img> <h1> <h2> <h3> <a> <em> <strong> <cite> <code> <ul> <ol> <li> <dl> <dt> <dd> <br /> <object> <param> <embed> <i> <span>
  • Lineak eta paragrafoak automatikoki egiten dira.

Formatu aukerei buruz informazio gehiago

CAPTCHA
Galdera hau pertsona bat zarela egiaztatzeko da, eta automatikoki sartzen duten Spam-a gelditzeko
  _        __  __   ____     ___    _____ 
| | | \/ | | _ \ / _ \ |_ _|
| | | \ / | | |_) | | (_) | | |
| | | |\/| | | _ < \__, | | |
| |____ | | | | | |_) | / / _| |_
|______| |_| |_| |____/ /_/ |_____|

Enter the code depicted in ASCII art style.