erantzun iruzkin honi

AHTarekin «aberatsentzako hiria» egin nahi dutela salatu dute Bilboko manifestazioan

BERRIA. Maite Asensio. Bilbo

Herritarrek AHTari buruz informazio gutxi dutela salatu dute, eta «propaganda» egitea egotzi diete gobernuei

Dozenaka lagun elkartu ziren atzo arratsaldean Bilbon, AHT abiadura handiko trenaren kontrako manifestazioan. AHT Gelditu! Elkarlanak deituta, tren azkarra hiriburuetako geltokietara heltzeak eragingo duen «iruzur urbanistikoa» salatu zuten, AHT gelditzen ari gara lelopean. «Txikizioa gelditu!», «Ama Lurra defenda dezagun!», «Presarik gabe, askoz hobe!», «Herria bizirik, AHTrik ez!» eta antzeko aldarriak egin zituzten eta, tarteka, AHTa gelditzearen aldeko abestiek girotu zuten martxa. Mugimendu ekologistako, unibertsitateko, sindikatuetako eta ezker abertzaleko zenbait ordezkarik hartu zuten parte. LAB sindikatuak bere pankarta eraman zuen, Langileok AHTrik ez leloarekin.

Plaza Eliptikotik atera eta Kale Nagusitik abiatu zen manifestazioa. El Corte Ingles merkataritza gunearen parean, ordea, arazoak izan ziren zirkulazio mozketarekin, udaltzainek ez baitzituzten autoak bideetako batetik atera. Edonola ere, hango merkealdian erosketak egiten ari zirenen arreta bereganatu zuten AHTaren kontrako oihuek.

Batzuentzat ezezagunak izango ziren aldarrietan emandako argudioak. Izan ere, AHTari buruzko informazio gutxi dago Bilbon, Elkarlanaren irudiko. Espainiako Gobernuak zein Eusko Jaurlaritzak informazioa «ezkutatzen» dutelako, alde batetik, eta AHTaren «ustezko onuren propaganda» egiten dutelako, bestetik. «AHTak eragingo dituen kalteen berri duen pertsona azpiegituraren aurkari bilakatzen da», esan zuten Elkarlaneko kideek Areatzako kioskoan, manifestazioa amaitu ondoren.

Elkarlanak azaldu zuenez, AHTaren Abandoko geltokia eraikitzeko «izugarrizko iruzur urbanistikoa» egingo dute, «hori bai, tren ekipamenduz mozorroturik». Hiriburuetako geltokiak eraikitzeko garaian ez ezik, etorkizunean ere irabaziak bermatuko dituzte tren azkarra sustatzen duten alderdiek eta enpresek, Elkarlanaren ustez: «Hotelen, luxuzko etxebizitzen edo merkataritza gune handien bidez, aberatsentzako diru publikoz osatutako hiri marko berri bateko ekipamenduak egingo dituzte».

Gainera, obrak egiteko unean, zarata «izugarria» izango dela gogorarazi dute, besteak beste, Abusu, Olabeaga eta Zorrotza auzoetan. Tren azkarra eraikitzeko lanek herritar bakoitzarentzat izango duten kostua ere deitoratu zuten. Horren seinale, emakume batek zeraman kartela: «Krisia? AHTaren dirua gastu sozialera bideratu. 4.900 euro zerga ordaintzaile bakoitzeko». Udan zehar mobilizazio gehiago egingo dituztela iragarri du Elkarlanak

Bestalde, Ekologistak Martxanek gogorarazi du Frantziako Gobernuak tren azkarraren Hendaia-Baiona tartea (Lapurdi) geldiaraztea ebatzi duela: «Erabaki horrek agerian uzten du Euskal Y-aren justifikazio eta errentagarritasun sozioekonomiko eza». Era berean, AHTa Iparraldearekiko eta Europarekiko loturarik gabe geratu izanak «hausnarketa sakona» eskatzen du, ekologisten ustez, baina Jaurlaritzak ez diola horri ekin nahi adierazi dute.

Tranbia, geldi

Bilboko Gazteok taldeak bat egin zuen atzoko manifestazioarekin, AHTa «herritarrei inolako abantailarik ekarriko ez digun makroproiektu elitista eta kapitalismoaren interes ekonomikoei begirako azpiegitura» delakoan. Tren azkarraren «iruzurra» salatzeko, Bilboko tranbia geldiarazi zuten ostiralean, hiriburuaren erdigunean. Tranbiaren aurretik eta atzetik, lurra bota zuten trenbidean eta lore bat landatu. Ondoren, tranbia margotu zuten.

Halaber, Ertzaintzaren «jarrera bortzitza» salatu zuen taldeak. Izan ere, ekintza amaitu eta ordu laurdenera, Bilboko Zazpi Kaleetara abiatu ziren gazteak, eta ertzainak haien atzetik izan zituztela azaldu dute. Bilboko Gazteek adierazitakoaren arabera, tabernetara sartu ziren ertzainak, eta lau lagun identifikatu zituzten.

Etiketa(k):

Erantzun

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
  • Baimendutako HTML markak: <p> <sup> <blockquote> <img> <h1> <h2> <h3> <a> <em> <strong> <cite> <code> <ul> <ol> <li> <dl> <dt> <dd> <br /> <object> <param> <embed> <i> <span>
  • Lineak eta paragrafoak automatikoki egiten dira.

Formatu aukerei buruz informazio gehiago

CAPTCHA
Galdera hau pertsona bat zarela egiaztatzeko da, eta automatikoki sartzen duten Spam-a gelditzeko
                 _                    
| |
_ __ __ __ | |__ ___ _ _
| '__| \ \ / / | '_ \ / __| | | | |
| | \ V / | | | | | (__ | |_| |
|_| \_/ |_| |_| \___| \__,_|

Enter the code depicted in ASCII art style.