BERRIA. Iritzia. Jose Allende. Ekonomia Aplikatuko katedraduna, EHUko irakaslea
Oro har onarturiko kontua da amaitu egin behar dela batik bat errepidean oinarrituriko garraio eredua, eta inork ez du dagoeneko zalantzan jartzen gizarteko biztanle zibil gehien-gehienak halaxe pentsatzen hasiak direla. Europako Batasuneko agirietan ere bide hori jorratzen da gero eta sarriago. Berreskuratu eta berrindartu egin behar da trenbide funtzioaniztuna, atera egin behar da mendez mende jasan izan duen utzikeriatik... Horrek ez du esan nahi, inolaz ere, Euskal Y esaten dioten hori denik hautabide bakarra eta, are gutxiago, hautabiderik onena.
Y hori hiriarteko metro baten baliokidea izango litzateke, hiru geltoki izango lituzkeena, eta lurralde eredu polarizatu bat bultzatuko luke, Euskal Autonomia Erkidegoa metropoli bihurtzea sustatuko luke. Eta, hori, lurralde eredu orekatuagoa eta gizarte aldetik bidezkoago baten kaltetan, zeinaren bitartez sendotu eta indartuko bailirateke eskualdeko hiri nagusiak eta haien ingurumariko hiri zein landa kokagunerik txikienak. Hiriarteko metroaren eredu horrek, egiaz, EAEko hiru hiriburuak sustatuko lituzke, eta Euskal Hiria esaten dioten kontzeptu lauso eta kriptiko horren funtsezko oinarria izango litzateke, zeina gutxi definitua eta bitarikoa baita, aholkulariek eta Eusko Jaurlaritzak hala nahi izan dutelako. Euskadi, hiri handi bat... megahiri bat... Halako lurralde eredu bat nahi al dugu euskaldunok? Nahi al dugu Euskal Herria metropoli eremu handi bat izatea, hiri handi bat, ekonomia hirigune handi bat, landa aldea eta naturako paisaia ingurunea bitxikeria huts bihurtzeraino zokoratuko dituena?
Egia esateko, Euskal Y-ak, baldin eta egiten bada, zeharo baldintzatuko du Euskal Herriko lurralde eredua, edo «herrialde eredua», J. Azua lehendakariordeak azaldu duenez. Eta, hala ere, inoiz ez da inon izan eztabaidarik txikiena ere, ez eta inolako alderatzatze zorrotz, arrazoitu eta demokratikorik ere, euskaldunok nahi dugun lurralde ereduaren inguruan. Begien bistakoa da erabat bestelako lurralde eredu bat eratuko litzatekeela trenbide eredu konbentzional, moderno, arin bat eta abiadura neurritsukoa bultzatuko bagenu, alegia bide zabalera europarra -edo «Brava» Bogie teknologia- erabilita, ahal den heinean lehendiko ibilbideak errespetatuta eta berreskuratuta, ibilbide zati batzuk hobetuta eta beste batzuk egokituta eta, tokian-tokian, lehendiko AHTri berari lotuta.
Argi eta garbi, proposamen arrazoizko horretan, hautazko trenbide batzuk landu beharko lirateke - Euskal Y ere barnean hartuko luke-; eta, gero, behin xedeak, helburuak eta irizpideak definituta, ebaluatu egin beharko lirateke; eta, azkenik, behin horiek jendaurrean eta Eusko Legebiltzarrean behar bezala eta modu demokratikoan azaldu, eztabaidatu eta alderatuta, erabaki adostu eta zuzenetsi bat hartu beharko lukete. Ez da halako ezertxo ere egin, ordea, eta, beraz, esan daiteke demokraziaren aurka inposaturiko proiektu bat dela Euskal Y, 2008ko Europan nekez aldezteko modukoa. Hori eraikitzen hasi ahal izateko jorraturiko jardunbidea, berriz, ezin zurituzkoa da demokrazia aldetik, eta, hori gutxi balitz bezala, erakundeek zera diote: «obra hori atzerakorik gabekoa» dela. «Urrats garrantzitsua da, oso, herrialdearen bizkarrezurra egituratu ahal izateko» (Nuria Lopez de Gereñu. El Correo, 2007/12/23).
Ez al dago bestelako hautabiderik? Eta salgaiak, zer?
Oro har, badirudi onartzen dela trenbideak bertan behera utzita egon direla azken urteetan, modu «ezin ulertuzkoan». Kontu onartua da, halaber, inbertsio eta hobekuntza sendoak egin beharra dagoela bai eskualde barneko sareetan bai eskualde artekoetan (aldirietakoetan), iraunkortasuna hartuta paradigma berritzat. Abiadura handiko trenak, baina, atzerakorik gabekoa dirudi Europan. Askok gaitzetsi egiten dute Euskal Y, baina nahitaezkoa iruditzen zaie AHTri lotzea, behin Europako gainerako lurraldeetako bide zabalerak ekarri duen muga teknologikoa gaindituta. Egoera hori ikusirik, gaur egungo Euskal Y proiektuak, Euskal Y esaten dioten horrek, bestelako hautabideak eztabaidatu, alderatu eta ebaluatzen ez dituenez gero, inposizio bat dakar, ezin zurituzkoa. Azken erabakia hartu aurretik, bada, sakonki eztabaidatu eta definitu beharko lituzkete, batetik, hiri kokaguneen batasunerako proposaturiko lurralde eredua, eta, bestetik, eskualdeek eta kokagune ertainek zein txikiek Euskal Herrian bete beharko luketen egitekoa.
Euskal Y egituratzeko AHTren proiektu hori, gainera, ez dago inolaz ere pentsatua salgaien garraiorako. Abiadura handia ez dago salgaietarako pentsatua, eta, are gutxiago, hain distantzia laburretarako. Honela esan du Michael Van Den Heuvel-ek, logistika intermodalean adituak eta Transfenica konpainiako zuzendari nagusi ere badenak --konpainia horrek ustiatzen du Bilbo-Brujas itsas linea--: «Zalantza egiazkoak ditut salgaientzako garraiobidea izan ote daitekeen AHT. Aldiz, uste dut trenbideetako abiadura handia ez dagoela pentsatua salgaien garraiorako» (El País, 2008-02-27). Europako bide zabalera lukeen trenbide konbentzional batekin, berriz, aiseago, seguruago, eta modu eraginkorrago, ekonomikoago eta aniztunago batean konponduko genuke Espainiaren eta Europaren arteko salgaien garraioa. Gaur egun, dagoeneko eraikitzen ari dira Bilboko Portuaren hegoaldeko saihesbide trenbidezkoa, Europako bide zabalera izango duena, eta portua eta haren inguruko logistika plataforma faraonikoak elkar lotuko dituena... Egoera halakoa izanik, esan ote liteke Euskal Y proiektuak salgaien arazoa konpondu ahal izango duenik?
Laburbildurik, bada, zilegi da gizarteko sektore jakin batek arbuio erabatekoa agertzea Euskal Y horri, bai eta abiadura handiko trenbideko lineei ere. Sektore horrek, baina, ez dio trenik ez!, inondik inora ere. Bestalde, sektore handi bat, zilegizkotasun berberaz, Euskadin AHTren proiektu jakin bat inposatzearen aurka dago. Orain arteko jardunbidearen aurka ageri da, eta gailen den autoritarismoaren aurka. Ez batzuk ez besteak ez daude trenbide sare moderno, konbentzional, aniztun eta goi mailako prestazioak ematen dituen baten aurka, aldez aurretik eztabaidatu eta adosturiko lurralde eredu bat egituratu ahal izateko modua ekarriko duenaren aurka; guztiz alderantziz baizik. Azkenik, bada beste gizarte sektore bat, gainerakoek besteko zilegitasuna duena eta dioena AHT eta Euskal Y hori direla «hautabide bakarra, trena bere bakartze utzikeriazkotik ateratzeko». Ordea, ez da inolaz ere onargarria, ez eta demokratikoa ere, Administrazioak berak honelakoak esatea: «Aurkariak aurkari, egin egingo da Euskal Y» (Victor Morlan, Azpiegituretako estatu idazkaria; El País, 2008-02-27).
(Erredakzioan itzulia)
Azken iruzkinak
duela 28 aste 2 egun
duela 28 aste 2 egun
duela 35 aste 3 egun
duela 46 aste 19 ordu
duela 46 aste 5 egun
duela 50 aste egun 1
duela 50 aste 3 egun
duela urte 1 4 aste
duela urte 1 7 aste
duela urte 1 11 aste